Nekaezin zuzenbidearen esparruan

Andreek zuzenbidean temaz lortu dute beren tokia. Orain 50 urte, emakume gutxi batzuk zeuden; gaur egun, berriz, gehiengoa dira. Bizkaiko hiru legelarik azken hamarkadetako aurrerapausoak aletu dituzte Bilbon.

Adela Asua Batarrita, Reyes Goenaga Olaizola, Maite Portus Saratxo eta Ines Pellon Gonzalez Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan, otsailaren 11n. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Adela Asua Batarrita, Reyes Goenaga Olaizola, Maite Portus Saratxo eta Ines Pellon Gonzalez, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan, otsailaren 11n. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Argi dute egoerak hobera egin duela berdintasunerantz, nahiz eta badauden gainditu beharreko oztopoak eta jasan beharreko bidegabekeriak. Haien ibilbide profesionalean atzera begiratuta, ordea, ondorio itxaropentsuak atera dituzte Adela Asua Batarrita EHUko Zigor Zuzenbideko katedradun eta Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratu ohiak, Reyes Goenaga Olaizola Bizkaiko Probintzia Auzitegiko presidenteak eta Maite Portus Saratxo Familia Zuzenbidean espezializatutako abokatuak. Asuak, esaterako, 1971n bukatu zuen Zuzenbideko lizentzia, hau da, diktadura garaian. «Mende erdi bat geroago, egoera erabat desberdina da. Gauzak aldatu dira eta, beraz, alda litezke», katedradunaren esanetan. Bizipenak kontatu zituzten Asuak, Goenagak eta Portusek Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Bilbon antolatutako mahai inguru batean, otsailaren 11n. EHUko irakasle Ines Pellon Gonzalezek gidatu zuen solasaldia.

XX. mendearen hasierako hamarkadara arte, andreek debekatua zuten zuzenbidea ikastea eta hartan jardutea, eta aurreneko legelariek ere kostatuta urratu zuten bidea. Victoria Uribe Laso izan zen Bizkaiko lehen emakumezko abokatua. 1936an egin zen elkargoko kide, eta urtebete geroago egotzi zuten elkargotik, arrazoi ideologikoengatik. 1943an egin zen elkargoko kide bigarrena, Leonor Oleaga. Ia mende laurden geroago, Asua Zuzenbide ikasketak egiten hasi zenean Bilboko Deustuko Unibertsitatean, ikasle gutxi batzuk ziren artean andrazkoak: hamar emakume ziren, eta berrehun gizon. «Ez zegoen gure arteko tentsiorik, enpatia zegoen, alaitasuna... Gutxiengoa ginen, ez ginen konpetentzia», oroitu du katedradunak.

«Geure aurretik egon zirenen presentziaren, erreferentziaren eta eraikuntzen ondoriozkoa da gaur daukaguna. Emakume bat sartzen denean, errazagoa da gainerakoak sartzea»

ADELA ASUA BATARRITAEHUko Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratu ohia

Gogoan du oso bestelako helburuak zituztela: emakumeak jakin-minez aritzen ziren, eta gizonek, aldiz, zuzenbidearen elitera heltzea zuten helburu, eta proiekzio sozial eta ekonomikoa nahi zuten. Baina anbizioa gorabehera, ibilbide profesional emankorra izan dute hamar andre horietako zenbaitek, Asuak aletu duenez: 1980ko urteetan abortatzeagatik epaitutako Basauriko 11 andreen abokatuetako bat izan zen Mertxe Abundez; Begoña Crespo arduratu zen hirigintza kontuez Ria 2000 proiektuan; eta Marijose Virto Larruskain izan zen Deustuko Unibertsitatean kontratu bat erdietsi zuen aurreneko emakumea. «Geure aurretik egon zirenen presentziaren, erreferentziaren eta eraikuntzen ondoriozkoa da gaur daukaguna», Asuaren berbetan. «Emakume bat sartzen denean, errazagoa da gainerakoak sartzea, soka bat balitz bezala».

Zuzenbidea, andreen kontua

Orain, emakumeak gehiengoa dira Zuzenbide ikasketetan. Baita lantokietan ere. «Zuzenbidea femeninoa da», Goenagaren arabera. Datuei erreparatzea baino ez dago. 2024an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako epaileen eta magistratuen %62,5 emakumezkoak ziren. Eta adin tarteei begiratuta, nabarmena da goranzko joera: izan ere, 60 eta 70 urtekoen artean, %49 dira; 20-50 urtekoen artean, %70,8; eta 20 eta 30 urtekoen artean, epaile eta magistratuen %85,7 dira andreak.

Alabaina, proportzioa irauli egiten da hautazko izendapenetan, Goenagak ohartarazi duenez: gizonak %80 dira. «Hirugarren saiakeran aukeratu ninduten Bizkaiko Probintzia Auzitegiko presidente», aipatu du adibide moduan. Hainbat arrazoi ikusten ditu egoera horren atzean. Lehenik eta behin, denbora falta, andreek, besteak beste, denbora gehiago eskaintzen dietelako zaintza lanei eta etxeko beharrei. «Gizonak, orokorrean, gehiago fokalizatzen dira beren lanean. Hautazko izendapenetara aurkezten diren lankide gizonezkoek eginak dituzte tesiak, lanak, kurtso mordo batera joan dira... Emakumeok, orokorrean, ez dugu astirik hori dena egiteko».

