1904ko otsailaren 14an —duela 121 urte—, Bilboko Euzko Gaztedi elkarteak bere lehen lokalak inauguratu zituen, Bidebarrieta kalean. Hori dakarte gaur Etxebarrieta memoria elkartearen sare sozialek, Bilbo Hari Gorria proiektuaren aitzakian. Urtarriletik aurrera, Bilboko efemeride baten berri ematen dute egunero: ale bakoitzean, argazkiak eta testu labur bat. 1875. urtea abiapuntu hartuta, hiribilduak azken 150 urteetan izan duen bilakaera historikoa landu nahi dute horrela.
«Ahaztuta dauden edo ezagutzen ez diren gertakizun zehatzak jendarteratu nahi ditugu, ikusarazteko gertakizun horietatik harago zein izan den Bilbok izan duen bilakaera politikoa, soziala eta abar», esan du Iker Egiraunek. Proiektua martxan jarri duten lau lagunetako bat da Egiraun, Etxebarrieta memoria elkarteko kidea. Elkarteak Bilboko Alde Zaharreko memoria historikoa lantzen du, baina Bilbo osora salto egin nahi izan dute aipatutako proiektuarekin.
«Ahaztuta dauden edo ezagutzen ez diren gertakizun zehatzak jendarteratu nahi ditugu, ikusarazteko gertakizun horietatik harago zein izan den Bilbok izan duen bilakaera politikoa, soziala eta abar»
IKER EGIRAUNBilbo Hari Gorria proiektuaren bultzatzaileetako bat
Bilboren historia bideratu duten hainbat jazoera biltzen ari dira. Besteak beste, euskarazko lehen egunkariaren argitalpena, 36ko gerrako bonbardaketak, euskal presoen eskubideen aldeko baraualdiak eta manifestazioak, euskal selekzioaren talde aitzindariak jokatutako lehen partida eta Bilboko mugimendu sozialen mobilizazioak —okupazioaren aldeko manifestazio bat, eta Angela Davis pentsalari feministak Bidebarrieta liburutegian eskainitako hitzaldia, adibidez—.
Helburu bikoitza dute. Alde batetik, lan dibulgatiboa egiten dute, sare sozialen bidez efemerideen berri emanez. Instagram, Facebook eta X erabiltzen dituzte zabalkunde lana egiteko. Bestetik, artxibo lana ari dira egiten, informazioa bildu eta urteka eta gaika sailkatzen baitute. Adierazi dute oraindik ez dakitela zer egingo duten etorkizunean bildutako informazioarekin. Halere, Etxebarrieta memoria elkarteak aitortu du ez direla hutsetik hasi: «Aurretik egindako lan guztia eskertu behar dugu: Argia-ren efemerideak, Naiz-eko Artefaktua-renak, Sabino Arana fundazioarenak, egunkarietako hemeroteka lanak, liburuak...».
Proiektuaren hazia
«2025. urtea antolatzeko bileran bururatu zitzaigun efemerideen bitartez landu ahal genuela gaia, Bilbori buruzko efemeride solte asko topatzen baikenituen», azaldu du Egiraunek. Efemerideak bilatzeari ekin zioten, eta, egun batzuetan, «mordotxo bat» topatu zituzten. Aurten egunero efemeride bat argitaratzeko nahikoa dute, eta geratzen zaien materialaren arabera erabakiko dute datorren urtean jarraitu ala ez.
Proiektuari ekin ziotenean, 1925etik 2025era bitarteko efemerideak bilatzen hasi ziren, baina jazoera garrantzitsu asko kanpoan uzten ari zirela konturatu ziren: industrializazio prozesua, langile mugimenduaren eraikuntza, euskal nazionalismoaren garapena, euskararen berpizkunde garaia... «Urte horiek ere gaur egungo Bilbo sakonki konfiguratu duten urteak dira», adierazi du Egiraunek. Hori dela eta, 1875a ezarri zuten abiapuntu gisa.
