Labayru fundazioak Bizkargin santikurutzak dokumentala egin du, Zornotzako Udalaren eskariz. Azken mendean Bizkargiri lotuta egondako hainbat alderdi jaso ditu produkzioan: mendizaletasuna, soroko lanak, erromeria eta memoria historikoa, besteak beste.
Filmaren ingurumarian, udalari otu zitzaion ideia ona izan zitekeela lana jendaurrean aurkeztu baino hamabost egun lehenago erakusketa bat egitea filmean erabilitako argazkiekin, jendeak ikus zezan gero zer etorriko zen. Horiek hala, argazkiak Zornotza aretoan izan dituzte ikusgai, joan den ostiralera arte hain zuzen.
Ostiralean aurkeztu zuten dokumentala, Zornotza aretoan bertan. Ondoren, hizketaldia egin zuten. «Proiekzioaren ostean halako berriketaldi moduko bat egin zen, dokumentalean bertan protagonista diren hiru lekukorekin. Bakoitzak bere esperientzia kontatu zuen: Bizkargi haientzat zer den azaldu zuten, eta jaia nola aldatu den», esan du Ziortza Artabe Labayruko kideak. Hiru belaunaldi izan ziren hitzaldian, Labayruri garrantzitsua iruditzen baitzaio transmisioa nolakoa izan den agertzea.
Ondarearen bila
Zornotzako Udalak urteak dara-atza ondarea biltzen, eta horregatik aurkeztu dute dokumentala Ondarearen Europako Jardunaldietan. Aurtengo gaia ondare immateriala izan dela nabarmendu du Artabek, eta hortik sortu dela filma egiteko ideia: «Kontua da Bizkargiko jaia eta haren inguruan dagoen guztia ondare immaterialtzat hartzen dela, komunitate baten jakintzari, jarduerari eta adierazpenari lotuta baitago. Horiek belaunaldiz belaunaldi transmititu izan dira, gainera». Fundazioko kideak azaldu du «ondare bizia» dela. «Aldatuz joan da. Hala, lekuko bakoitzak kontatzen du zer izan zen Bizkargi haientzat. Gertaera batzuek eta besteek garrantzia dute; denak biltzen saiatu gara gu».
Lau udalerrik inguratzen dute Bizkargi mendia: Zornotzak, Larrabetzuk, Morgak eta Muxikak. Bost ere izan ziren garai batean, Amorebieta eta Etxano banatuta zeudelako —gaur egun, Zornotzako udalerria osatzen dute—. Mendi puntan, Santa Kurutz ermita dago, eta historian karga handia izan duela aipatu du Artabek: «36ko gerran, esaterako, triskantza handiak gertatu ziren han. Badu erromeria bat sona handikoa, baita ibilbide politak ere. Horregatik, ikus- entzunezko produkzioan hori dena batu dugu».
Prozesuaz ere jardun da Artabe. Lehendabizi, informazioa batzen aritu ziren hainbat artxibo eta iturri bibliografiko kontsultatuta. «Elkarrizketa sorta handi bat ere egin genuen informazioa eskuratzeko. Ondoren ekin genion filmean agertuko ziren elkarrizketak egiteari». Orotariko gaiak jorratu zituzten horretarako, eta ez zituzten soilik Zornotzako jendearen hitzak bildu. «Garrantzitsua iruditu zitzaigun inguruko herrietako jendea ere agertzea». Denera, hamazortzi lagunen testigantzak jaso dituzte, eta Bizkargiri buruzko kontakizun pertsonalak izan dituzte ardatz. «Guk, ondoren, haien esanak hari batean josi, eta gidoira ekarri ditugu».
Memoria ariketa bat
Batzuek Bizkargin ospatzen den Santa Kurutz egunaz hitz egin dute. Meza kontuak ere izan dituzte hizpide, errogatibak eta letaniak ere egiten baitziren aspaldi. Beste batzuk maiatzaren 3ko erromeriaz aritu dira, Santa Kurutz eguna jai eguna baita Bizkargin. Hurrengo igandean, gainera, errepikapen eguna izaten da, eta hori ere bildu dute dokumentalean. «Aspaldi, egun bakarra izaten zen, baina, orain, errepikapen egunak indar handiagoa dauka, domekan izaten da eta».
Maiatza artoa ereiteko sasoia izaten da, eta halako egunak egutegietan markatu ohi zituzten; bereziki, gazteek, Artaberen berbetan: «Egun seinalatu horietan, gazteak ateratzen ziren. Erromeriak egiten zituzten, eta elkar ezagutzeko aukera izaten zuten askok».
Jaia bakarrik ez, baina. 36ko gerran hildakoak omentzeko eta bilkura politikoak egiteko eremu ere izan da Bizkargi, Artabek kontatu duenez. Artxibo batean topatu zuten Gernika-Lumoko apezpikuak Gasteizkoari idatzi ziola Bizkargi husten lagundu ziezaion. Memoria ariketa bat ere egin dute filmaren bidez, beraz.