Ez da gauza bera ikustea museo bateko bilduma, erakusketa jakin bat, edo pieza bakar bat akaso norberaren ezagutzak eta liluratzeko gaitasunak egin dezakeen ekarpenarekin, edo, kontrara, beste baten azalpenekin osatuta. Eta ez da gauza bera azalpen horiek kantutan jasotzen badira, esaldi neurtutan, errimaz hornituak. Euskararen Egunaren harira, Bilboko Euskararen Etxeak Gida Bira egitasmoa antolatu du, hirugarrenez, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen museoetan eta aretoetan. Gaurtik asteartera bitartean, hamasei bertsolari entzuteko aukera izango da Bizkaiko hamar lekutan.
Oinarria uztarketa bat da, Iurdana Akakuso Bilboko Euskararen Etxeko zuzendariaren arabera. «Ondare materialak eta immaterialak bat egingo dute». Eta nahasketa pizgarri bat da bai bertsolarientzat, baita ikusleentzat ere, Enare Muniategi bertsolariaren irudiko: «Igual, bariku batean herriko museora joan ohi ez den batentzat, aitzakia izan daiteke, beste elementu bat eskaintzen dio».
«Igual, bariku batean herriko museora joan ohi ez den batentzat, Gida Bira aitzakia izan daiteke, beste elementu bat eskaintzen dio»
ENARE MUNIATEGIBertsolaria
Ohiko bisita gidatuen aldean bestelakoa izango dira Gida Birako jarduerak, baina, edonola ere, tokian tokiko bildumek eta erakusketek baldintzatu egingo dute bertsolarien jarduna, ezinbestean. «Espazioak berak emango digu jarraitu beharreko haria», esan du Xabat Galletebeitia bertsolariak. «Beste edozein herritara edo bertso poteotara joaten garenean ibilbidean zehar topatzen ditugun elementuekin jokatzen dugun moduan, museoan ere gauza bera egin beharko dugu: espazioak ematen dizkigun elementuak erabili, edo ez, baina haietara egokitu».
Jendeak ere saioa baldintzatuko duela uste dute bi bertsolariek. Gidaren azalpenek ere lagunduko diete bertsoetan nondik jo hautatzen, eta giroa erabakigarria izango da, halaber, Muniategik aurreikusi duenez: jende kopurua, herrikoak diren edo ez... Dena den, aldez aurreko lanketa bat eginda joango dira. Muniategi, esaterako, Bermeoko Arrantzaleen Museoan egongo da gaur. Beraz, museoaren inguruko informazioa bilatu du, bildumaren nondik norakoak, begiratu du ea istorioren bat baliatu dezakeen saioari sakontasuna emateko... Hainbat gako apuntatuta eramango ditu, badaezpada.
1
Gaur, portuaren geruzak
Hala, Bermeoko Arrantzaleen Museoan izango da aurtengo Gida Biraren aurreneko geldialdia, gaur, 18:00etan. Muniategik eta Ander Elortegik orain ikusgai dagoen aldi baterako erakusketa izango dute hizpide: Bermeo Portu Zaharra 1877-2024. 34 argazkiz osatutako bilduma horrek herriko portuaren bilakaera erakusten du. Hasieran, Europako portu garrantzitsuekin izandako merkataritza harremanengatik nabarmendu zen. XIX. eta XX. mendeetan, arrantzak bildu zuen garrantzia; batik bat, Gaztelako merkataritza Bilboko portura desbideratu zenetik. Eta azken hamarkadetan, kirol portu moderno eta herriko gune neuralgiko ere bilakatu da eremua, erakusketaren antolatzaileen arabera. Iñaki Markaidak egin ditu argazkien bilaketa, hautaketa eta zaharberritze lanak.
2
Bihar, neandertalak eta euskara
Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentro berrituko edukien inguruan abestuko dute bihar Maite Sarasolak eta Xabat Galletebeitiak, 12:00etan.
Eta historian atzera egingo dute Iruri Altzerreka eta Gorka Pagonabarraga bertsolariek 17:00etan. Hain justu, hezurretan topatutako zantzuetan bermatuko dira Neandertalak. Mendebaldeko beste gizateriaren historia erakusketa esplikatzeko, Bilboko Arkeologi Museoan. Euskal Herria osatzen duten lurraldeetan bizi ziren neandertalez mintzo da erakusketa, eta xehatzen ditu haien biologia, bizimoduak, bilakaera eta desagerpena, baita haien garaiko klima, flora eta fauna ere. Kanboko (Lapurdi) Abri Olha eta Karrantzako Ventalaperra aztarnategiekin abiatzen da erakusketa, eta, besteak beste, Andere Bizkaiko neandertalik zaharrenaren hezur batzuk ere jaso dituzte; zehazki, burezurra eta erradioa.
3
Etzi, lantegiak eta leizeak
Larunbatean batuko dira Gida Birako saio gehienak. Muskizko El Pobaleko Burdinola ezagutu ahalko da Iruri Altzerrekaren eskutik, 11:30ean. Gero, 12:00etan, Koldo Gezuraga eta Izaro Bilbao ariko dira bertsotan, Balmasedako La Encartada Fabrika-museoan, Pieza bat, istorio bat: Oihal ebakitzailea aldi baterako erakusketaren inguruan. Oihal ebakitzailea XX. mendearen hasieran heldu zen fabrikara, eta artilezko oihalak garbitzeko, ileak ateratzeko, ebakitzeko, tolesteko eta konprimatzeko prozesuak arinago eta eraginkorrago egin zitezen ahalbidetu zuen. Zaharberritu ostean, lehengo tokian ipini dute ikusgai.
Kortezubiko Santimamiñe koben nondik norakoak aletuko dituzte Aissa Intxaustik eta Aitor Etxebarriazarragak, 12:00etan. Ordu berean, Bakioko Txakolingunea ezagutzeko aukera izango da Jone Larrinagarekin eta Asier Galarzarekin. Eta Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan zarratuko da eguna. Museoko bildumak askotariko gaiez mintzatzeko abagunea emango die; esate baterako, Euskal Herriko bilakaera historikoa eta egungo egitura politikoa eragin zuten gertakariak jasotzen dira lehenengo solairuan, eta, bigarrenean, kirola, sinesmenak, dantzak, musika, gastronomia eta bestelako adierazpen kulturalak ageri dira.
4
Asteartea, Abaituaren begiradatik
Asteartea, Abaituaren begiradatik
Asteartean, 11:30ean, Xabat Galletebeitia eta Ane Labaka bertsolariek Bilbon dagoen Bizkaiko Foru Jauregian kantatuko dute. Eta, 18:00etan, Maite Sarasolak eta Eneko Abasolo Abarkas-ek Bilboko Ondare aretoko bisita gidatuko dute, Kameratik Orratzera erakusketarena. Eulalia Abaituaren argazkietan oinarrituta, XIX. eta XX. mendeko andreen janzkera xehatu dute Aloña Intxaurrandieta eta Nekane Madariaga komisarioek. Irudiok ageri dira, baita haiek inspiratuta propio taxututako jantziak ere, hala beharrerako erabiltzen zituzten sinpleagoak, nola jai giroko soineko koloretsu eta hornituagoak. Kotoizko oihalen hedapenak ekarri zituen eraldaketak ere aletzen dira erakusketan.