«Metafora bat da, azaltzeko zelan egungo egoera hainbat borrokaren ondorioa den; horregatik hariarena, historia etengabeko prozesu moduan ulertzen dugulako, eta gorria, hau guztia ezkerreko ikuspegitik egiten dugulako»
IKER EGIRAUNBilbo Hari Gorria proiektuaren bultzatzaileetako bat
Proiektuaren izena bera Bizkaia Hari Gorria egitasmotik dator. 2022an sortu zuten, memoria elkarte batzuen artean, Etxebarrieta elkartea barne zela, memoria historikoaren ariketa helburu hartuta. «Izena gustatu zitzaigun, eta Bilbora ekarri genuen», esan du Egiraunek. «Metafora bat da, azaltzeko gaur egungo egoera zelan den hainbat borrokaren ondorio. Horregatik dago hariaren aipamena, historia etengabeko prozesu moduan ulertzen dugulako, eta gorriarena, hau guztia ezkerreko ikuspegitik egiten dugulako».
Orain arte egindako lanarekin pozik daudela kontatu du Egiraunek, eta aipatu du badirudiela jendearen kuriositatea pizten ari direla: «Lagunen batek esan digu efemeride batzuen harira gaian sakontzen hasi dela eta gauza gehiago ikasi dituela». Hona hemen orain arte Bilbo Hari Gorriak eman dituen efemeride batzuk:
Urtarrilak 15
Errotatxueta ikastola Kale Nagusian
1933ko urtarrilaren 15ean, Euzko Ikastola Batzaren eta hainbat gurasoren ekimenez ikastola bat ireki zuten Bilbon, Kale Nagusian, Jesusen Bihotzetik gertu, errota zahar baten alboan. Ikasgai gehienak euskaraz ez ziren arren, 1935-1936ko ikasturtean 204 ikasle ere eduki zituen. Belostikalen beste ikastola bat zegoen. Erregimen frankistak 1937an biak itxi zituen.
Urtarrilak 18
Adierazpen askatasunaren aldeko elkarretaratzea
2002ko urtarrilaren 18an, hainbat eragilek eta norbanakok elkarretaratzea egin zuten Bilbon, Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaria eta Mertxe Aizpurua Gara-koa Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu zituztelako ETAri egindako elkarrizketa bategatik. Egun hartan bertan deklaratu zuten. Fiskalak bi zuzendariak espetxeratzeko eskatu zuen, baina Baltasar Garzon epaileak erabaki zuen akusazioak ez zuela «delitu itxurarik». Adierazpen askatasuna lelopean, elkarretaratzeak egin zituzten euskal hiriburuetan eta EHUren Leioako Kazetaritza Fakultatean, eta kultura, politika, sindikatu eta irakaskuntza arloetako ordezkariek bat egin zuten.
Urtarrilak 23
Artiacheko langileen greba
1922ko urtarrilaren 23an, Bilboko Deustuko erriberan zegoen Artiach galleta fabrikako langileek —gehienak, emakumeak— lanuztea egin zuten nagusiak bederatzi orduko lanaldia ezartzeko asmoa iragarri zuenean. Grebak astebete iraun zuen. Lanaldi hori urtean hilabetez soilik ezartzea lortu zuten beharginek.
Otsailak 6
Jose Maria Ryan Estradaren hilketa
1981eko otsailaren 6an, ETAk Lemoizko zentral nuklearreko obrako ingeniaria hil zuen: Jose Maria Ryan Estrada. Astebete arinago, bahitu eta Espainiako Gobernuari lanak gelditzeko eskatu zion bahitutakoa askatzearen truke, baina gobernuak ez zituen geldiarazi. Hilketaren ondoren, zentraleko langileak larrituta, zailtasun handiak izan zituzten lanak jarraitzeko. Urtebete geroago, 1982an, ETAk Ryan Estradaren ordezko ingeniari burua hil zuen: Angel Pascual Mugika. 1984an, obrak bertan behera utzi zituzten.