«Hautazko izendapenetara aurkezten diren lankide gizonezkoek eginak dituzte tesiak, lanak, kurtso mordo batera joan dira... Emakumeok ez dugu astirik hori dena egiteko»

REYES GOENAGA OLAIZOLABizkaiko Probintzia Auzitegiko presidentea

Halaber, aukeratzeko sistema deitoratu du Goenagak. «Funtsean, erakunde judizialek erabakitzen dute». Eta magistratuen %50 ez dira erakundeetako kide, argitu duenez. Hala, kide ez den emakume batentzat «ia ezinezkoa» da hautatua izatea, eta, epailearen irudiko, erakunderen bateko kide direnek ere gaitz izango dute, haietan gizonak gailentzen baitira. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia lanean ari da izendapenotarako beste irizpide batzuk ezartzeko. «Honako hau planteatzen ari dira: bakoitzaren meritu jurisdikzionalak aztertzea nagusiki —hau da, epaile gisa egindako ibilbidea—, eta, azkenik, tesiak eta bestelako lan horiek aintzat hartzea».

Horrez gain, abuztuan onartutako lege organiko batek ezarri du sektore publikoan andreen eta gizonen ordezkaritza parekidea egon behar dela: orain, hautazko izendapenetan, sexu berekoak ezin dira izan %60 baino gehiago.

Kontziliatu beharra

Goenagak 1988an ekin zion ibilbide profesionalari, eta, ordurako, Asuaren belaunaldiaz bestelako aldarte bat zegoen hedatua emakume legelarien artean. «Jada ez geneukan borrokatu behar zelako kontzientzia», epailearen hitzetan. «Inoiz ez nuen planteatu ezin nezakeenik nahi nuena egin, eta are gutxiago funtzio publiko baterako aukera banuen». Uste du bere jarduna ez dela zalantzan jarria izan, oro har; batik bat, epailearen figurak eragiten duen errespetuagatik. «Toga janzten duzunetik, autoritatea zeureganatzen duzu».

datuak

1936

Noiz egin zen elkargoko kide aurreneko andrea 1936an egin zen elkargoko kide Bizkaiko lehen emakume legelaria: Victoria Uribe Laso. Urtebete geroago, elkargotik bota egin zuten, arrazoi ideologikoengatik.

%62,5

Emakumezko epaileak Bizkaian 2024ko datuen arabera, Bizkaiko epaileen artean andrazkoak gehiengoa dira: %62,5. Adin tarteei erreparatuta, agerikoa da hazkunderako joera: 20 eta 30 urtekoen artean, %85,7 dira emakumeak; 60 eta 70 urtekoen artean, %49.

Eta, hala ere, Goenagak badu anekdota mikatzen bat edo beste. Gernika-Lumoko epaitegian, 24 urte zituela eta haren lehen lanegunean, epaile ordezkaria haren ondoan kokatu zen, iruditu baitzitzaion Goenagak laguntza beharko zuela. Oroitzapena azaltzean barre egin du, baina badira urteak pasatuagatik graziarik egiten ez dioten gertakariak ere. Behin, gizonezko lankide batek esan zion berak ez zuela inoiz edukiko haien mailarik, seme-alabak zituelako. «Injustua zela iruditu zitzaidan, eta gezur bat. Hiru seme-alaba ditut, eta horrek ez dio nire lanari kalterik egin, ezta nire andrazko lankideenari ere».

Ez da beharrerako galga, baina amatasuna bada profesionalentzako buruhaustea. Horrenbestez, Portusek txalotu egin du kontziliazioa hobetzeko azken urteetan hartutako neurriak. Portus 1993an hasi zen lanean, eta, 1995ean, bulego propioa zabaldu zuen —banaketetan eta dibortzio prozesuetan aritzen da batez ere—. Hala, 30 bat urte daramatza beregain lan egiten. «Ñabardura inportantea da», azpimarratu du. 2000. urtean izan zuen aurreneko semea, eta lau urtean hiru seme-alaba eduki zituen. Lanean jarraitu zuen, halere. «Ezin gara desagertu, bezeroak ezin baitituzu laga, ezta hilabete batzuetarako ere». Garai hartan, beregain lan egiten zuten abokatuak mutualitatera baino ezin ziren lotu. «Ama abokatu mutualista batek ez du amatasun baimena hartzeko eskubiderik. Osakidetzakoek edo aseguru pribatukoek eman diezazukete, baina soilik osasun arrazoiengatik». Mutualitateak kalte ordain bat eskaintzen du erditzeagatik: gaur egun, 3.600 euro inguru dira erditze bakoitzeko, Portusen arabera.

«2023ra arte, auzi saio bat bertan behera uztea eska zezakeen ama zen andre abokatu batek, baina erabakia tribunalaren gain zegoen»

MAITE PORTUS SARATXOFamilia Zuzenbidean espezializatutako abokatua

Alde horretatik ere hobera egin du egoerak, abokatuaren ustez. Orain, beregain lan egiten duen abokatu bat autonomoen erregimenean egon daiteke, eta, hortaz, soldatapeko behargin baten prestazio berberak eskura ditzake, xehatu duenez. «Babesa eta prestazioak askoz hobeak dira». Bidea lautzen ari da poliki-poliki. «Lehen, auzi saio bat bertan behera uztea eska zezakeen ama zen andre abokatu batek, baina erabakia tribunalaren gain zegoen. 2023tik aurrera, haur baten jaiotza edota zaintza arrazoi dira auzi saio bat bertan behera uzteko». Horrez gain, iruditzen zaio aitak gero eta gehiago ari direla dagokien ardura hartzen. «Bulegoan ikusten dut: orain, gizon askok eta askok nahi dute zaintza partekatua».

Badaude erronkak, edozelan ere, indarrean segitzen dutelako genero rolek eta alborapenek, kasu baterako. «Arlo askotan, oraindik uste dute emakume bat ez dela gai lider gisa eta autoritatez jarduteko», txarretsi du Portusek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.