Basauriko, Arrigorriagako eta Bilboko lurretan dagoen Malmasin mendiaren inguruko kezka aspaldikoa da inguruko ekologisten artean. Oraintsu eukalipto sail handi bat bota eta egurra handik ateratzeko lanak egin dira hamazortzi hektareako eremuan. Makinek eragindako «txikizioak» are gehiago larritu ditu. Horregatik, Sagarrak talde ekologistak Basauriko eta Arrigorriagako udaletara jotzea erabaki du eskaera birekin: batetik, Malmasin babestu gura dute; bestetik, inguruaren lehengoratze ekologikoa bultzatzeko eskatu diete agintariei. Eskaera horiekin gogoeta bultzatu nahi dute, zer neurri har daitezkeen aztertzeko.
Alkate biei, Hirigintza eta Ingurumen sailei eta udalbatza bietan ordezkaritza duten alderdi politikoei bidali diete idazkia. Izan ere, Gabi Hernandez Sagarrak taldeko kideak adierazi duenez, neurriak eta erabakiak hartzeko eskumena erakunde publikoena da: «Lursail publikoak direnean, haiek erabakitzen dute zer egin daitekeen. Jabetza pribatukoak direnean, arautu dezakete, ingurua babestu dezakete edo jabeekin akordioak egin».
Hernandezek gogoratu duenez, Malmasin mendiak berez badu nolabaiteko babesa. Bai, behintzat, hirurehun metrotik gora: 2001ean, Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasun deklaratu zuen, Monumentu Multzo izendapenarekin. Izan ere, tontorrean Burdin Aroko eta erromatarren garaiko herri harresitu bat aurkitu dute. Beraz, aztarna haiek babesteko, hirurehun metroko garaieratik tontorrera legez araututa dago zer egin daitekeen eta zer ez. Ekologistak, bada, handik behera gertatzen denarekin arduratuta daude; esaterako, iazko urte bukaeran eukaliptoa ateratzeko egindako lanekin.
Sagarrak taldeak gogoratu dutenez, halako lanak egiteko administrazioaren baimena behar izaten da, eta, ondoren, administrazioak jarraipena egin behar izaten du. Hala ere, ingurumenean «kalte handia» eragin zuten; besteak beste, hara iristeko bidean, PRI-BI 15 ibilbidean. «Bolueta, Malmasin eta Arrigorriaga lotzen dituen mendi ibilbide hau asko eraldatu da; batez ere San Migel auzora jaisten den zatian, lan horietan erabili dituzten makina astunentzako sarbidea egiteko lanen ondorioz. Era berean, aldaka handiko lur-eremu batean, egurra ateratzeko makinak eta kamioiak errazago sar daitezen, mendi osoa inguratzen duten bide berriak ireki dira, eta kalte handia eragin dute». Gainera, txarretsi du orube hori katastroan bazkaleku izendapenarekin ageri dela, baina jabeak eukaliptoak landatuta izan dituela.
«Lursail publikoak direnean, haiek erabakitzen dute zer egin daitekeen. Jabetza pribatukoak direnean, arautu dezakete, ingurua babestu dezakete edo jabeekin akordioak egin».
GABI HERNANDEZ Sagarrak talde ekologistako kidea
Sagarrak-eko kideek uste dute eukaliptoak kendu dituzten lursail horien lehengoratze ekologikoa bultzatu beharko litzatekeela. «Orain apur bat berdetu dira, baina herritik begiratuta argi ikusten zen dena marroi-marroi, makinek mugitutako lurra», kontatu du Hernandezek. Lehengoratze horretarako aukerarik egokiena tokiko espezieek osatutako basoa landatzea litzatekeela uste dute, baso autoktonoa. Errazena litzateke jabeak horren aldeko apustua egitea, baina ezin dezakete derrigortu.
Pribatua eta publikoa
Urdaibain topatu dute alternatiba, Hernandezek azaldu duenez. «Lurgaia fundazioak akordioak egiten ditu lur jabeekin. Lurgaia egiten da lursail horren kudeatzaile, tokiko basoa landatzen dute boluntarioek, eta eurek zaintzen dute». Urte batzuetarako akordioa izaten da. Sagarrak-eko kidearen arabera, beste aukera bat litzateke erakunde publikoek lursail pribatuak erostea, eta tokiko basoa landatzea. Bizkaiko hainbat lekutan hori egin dute udalek edo diputazioak. Malmasinen bertan Basauriko Udalak baditu lursail batzuk, eta haietan baso publikoa landatu dezaketela esan du Hernandezek.
Sagarrak-ekoek uste dute ezinbestekoa dela Bizkaian tokiko basoaren aldeko apustua egitea. «Urkiolan, Gorbeia aldean eta Urduña inguruan baino ez daude; hortik aparte, uharte bakan batzuk bakarrik. Garrantzitsua da bertoko espezieak eta ekosistemak bultzatzea».