Artista

Irati Inoriza: «Naturatik aldendu gara, baina euskal kultura naturara lotuta egon da beti»

Azken lau urteetan, material, metafora eta sinbolo gisa erabili du ura Irati Inorizak bere jardunean. ‘Blai’ argazki liburuan jaso du estudioko esperientzia.

Irati Inoriza, aurtengo argazki batean. ANDREA DIEGO
Irati Inoriza, aurtengo argazki batean. ANDREA DIEGO
amaia igartua aristondo
2025eko martxoaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urak bustitzen du Irati Inoriza artistaren (Balmaseda, 1992) jarduna. Eta urak bustitzen du, orobat, haren Blai argazki liburua. Azken lau urteetako prozesu artistikoa dokumentatzen duten irudiak jaso ditu hartan, eta Caterina Avataneo, Pilar Soler, Carolina Jimenez eta Zeynep Kubat komisarioen testuekin borobildu du lana. «Deserosotasunaren eraginez sortzen dut. Esperientziak jasotzen ditut, eta esperientziak sortzen ditut estudioan», laburbildu du Inorizak. Argitalpenak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du.

Prozesu artistikoari aitortza egiteko modu bat da Blai liburua?

Oso aukera polita izan da azken urte hauetan egin dudan lanari elkarrekin begiratzeko. Testuak idatzi dituzten komisarioak aurretik ezagutzen nituen, eta nire lana berriro ikusi dut haiekin. Berrikusketan konturatu naiz —eta horregatik deitzen da Blai—, azken lau urteetan ura beti egon dela hor: material moduan, metafora moduan eta sinbolo moduan. Azken urteetan, Astrida Neimanis Australiako filosofoaren lanak irakurri ditut. Neimanisek dio gorputz oro ura dela, eta, beraz, munduko gorputz guztiak lotuta gaudela, harremanetan gaudela. Zygmunt Baumanek ere gizarte likidoaz idatzi zuen... Liburu eta pentsamendu horiek eragina izan dute nigan, artea egiteko orduan.

Prozesu artistikoan gertatu den baina ezkutuan geratzen den hori erakusteko modu bat ere bada?

Ahalegindu naiz prozesuaren argazkiak batzen, estudioko esperientzia ikus dadin. Eta jasota dago Carolina Jimenezekin izandako solasaldi oso luze bat ere; aurretik inoiz kontatu gabeko gauzak kontatzen ditut, lan metodologiaren inguruko hausnarketak, munduan dudan posizio politikoa eta beste erabaki batzuk...

Neimanisengandik hidrofeminismo kontzeptua hartu duzu, zehazki. Nola aplikatzen duzu zure jardunean?

Niretzat, naturarekin bat garela pentsatzea da hidrofeminismoa. Materialen sailkapenean aplikatzen dut.

Gorputza eta ura ere erlazionatzen dituzu...

Bai, nire gorputzaren bidez artea egiten dut eta. Orduan, gorputza medioa da beti. Sorgin gurpil bat da: gorputza ura bada, nola bereizi ura eta gorputza?

«Soinua eta usaina oso inportanteak dira beti, eremu oso jakin batean murgil zaitezen eragiten dute eta»

2020an gertatu zen aldaketa. Pandemia garaian deskubritu zenuen urarekiko lotura hori.

Hala da. Garai hartan, Balmasedan bizi nintzen. Etxetik kilometro batera soilik joan ahal ginen, eta ibaira joaten nintzen. Urteak ziren ez nintzela horrela egoten, ibaiaren ondoan geldirik eta pentsatzen. Halakoetan, gogoratzen nintzen txikitan nola ibiltzen nintzen lagunekin eta familiarekin laminaren bila...

Beste material batzuk erabiltzen ere hasi zinen. Zelakoa izan zen aldaketa?

Oso organikoa. Garai hartan, ez genekien zer gertatuko zen munduan, eta buztinarekin zeramikak egiten hasi nintzen, material hori baineukan ibaian. Eskura neukan horrekin egiten nuen lan.

Uraren soinua ere erabili izan duzu zure instalazio batzuetan. Soinuak zer ekarpen egiten dio lan plastikoari?

Soinua eta usaina oso inportanteak dira beti, eremu oso jakin batean murgil zaitezen eragiten dute eta.

Gizarteari eta testuinguruari lotutako ezinegon batetik abiatuz sortzen da zure lana.

Zalantzan ipintzen dut oinordetzan jaso dugun egitura soziala. Neure buruari galdetzen diot ea zergatik onartu behar ditugun jada emanda datozkigun gauzak, zergatik eman zaizkigun... Naturara jotzearekin batera sortu diren analisiak eta esperientziak dira. Kasu honetan, antropozentrismotik atera naiz apur bat, eta kontzienteago izan naiz naturarekin dugun erlazioaz.

Natura oinordetzan jasotakoaren kontra doa, nolabait?

Uste dut naturatik aldendu garela, baina euskal kultura naturara oso lotuta egon da beti. Mitologiaz hitz egitean, amamak kontatu izan dizkidan gauzetan, oso presente egon dira beti paisaia eta natura. Baina uste dut pandemia ostean itzuli egin garela, hein batean: pentsamendu ekologikoa berreskuratu dugu, klima aldaketarekin zer egiten ari garen hausnartu... Nire lanak ez du klima larrialdia adierazten, baina buruan ditut kontu horiek.

«Oso interesgarria egiten zait etenaldirako eta hausnarketarako espazioak sortzea, murgiltzeko espazioak»

Aintzat hartuta zuk lantzen dituzun diziplinetako bat performancea dela, ekintzak zer garrantzi du prozesu artistikoan?

Nire lan osoa mugitzen ari den gorputz batetik abiatzen da, mugitzen ari den gorputz bat naiz eta. Hori jotzen dut ekintza primariotzat: nire gorputza, kanpoan dagoenarekin harremanetan.

Askotariko diziplinak jorratzen dituzu: performenceaz gain, eskultura, argazkilaritza, soinua... Nola uztartzen dituzu guztiak?

Ez dut erabakitzen zein diziplinarekin ikertuko dudan. Baina egia da instalazioak egiten ditudala beti: oso interesgarria egiten zait etenaldirako eta hausnarketarako espazioak sortzea, murgiltzeko espazioak.

Instalazio batean garrantzia dute, halaber, bisitariaren gorputzaren mugimenduek.

Bai, erabat. Instalazioetan pentsatzen dudanean, beti pentsatzen dut zer-nolako koreografiak egingo dituen ikusleak espazio horretan, eta nola aurre egingo dien piezei.

Urari lotuta egon gura duzu aurrerantzean ere?

Ez dut erabakitzen material bat erabiltzeari uztea; esperimentatu egiten dut, eta, bat-batean, konturatzen naiz ia urtebetez ibili naizela soilik landareekin lan egiten. Prozesuak eraman nazala uzten dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.