Jone Larrinaga Danobeitia

Nahita edo nahi gabe ahaztea

2024ko urriaren 11
05:00
Entzun

Atea giltzaz itxita dago? Non aparkatu nuen kotxea? Deitu diezaiokegu azkar joateak eragindako despiste, deitu diezaiokegu alzheimer hastapen.

Euskal Herrian, 53.000 pertsonatik gora dira dementziak jota daudenak. Dementzia, eta alzheimerra bereziki, dependentzia maila handieneko desgaitasuna da. Garrantzi handirik gabeko kontuak atzenduko dituzu hasieran eta janaria nola irentsi ahazteraino hel zaitezke bukaerarako. Ziur zure inguruko norbait hurbiletik zeharkatu duen gaia dela, zeuri kamioia bide gainetik pasatzen den antzera pasatu ez bazaizu. Kamioikada bete erremedio dira, baita adituek gaitz hau saihesteko proposatutakoak ere: bizitza aktiboa mantentzea, ondo lo egin eta elikatzea...

Gai serioa da, badakit. Kontua da gure bizitza azkarregi doalako, ez ote gauden denok pixka bat dementziak jota aspaldian. Guri zuzenean eragiten ez diguten gatazkak atzenduko ditugu hasieran eta gu zapaltzen ari direnean kontziente ez izateraino hel gaitezke bukaerarako. Ziur zure inguruko norbait hurbiletik zeharkatzen duen gatazkarik badela, zu ere ez zara hain pribilegioduna eta seguru kamioia bide gainetik pasatzen den antzera zapaltzen zaituenik badela. Erremedioak itxura ezberdina har dezake kasu honetan, baina bakarra da: altxatu eta aldaketa bilatzea.

Bihar, urriaren 12a, normalean lan eguna niretzat. Harro entzungo ninduzuen jai egun arrotzei planto egin behar zaiela esaten, barrutik nire inguruko guztiek jai izateak zenbateraino gogaitu nauen onartu gabe. Nahita ahaztu izan dut horrelakoetan Hispanitatearen Eguna dela nire ingurukoak jai izatera eraman dituena. Nahita ahaztu izan dut Euskal Herria bi estaturen menpe bizi dela.

Ez delako gauza bera dementziak jota egotea edo lozorroan geratzea, beste batek gu noiz zainduko zain

Datorren astean, urriaren 19a, Gernikako Pasilekuan Guggenheim Urdaibai STOP plataformak altxatuko du ahotsa herriarekin kontatu gabe martxan jarri nahi den proiektu bat geldiarazteko. Garapenaren izenean poltsikoak museoaren bizkar beteko dituztenek nahita atzenduko dute zein den ideia hau egikaritzearen B aldea. Nahita atzenduko dute bertako bizilagunek proiektuaren gaineko zehaztasunak jakiteko egindako deiadarra.

Hor dago, nire ustez, gakoa, ez dela gauza bera nahita edo nahi gabe ahaztea.

Ekainean joan zen gure amama, azken hamar urteak alzheimerrarekin pasatu ostean. Bukaerarako, altxatu edo postura aldatzea ezinezkoak ziren harentzat; eta horregatik, hurbilekoen laguntzaz egin zituen egunak eroso eta eramangarriago. Gura edo ez, ez zen gauza oinarrizkoak oroitzeko gai.

Baina zer egin behar dugu bizitzak irentsi gaituelako oinarrizko kontuak nahita ahazten ari garenokin? Egunak guztiontzako eroso eta eramangarriago izan daitezen, ahanzturak jota dagoen bizilaguna informatzera animatzen zaituztet, gai batzuk arrotz izan ez daitezen kaleak aldarriz betetzera, norbere pribilegioak errebisatu eta guztiontzako eskubide izan daitezen altxatu edo gure jarrerak aldatzera... Ez delako gauza bera dementziak jota egotea edo lozorroan geratzea, beste batek gu noiz zainduko zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.