Urtarrilaren 27an, M23 Martxoak 23 mugimenduko matxinoek Kongoko Errepublika Demokratiko ekialdeko Goma hiria hartu zuten, eta, ondorioz, berpiztu egin da urte luzez iraun duen gerra bat: dagoeneko hamar milioi herritar hil dira gatazkaren ondorioz, eta, azken asteetan, 3.000 lagun hil dituzte, eta 500.000k alde egin behar izan dute. Tosalisana elkarteko Kosi Kuebok antolatuta, Bizkaian eta inguruan bizi diren dozenaka kongoarrek manifestazioa egin zuten Bilbon joan den barikuan, gerra buka dadila eskatzeko. Gaur, elkarretaratze bat egingo dute hiriburuko Moiua plazan, 16:30etik 18:30era. «Bakea, justizia eta erreparazioa nahi ditugu. Nork konponduko du urte luze hauetan eragindako mina?», aldarrikatu du Marie Lucia Monshenekek (Kinshasa), Famek Kongoko eta Euskal Herriko emakumeen elkarteko presidenteak.
Zein da Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazkaren jatorria?
Kongoko Errepublika Demokratikoak urteak daramatza inposatutako gerra bat pairatzen, elektronika garatzeko estrategikoak diren baliabideak baititu. Ruandako hutuen eta tutsien arteko gatazkara egin dezakegu atzera [1994]: hutuek boterea bereganatu zutenean, tutsiak Kongon errefuxiatu ziren, eta ruandarrek gerra bat hasi zuten Kongo ekialdean, justu aberastasun horiek guztiak dauden eremuan. Batzuetan, gatazka isildu egiten da, su etena dago, eta bizitzari berriz ekiten zaio; baina indarkeria itzuli egiten da ziklikoki.
Zerk berpiztu du gatazka orain?
Betiko interesek, eta sinatu dituzten hitzarmenek. Izan ere, bai multinazionalek bai Kongoko materialak behar dituzten beste guztiek ez dute ustiapena Kongorekin adosten, baizik eta Ruandarekin. Munduko liderrak izan nahi dute teknologian, adimen artifizialean, auto elektrikoetan... pertsona askoren bizitzaren truke.
Nazioarteko potentziak dira Kongoko meatzeen jabeak: Mendebaldea, Txina... Horiek zer interes dute gerran?
Hitzarmenak Ruandarekin sinatzen badira, baliabideak ostu egin behar dira, eta, horretarako, gerra bat behar dute, azken helburua lurraldea okupatzea baita. NBEko Segurtasun Kontseiluan gertatutakoa txalotzen dugu, hamabost herrialdek Ruanda kondenatu baitute. Urrats bat da, baina gero ez badira neurri konkretuak hartzen, hitzak baino ez dira izango. Gauzak mugitzen ari dira: Afrikako Batasunaren goi bileran ere salatu egin zuten egoera. Dena den, kongoarrok ez dugu arazorik ruandarrekin, baizik eta hango presidente Paul Kagameren politikarekin.
«Batzuetan, gatazka isildu egiten da, su etena dago, eta bizitzari berriz ekiten zaio; baina indarkeria itzuli egiten da ziklikoki»
Zer-nolako neurriak har daitezke?
Europako Kontseiluak diru laguntzak ken diezazkioke Ruandari, eta bertan behera utz dezake ofizialki iazko otsailean lehengaien inguruan sinatutako akordioa.
Bortxaketak salatu dituzue. Eta, berriki, UNICEFek jakinarazi du inoiz baino adingabe gehiago ari direla indarkeria sexuala sufritzen. Gerra hau bereziki krudela izaten ari da emakumeekin eta haurrekin?
Noski. Emakumea komunitatearen sinboloa da; beraz, emakumea suntsitzen dute herrialdea suntsitzeko. Asteon, bake erraztaile izendatu dituzte Kenyako presidente ohi Uhuru Kenyatta, Nigeriako presidente ohi Olusegun Obasanjo eta Etiopiako lehen ministro ohi Hailemariam Desalegn Boshe. Kongoko gerrako bake erraztaile guztiak gizonezkoak izan dira. Emakume erraztailerik egon ezean, komedia egiten ari gara, gizon horiek emakumea baztertu egiten baitute beti, eta ahaztu emakumeak gakoa direla bake prozesurako.
