Sentsazio arraro batek zabaldu dizkit begiak gaur, behar lukeen baino beranduago den susmoak. Eta gaurkoa ere ez zen sentsazio okerra, ia ordubete luzatu baitzait loaldia iratzargailuari okerreko botoiarekin erantzun ostean —atzeratu beharrean, desaktibatu egin dut—. Kolpe batez jaiki naiz ohetik, eta topatu ditudan lehen trapuak jantzi ditut. Atzo sobera geratutako kafea berotu gabe hartu, eta korrika joan naiz autora. Lantokira bost minutu berandu ailegatu naiz berriz ere, eta erdi korrika nindoala eskuak poltsikora eraman ditudanean konturatu naiz eguneko dramaz: orduan jakin dut sakelako telefonoa etxean utzi dudala.
Zaila da deskribatzea ohartze hutsak utzi didan gorputzaldi arraroa, amorruaren eta urduritasunaren arteko oreka bat. Eta, aldi berean, amorrua izateak berak amorrua eragin dit, zoroa dela dirudien arren. Metalezko adreilu zikin bat gabe egun bat pasatzea normalagoa izan beharko lukeelakoan. Baina, esan bezala, nahiko nukeen baino gehiago astindu dizkit barruak. Mugikor ezak mugiezin bihurtzen ote gaitu?
Burutik pasatu zait ingurukoren bati zerbait gertatuko balitzaio ez nintzatekela jakinaren gainean egongo edo baten bat larritu daitekeela mezuei eta deiei erantzuten ez diedalako. Hirugarren Mundu Gerra gaur hasiko balitz, oharkabean harrapatuko nindukeela ondorioztatu dut gero, buruarekin erdi brometan nengoela. Burua intentsitate bizian ipini zait.
Iruditzen zait ahazten ari zaigula aspertzea zer den, momentua bere horretan bizi eta sentitzea zelan diren, eta, funtsean, horrenbeste estimulu eta konbertsazio huts horiek gabe bizitzen
Eta, orduak joan ahala, konturatu naiz aspertzen nintzen bakoitzean eskuak poltsikora eramaten nituela, ez zegoen horren bila. Faltan botatzen nuen WhatsAppa helburu jakinik gabe irekitzea, Instagrameko istorietatik pasadatxo arin bat ematea, WhatsAppa berriro irekitzea... Egun osoan zehar hazkura berezi bat izan banu bezala ibili naiz, lanean arreta guztiz mantendu ezinik. Egon dira une batzuk ere non bere erabilera sanoa bota dudan faltan; kontzepturen baten esanahia bilatzeko beharra nuenean, edota deskantsuetako batean kafetegira joan garenean, azkenaldian pantailako txartelaren bidez egiten baititut ordainketa gehienak.
Oro har, argi dago ia gure gorputzeko beste atal bat gehiago balitz bezala darabilgula mugikorra gurekin, hona eta hara. Esan daiteke mendekotasuna garatuz joan garela urterik urte; ez dakit onerako edo txarrerako, baina mendekotasuna dela esango nuke. Eta, garapen teknologiko orok legez alde positibo ugari izanagatik, iruditzen zait ahazten ari zaigula aspertzea zer den, momentua bere horretan bizi eta sentitzea zelan diren, eta, funtsean, horrenbeste estimulu eta konbertsazio huts horiek gabe bizitzen. Ehunka errealitatetan murgildu nahi eta aurrean duguna begiratuko ez bagenu bezala.
Luze, baina igaro da goiza, eta, azkenik, itzuli naiz etxera, ohi baino arinago gidatu eta gero, noski. Goiz osoa baraualdian egon den batek bazkaria hartzen duen grinarekin heldu diot mesanotxean zegoen sakelakoari azkenean. Hamar dei galdu espero nituen gutxienez, baina inork ere ez nau deitu. Gertukoen hogei mezu espero nituen txatetan, erdi-larriturik, eta anaiaren mezu bakarra topatu dut, bihar frontoira joateko proposamen sinple bat eginez. Eta ez, ez da Hirugarren Mundu Gerra hasi oraindik. Uste dut neure barruan egon dela eguneko gerra handiena. Eboluzio naturala izango da teknologiena, baina beldur pixka batt ere ematen du mugikorrari diogun atxikimenduak.