Ogoño mendia, euskal dantzak, Dalia fabrika, onddoak, txoriak, baserriak... Denetarik aurkitu daiteke Gernikako eta inguruko irudiak eta paisaiak erakusketan. Rosa Maria Sanchez margolariaren (Kordoba, Espainia, 1960) obrak dira denak, eta helburu jakin batekin jarri ditu erakusgai Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan: dirua biltzea leiomiosarkoma gaitza ikertzeko. Otsailaren 28ra arte bisitatu ahal izango da, 10:00etatik 20:00etara.
Erakusketa aretora sartu orduko, sakonean dagoen koadro handi batek erakartzen du bisitariaren arreta: Sanchezen alaba Enara Alakanoren erretratu bat da. «Koadro hori ez dago salgai, e», argitu du margolariak. Haren omenez jarri du erakusketa: 2023. urtean, leiomiosarkoma minbizia diagnostikatu zioten, eta gaitza ikertzeko dirua biltzen ari dira. «Sarkoma mota bat da leiomiosarkoma, muskuluei eragiten die, eta, oraingoz, ez du tratamendurik. Ikertzea da hori aldatzeko konponbidea», esan du artistak.

Alakano 2022ko abenduan hasi zen lehendabiziko sintomak igartzen. «Lepoko min ikaragarriak izaten zituen, baina, medikuarenera joan, eta esaten zioten ez arduratzeko, kontrakturaren bat izango zela, harik eta uztailean joan-etorriko sukarra gehitu zitzaion arte; oso nekatuta zegoen», kontatu du Sanchezek. Ekografia bat egin zioten Galdakaoko ospitalean, «bulto bat» atera baitzitzaion lepoan. Gerora, biopsia bat egin, eta orduan zehaztu zioten leiomiosarkoma izeneko sarkoma mota bat zuela. «Gaixotasun arraro eta ezezagun bat da. Jende oso gutxik du».
Euskal Herrian ez dagoenez halako gaitzak ikertzeko zentrorik, Alakanoren kasua Bartzelonako Vall d’Hebron ospitalera bideratu zuten: Sanchezen alaba lau hilabetez egon zen han. «Hil edo biziko ebakuntza bat egin zioten. Oso gogorra izan zen». Bederatzi orduko ebakuntza egin, eta giltzurrunak, gibela eta kaba zaina kendu zizkioten. «Kontua ez zen hor amaitu. Ondoren, beste ebakuntza batzuk etorri ziren, odol transfusioak...», oroitu du Sanchezek. Alaba pisua galtzen hasi zen, etengabe. «Pentsa, iruditu zitzaien anorexia ere bazuela, jaten zuen guztia botatzen zuelako. Bartzelonan ezin zutenez ezer egin, Barakaldoko Gurutzetako ospitalera bideratu zuten, eta han hasi zen pixkanaka pisua irabazten. Prozesu oso konplikatua izan da».
Herritarren babesa
Alakano Bartzelonan ospitaleratuta zegoela ezagutu zuten Claudia Valverde onkologoa: «Valverdek esan zigun Onkologoa izateaz gainera GEIS Sarkomak Ikertzeko Espainiako Taldeko presidentea zela, eta hark eman zigun leiomiosarkoma ikertzeko beka bat sortzearen ideia». Sarkomak ikertzen ditu GEISek.
Baina leiomiosarkoma ikertzeko beka bat martxan jarri ahal izateko, 16.000 euro behar dira, gutxienez. Sanchezen sendiak eta lagunek helburu horrekin abiatu zuten Enarak behar zaitu kanpaina, eta, harrezkero, Busturialdean askotariko ekinbide solidarioak egiten ari dira.
«Sarkoma mota bat da leiomiosarkoma, muskuluei eragiten die, eta, oraingoz, ez du tratamendurik. Ikertzea da hori aldatzeko konponbidea»
ROSA MARIA SANCHEZMargolaria
Herritarren aldetik «sekulako babesa» jasotzen ari direla nabarmendu du Sanchezek. Gabonen atarian, esaterako, Gernika-Lumoko Marijesietan bildutako dirua GEIS taldeari eman zioten. Ispasterren, berriz, eske-koplak abestu zituzten abenduaren 24an, eta han bildutako dirua ere Alakanoren gaitza ikertzera bideratu zuten. Horrez gainera, zozketa bat jarri dute martxan: bi euroko baleak jarri dituzte salgai. Oraingoz, 10.000 euro inguru jaso dituzte ekinaldi guztiak kontuan hartuta. «Oso eskertuta gaude».
Gaur-gaurkoz, gaixotasuna sendatzeko tratamendurik ez dago, baina Sanchezek jakinarazi du alaba hobeto dagoela: «Hiru hilabeterik behin kontrolak egiten dizkiote, eta hobeto dago: dantza egiten du, kirola... Ez dago minbizi mota hori sendatzeko kimioterapia espezifikorik, eta probak egiten ari dira».
Hainbat erakusketa martxan
Alakanoren erretratuaz gainera, beste 37 koadro bildu ditu Sanchezek Elai Alaiko erakusketan. «Barietate handia» dagoela nabarmendu du artistak: «Duela urte batzuetatik hona egin ditudan askotariko artelanak bildu ditut. Denetarik dago: paisaiak, euskal tradizioa, animaliak, onddoak...». Horietako bakoitzean, teknika jakin bat erabili du; tartean, olioa, akrilikoa eta luma-muturra.
Kolore biziko artelanak dira gehienak, baina zuri-beltzeko ale gutxi batzuk ere badaude erakusketa aretoaren sarreran: Gernika-Lumorekin harremana duten zirriborroak eta apunteak bildu ditu. «Urteotan estilo eta teknika asko landu ditudanez, denetarik bildu nahi izan dut erakusketan».

Tamaina txikiko artelanak nagusitzen dira. «Errazago saltzen dira halakoak, eta merkeagoak dira, gainera». Erakusketan bertan ez dago preziorik jarrita, baina Sanchezek adierazi du erraza dela berekin harremanetan jartzea. Badaezpada, bere telefono zenbakia ere eman du: 658-70 46 91. «Erakusketara etorri ezin denak dei nazala».
Gernika-Lumokoa ez da artistak zabalik duen erakusketa bakarra: besteak beste, Laidako Biskaine tabernan, Muxikako Zubieta errotan, Ispasterko Iñigo Egiluz aretoan eta Mendatako Artape tabernan ere badaude ikusgai haren artelanak.