Leioan egingo dute aurtengo Autismoa martxan! ibilaldi solidarioa, etzi. Bizkaiko Apnabi irabazi asmorik gabeko elkarteak urtero egiten du ekitaldia, autismoaren espektroko nahasmendua dutenen beharrizanak ikusarazteko eta haien gizarte inklusioa sustatzeko. Mila lagun baino gehiago bildu nahi dituzte martxan, iaz Barakaldon bezala. Izena emateko epea gaur amaituko da: sei euro ordaindu beharko dute ibilaldian parte hartu nahi dutenek —trukean, elastiko bana jasoko dute—; izan ere, Apnabiren jardueretarako dirua biltzea ere bada ekitaldiaren helburuetako bat.
Ibilaldi solidarioaren bitartez, apirilaren 2ko Autismoaren Kontzientziazioaren Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako jarduerei amaiera emango die Apnabik. Gaur bertan, «herri festa handia» egingo dute, 11:30etik aurrera, Bilboko Areatzako aterpeetan. Etziko egitarauari dagokionez, 11:30ean Leioako Errekalde plazatik abiatuko dira Autismoa martxan!-en izena emandako guztiak. Bidegileek 4,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Amaieran, Barandiaran institutuko jolastokian, haur eta kirol jolasak, autismoari buruzko informazio guneak eta jai giroa izango dira. Apnabiren webgunearen eta Rock The Sport plataforma digitalaren bidez eman daiteke izena.
«Autismoa duten pertsonak eta haien familiak inoiz ez dira bakarrik ibiliko»
MIKEL PULGARINApnabi elkarteko presidentea
Leioako Udala eta Apnabi 2017tik ari dira elkarlanean, besteak beste, autismoa dutenen bizi kalitatea hobetzeko. Udalak Mendibile ikastetxe zaharra uzten dio elkarteari oporraldietan, egonaldi irekiak egin ditzan. Gaur egun, autistentzako hezkuntza baliabide espezifikoak abian jartzea ahalbidetuko duten instalazioak lagatzeko aukera aztertzen ari dira bi erakundeak. Pilar Grados Leioako Gizarte Politiketako zinegotziak eman zuen horren berri, ibilaldi solidarioa aurkezteko prentsaurrekoan, martxoaren 25ean.
Ibon Rodriguez alkateak ere parte hartu zuen agerraldian. Hark azpimarratu zuenez, «autismoa duten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea hobetzeko proiektuak sustatzeko aukera» ematen du elkarlanak. Oraingo honetan, Laboral Kutxa ere batu zaie Autismoa martxan! ibilaldia egiteko.
Bizkaian, 28 zentro
Gaur-gaurkoz, Leioako hirurogei pertsonak jasotzen dute Apnabiren laguntza; gehienak adingabeak dira. Eskuinaldean, hirurehun lagun inguru dira. Guztira, Apnabik 2.000 laguni baino gehiagori eta haien familiei eskaintzen dizkie eguneroko bizitzan aurrera egiteko bitartekoak.
Azken ikerlanen arabera, ehun pertsonatik batek du, neurri batean edo bestean, autismoa. Bizkaiak 1.200.000 biztanle inguru dituela kontuan hartuta, lurraldean beste 10.000 lagun egongo lirateke nahasmendu hori diagnostikatu gabe, Mikel Pulgarin Apnabiko presidenteak Autismoa martxan! Ibilaldi solidarioaren aurkezpenean nabarmendu zuenez.
10.000
Zenbat lagun egon daitezkeen diagnostikatu gabe. Autismoa duten 2.000 bizkaitarri eta haien familiei arreta ematen die Apnabi elkarteak. Bizkaian beste 10.000 lagun daude diagnostikatu gabe.
Apnabik 47 urte daramatza Bizkaian eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste herrialdeetan autistei zerbitzua ematen, hainbat arlotan. Osasungintzan jarduteaz gain —diagnostiko goiztiarra, arreta klinikoa eta helduentzako eguneko zentroak—, hezkuntza, etxebizitza eta enplegua bermatzeko baliabideak eskaintzen dizkie. Apnabiren lantaldea 450 profesionalek baino gehiagok osatzen dute, eta 28 zentro dauzka Bizkaian. Horretaz gain, elkartea ehunka eragilerekin elkarlanean aritzen da. Izan ere, «autismoa duen pertsona bati eta haren familiari gerta dakiokeen okerrena bakarrik sentitzea da», Pulgarin Apnabiko presidentearen arabera. «Inoiz ez dira bakarrik ibiliko. Ez dugu onartuko», gaineratu zuen. Horixe bera irudikatu nahi dute Autismoa martxan!-en bitartez.
apnabik eta aldundiak DERIOKO ZENTROKO AKORDIOA luzatu dute
Derioko eguneko zentroa kudeatzeko, Apnabi elkartearekin izenpetutako lankidetza hitzarmena berritzea onartu du Bizkaiko Foru Aldundiko gobernu kontseiluak. Datozen bi urteetan 1,4 milioi euro jarriko ditu foru erakundeak, espektro autistaren nahasmendua duten 24 helduri arreta eman diezaieten Derioko zentroan. Zazpi profesionalek osatzen dute lantaldea.
Egoitza hartan egiten diren jarduerek dinamika inklusibo bat sustatzen dute, eta, horren bidez, parte hartzaileek ezagutzak eta esperientziak partekatzen dituzte, ikaskuntza praktikoa eta ingurumenarekiko konpromisoa sustatzeko. Hitzarmena 2026ko abenduaren 30era arte egongo da indarrean.