Mallabiko, Berrizko eta Garaiko alkateak goi tentsioko linea berriaren aurka agertu dira

Herritarren osasunari eta paisaiari kalte egingo diela uste dute Agirrek, Isoirdek eta Osak. Udazkenean bilerak egiten hasiko dira, bizilagunei proiektuak eragingo dituen ondorioen berri emateko.

Igor Agirre Mallabiako alkatea, Orlan Isoird Berrizkoa eta Erramun Osa Garaikoa, goi-tentsioko linea ezarri nahi den eremuan, Garai eta Berriz arteko mugan. BIZKAIKO HITZA
Igor Agirre Mallabiko alkatea, Orlan Isoird Berrizkoa eta Erramun Osa Garaikoa, ekainaren 26an, goi tentsioko linea ezarri nahi den eremuan, Garai eta Berriz arteko mugan. BIZKAIKO HITZA
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko uztailaren 20a
05:00
Entzun

Energia Inagotable de UME S.L. enpresak Valdejasa (Zaragoza, Espainia) eta Gatika artean eraiki nahi duen goi tentsioko aireko linea ez egiteko eskatu dute Igor Agirre Mallabiko alkateak, Orlan Isoird Berrizkoak eta Erramun Osa Garaikoak —hirurak EAJkoak dira—. Ohartarazi dute linea berriak eragin handia izango lukeela ingurumenean, eta salatu dute kalte egingo liokeela zeharkatuko lituzkeen eremuetako biztanleen osasunari: «Paisaiak aldatu, eta pertsona ugariren eta eskualdeen etorkizuna baldintzatuko du». 

Oraingoz, zenbait alegazio aurkeztu dituzte Espainiako Gobernuan: hain zuzen, 400 kilowatteko goi-tentsioko aireko linea, Valdejasa 1 eta Gatika 1 azpiestazioen arteko tartea proiektuaren aurka, UME parke fotovoltaikoaren eta ebakuazio-azpiegituren ingurumen-eraginaren azterlana txostenaren aurka, eta baita bi ebazpenen aurka ere: batetik, Ingurumenaren Kalitate eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiak iazko azaroaren 13an emandakoaren aurka, eta, bestetik, Energia eta Meategien Politikako Zuzendaritza Nagusiak aurtengo urtarrilaren 21ean emandako ebazpenaren aurka.

Izan ere, hiru udalerrietako alkateen ustez, «ez dauka zentzurik» trantsizio energetikoaz hitz egiteak hori lortzeko ez baldin bada ingurumena errespetatuko: «Paisaiak, ingurune naturalak, animalia eta landare basatiak mehatxatuta egongo dira, eta kalte egingo zaio landa inguruetan bizi diren pertsonen bizi kalitateari». «Ez dago justifikatzerik», gaineratu dute.

Mallabiko, Berrizko eta Garaiko alkateek argi dute herritarrak eta ingurumena errespetatzea izango dela euren lehentasuna: «Gure bizilagunen alde eta ingurumenaren defentsan bat eginda gaude, eta horri eutsiko diogu gertatzen dena gertatzen dela ere». Udazkenean, bilerak egiten hasteko asmoa dute, udalerri horietan proiektuak eragingo dituen kalteen berri emateko. Horrez gainera, hainbat ekintza abian jartzeko asmoa ere badute. «Bidegabekeria hori salatu behar dugu», nabarmendu dute. Era berean, laguntza eskatu diete Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari.

Askotariko kalteak

Agirrek, Isoirdek eta Osak lau kalte nagusi identifikatu dituzte: osasunaren gainekoak, eta faunari, ingurumenari eta paisaiari dagozkionak. «Ez da proiektuaren beharra justifikatu, eta, aldi berean, ez da neurririk hartu eraginak murrizteko», adierazi dute.

Herritarren osasunari dagokionez, goi tentsioko instalazioek hainbat arrisku eragin ditzakete. Batik bat, azpiegituretatik gertu dauden etxebizitzetan bizi diren bizilagunei. Proiektuaren eremuan dagoen fauna babestuan ere «ondorio onartezinak» ekarriko dituela uste dute; besteak beste, igaraba arrunta, bisoi europarra, ibai karramarro arrunta edo miru gorria bezalako espezieen kasuan. «Espezie horiek desagertu egingo dira, funtsezko habitata galduko dutelako».

Lurzoruan ere izango du eragina, goi tentsioko lineak eraikitzeko horiek moldatu beharko direlako, hiru alkateek diotenez: «Bideak irekitzeak, ondoren zementatuko diren plataformak eratzeko helburuz lurra hondeatzeak, lurrak kentzeak, eraikuntza materialak pilatzeak eta beste jarduera batzuek eragin onartezinak eragingo dituzte lurzoruan; horren ondorioz, lurzorua hondatuko da, eta kalte egingo zaie bertako landarediari eta habitatari». Eta, bide beretik, paisaia bera ere aldatuko da.

UDALERRIZ UDALERRI

Berriz.
Aurreikuspenen arabera, Berrizen 66,30 metro garai izango diren hamahiru euskarri kokatuko dira, Oiz mendiaren hegoaldean. Orlan Isoird alkatearen hitzetan, trazadura horrek «bete-betean» eragingo die Sallobente, Mendibil, Andikoa eta Sarria auzoei, besteak beste, eta eremu horietan bizi diren 412 bizilagunei kalteak ekarriko dizkie: «Goi tentsioko lineek sortuko dituzten uhin elektromagnetikoen ondorioak pairatu beharko dituzte bizilagunek, eta, era berean, paisaian izango du eragina».

Mallabia.
Mallabian, Aretxua auzoaren eta Ariño baserriaren artean 54,38 metro garai den euskarri bat altxatzea aurreikusi dute. «Ez dago horiei buruzko aipamen bakar bat ere ez ingurumenaren eraginaren inguruko azterlanean, ezta ingurumen inpaktuaren adierazpenean ere, eta ez da inola ere bermatzen hango bizilagunei ez diela kalterik eragingo», esan du Igor Agirre alkateak. Haren hitzetan, 400kV-ko bi linea elektriko daude dagoeneko baserriaren inguruan, eta horietako bat, gainera, «duela gutxi» jarri dute: «Azken horrek ez ditu bete ingurumen inpaktuaren adierazpenean jasotzen diren prebentzio eta zuzenketa neurriak». Adierazpenaren arabera, bostehun metroko distantzia utzi behar zen gutxienez herriguneetara, eta ehun metrokoa bakartutako etxebizitzetara: «Ariño baserritik laurogei metrora dago».

Garai.
Garain, Goierri auzoan eta San Migel auzoan 74,38 metroko sei euskarri ezartzea aurreikusten dute, eta, kasu honetan ere, «ez dute horiei buruzko aipamen bakar bat ere» egin. «Ingurumenaren eraginaren inguruko azterlanean ez da kontuan hartzen paisaiaren balioa», esan du Erramun Osa alkateak. Haren hitzetan, inguru horretan daude Trumoitako gotorlekuak, Etxeitako arteak eta Momoitioko San Juan ermita eta nekropolia, eta uste du linea elektrikoa han eraikitzeak «eragin oso larria» izango duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.