Nico Cuenca

Moroak eta bozak

2024ko ekainaren 8a
05:00
Entzun

Badatoz hauteskundeak berriz ere, eta Europa dugu oraingoan joko zelaia. Urrun gelditzen zaizkigu Estrasburgo, Luxenburgo eta Brusela, Europako Parlamentuak dituen hiru egoitzak. Urrun bezain arrotz, egia esan, gure eguneroko bizitzari eragiten dioten hainbat erabaki bertan hartzen badira ere. Parte hartze baxuko hauteskundeak izaten ohi dira Europakoak, eta ez dute pasio handirik pizten. Uda atarian egoteak ere ez du laguntzen. Pasa den asteburuan Erronkari ibarrean ibili naiz, lagun batzuei bisita egiten, eta, bihar, larunbata, beste lagun baten ezkontza izango dut. Oharkabean pasatu zait kanpaina, mezuei kasurik egin gabe apenas. Kezkatuta nago, hala ere. Kritiko izan naiz askotan Europak hartu dituen erabakiekin. Berriki onartutako migrazio legea ikustea baino ez dago. Espero bezala legedia zorroztu du Europako Parlamentuak, eta, etikaren muga guztiak hautsita, prezioa jarri dio pertsonen bizitzari. Hala, 20.000 euro ordaindu beharko dute migrante bakoitzeko etorkinik hartu nahi ez duten estatuek. Bizitzaren merkantilizazioa oinarri duen Europa kapitalista honek beste marka bat hautsi du, berriz ere. 

Eskuin muturrera egin du kontinente zaharrak azken urteotan, eta boz hauek are argazki muturrekoagoa utzi dezakete. Italia, Belgika, Herbehereak, Danimarka, Frantzia…; luzea da ultraeskuinaren diskurtsoa gailendu eta politika publikoak zipriztindu dituen estatuen zerrenda, eta igandetik aurrera faxismoak indar handiagoa lor dezake parlamentu berrian. Kritiko izanda ere, ezin dugu ukatu oraindik ere Europak lege onak (edo ez hain txarrak) onartu dituela. Horregatik, igandean boza ematea ezinbestekoa dugu, ultraeskuinaren kontrako harresia altxatzeko. 

Ez naiz ni harresiak eraikitzearen aldekoa. Egungo sistema etengabe ari da harresiak eraikiz: sozialak, ekonomikoak… maila sozialen sistemari eusteko. Harresiak apurtzearen aldekoa naiz, baina, oraingoan, arrazakeria, homofobia, sexismoa, negazionismoa… dira eutsi beharreko mehatxuak eta horretarako bozez osatutako harresia behar dugu.

Guztiok inoiz moroak izan garela aldarrikatzen du Sarrionandiak: homosexualak, etorkinak, emakumeak… Horregatik beharrezkoa dugu moroen kontrako harresiak eraiki nahi dituzten horiei aurre egitea eta igandean badugu aukera.

Santiago Abascalek «harresi gehiago eta moro gutxiago» oihukatu zuen (gorrotoa zabaltzen dutenek ez dute berba egiten, oihu baino ez) mitin batean. Moro hitza erabiliz bere xenofobia agerian uzten du Abascalek. Luze eta zabal jorratu zuen gaia Joseba Sarrionandiak Moroak gara behelaino artean? saiakera liburuan. Izenburua Unamunoren poema batetik hartu zuen, amazig herria eta euskaldunak alderatzen zituena, euskaldunak moro desterrutzat aurkeztuz. Sarrionandiak sakon aztertu zituen amazig herriaren historia eta kultura saiakera idazteko. Xenofobia eta arrazakeriaren kontrako tresna oso ona da kultura, eta mesede egingo lieke Abascal eta harem lagunei Sarrionandiaren liburua irakurtzeak (gaztelaniazko edizioa ere badago). Ez dut uste, ordea, kasu egingo didatenik.  

Sarrionandiaren esanetan, inork ez du bere burua morotzat hartzen. Badira amazigak edo arabeak, baina mororik ez. Izan ere, moro hitza agintean zeudenek baztertutakoei jarritako izena da, mespretxuz; pertsona arriskutsu gisa seinalatuz. Gauzak horrela, guztiok inoiz moroak izan garela aldarrikatzen du Sarrionandiak: homosexualak, etorkinak, emakumeak… Horregatik beharrezkoa dugu moroen kontrako harresiak eraiki nahi dituzten horiei aurre egitea eta igandean badugu aukera. Harresirik sendoena bozen bidez ere egin daitekeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.