Zein da Kongoko emakumeen egoera?
Emakumeek askotariko indarkeriak sufritzen dituzte: fisikoa, sexuala, psikologikoa... Urteak daramatzate salatzen bortxaketak gerrako arma gisa erabiltzen dituztela. Nire herrialdean medikuntza ikasten ari nintzenean, orain dela hogei bat urte, ginekologiako irakasleak jada hitz egiten zuen andreei egiten zizkieten izugarrikerien inguruan, eta isilpean eta ezkutuan kontatzen zuen; inork ez zion sinisten. Baina ordurako hitz egiten zen horretaz, eta, hamar urte beranduago, egoerak oihartzuna izan zuen. Indarkeria horrek aurreiritziak eta estereotipoak ere sortu ditu Kongoko emakumeen inguruan. Baina kongoarrek erresilientzia dute.
«Emakumea komunitatearen sinboloa da; beraz, emakumea suntsitzen dute herrialdea suntsitzeko»
Zuk nola bizi zenuen urtarrilaren 27a?
Goma hartu zutenean, Kinshasan protesta espontaneo bat egin zuten, ekialdeko kongoarrei solidaritatea erakusteko. Kaleak moztu zituzten aurrena. Eta ahizpak mezu bat bidali zidan, tiroka ari zirela esateko. Anaia aireportura bidean zen, Kenyara zihoalako. Egun hartan, 18:00etatik 22:00etara bitartean, ezin izan nintzen altxatu ere egin, jan ere ez nuen egin, ez bainekien anaia ondo heldu ote zen Kenyara, ezta unibertsitatean zegoen ahizpa gaztea salbu zegoen ere. Azken 30 urteetan, halako eszenak ohikoak izan dira ekialdeko kongoarren bizitzan.
Partzuergo bat sortu da Kongoko eta beste herrialde batzuetako elkarteekin. Famek ere bertan dago. Nola parte hartzen duzue?
Asmoa da maila lokalean, nazionalean eta nazioartekoan eragitea. Elkarte feministak daude; Senegalgo, Madagaskarko eta Hegoafrikako emakumeak, besteak beste... Eta gizonak ere batzen ari dira. Zer behar dagoen aztertzen du partzuergoak, bideak moztuta daudenez ezin baitira oinarrizko produktuak bidali. Lehen, dirua ere bidaltzen genuen, baina orain dela pare bat aste bankuek funtzionatzeari utzi zioten. Bien bitartean, bortxaketa kasuak, haur umezurtzak eta euren etxeetara itzuli behar duten erbesteratuak ikusten ari gara. Joan den ostiraleko bileran halako kasu batzuen berri izan genuen: batzuk etxera itzuli dira, baina okupatuta topatu dute. Nola lor daiteke bizikidetza halako egoera batean? Goman batik bat, eta orain Bukavun ere bai, andre aktibistak jazartzen ari dira, eta, guk dakigula, bi hil egin dituzte Goman.
Joan den astean manifestazio batean parte hartu zenuten Bilbon, eta gaur elkarretaratze bat egingo duzue. Zer beste ekintza duzue buruan?
Otsailaren 20an, partzuergoak mundu mailako kanpaina bat abiatu zuen, kontzientziatzeko eta mediatikoki presio egiteko. Izan ere, gatazka normalizatu egin da, eta, beraz, hedabide tradizionalek apenas ematen duten haren berri. Kanpaina domino jokoan oinarrituta dago: fitxarik ez bada erortzen, gainontzeko guztiek zutik segituko dute; baina bat jausten bada, besteak erortzea eragingo du. Horrekin adierazi nahi dugu Kongon gertatzen ari denak ez dituela ondorioak soilik Kongon. Leloa hau da: If she falls, we all fall [Hura erortzen bada, guztiak eroriko gara].