Aktorea eta ilustratzailea

Ane Pikaza Ereño: «Maitasun handia jartzen dugu gure proiektu bakoitzean, eta hori ondo dago, baina bizi ere egin behar dugu»

Ane Pikaza, ilustratzailea eta aktorea izateaz gainera, La Dramatica Errante antzerki konpainiako sortzaileetako bat ere bada. 'Adiorik ez' antzezlan berriaren biran dabil egun: bihar, Barakaldo antzokian ariko dira.

Ane Pikaza aktorea eta ilustratzailea, urtarrilaren 24an, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ane Pikaza aktorea eta ilustratzailea, urtarrilaren 24an, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2025eko otsailaren 1a
05:00
Entzun

La Dramatica Errante konpainiaren Adiorik ez antzezlan berriko entseguetan bete-betean murgilduta dabil egunotan Ane Pikaza aktorea eta ilustratzailea (Bilbo, 1984). Joan den astean estreinatu zuten, Bilboko Arriaga antzokian, eta datozen asteetan biran arituko dira: bihar, esaterako, Barakaldo antzokian taularatuko dute, 19:00etan. Antzezlea eta ilustratzailea izateaz gainera, konpainiako sortzailea ere bada Pikaza. Diziplina batetik bestera jauzika aritzen da, eta, lan egiteko moduak guztiz desberdinak badira ere, bi diziplinak uztartzen ditu batzuetan. Gustuko du bere jarduna, baina iruditzen zaio beharrezkoa dela lan baldintzak hobetzea.

Heriotza eta zaintza aringarriak lantzen ditu Adiorik ez antzezlanak. Oraindik ere kostatu egiten da halako gaiez hitz egitea?

Bai. Gaur egungo gizartean bizitzeari begira bizi gara. Neurri batean, normala da, baina bizitza horretan heriotza ere hortxe dago ezinbestean. Gaia serioa den arren, umoreak ere badu lekua antzezlanean.

Maria Goirizelaiak eta biok kudeatzen duzue La Dramatica Errante konpainia. 2022an martxan jarri zenutenetik, hiru antzezlan taularatu dituzue: Altsasu, Yerma eta Adiorik ez. Nolatan erabaki zenuten elkarrekin antzerki konpainia bat sortzea? 

Mariak eta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar: antzerki eskolan batera aritu ginen, Kabia antzerki laborategian ere bai... Antzerkia ikusteko modu paralelo bat dugu, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak dituen. Finean, bizitzak eta hartutako erabakiek eraman gintuzten antzerki konpainia bat sortzera. Ez da erraza izan, baina elkarrekin halako apustu bat egiteak asko erraztu ditu gauzak.

Alde horretatik, antzeman izan duzu sektoreko kideen artean saretzeko beharrik?

Egia da denok ezagutzen dugula elkar eta badugula sare komun bat, baina ezberdina da. Gure aldetik, sentitzen dugu La Dramatica Errante ez garela gu biok, familia txiki bat baizik.   

«Antzezpenetik kanpo, lan esparru asko daude obra bat gauzatzeko ezinbestekoak eta ikusezinak direnak. Horiek bertatik bertara ezagutzea oso onuragarria da»

Nolakoa da antzerki konpainia batean lan egitea?

Oso interesgarria. Konpainia batean zaudenean, begirada zabalagoa da. Antzezle gisa, entsegu gelara iristen zarenerako, aurretik lan izugarria dago eginda, urteetako lana. Izan ere, sorkuntza on bat egoteko, lan asko egin behar da aldez aurretik. Gogorra da, baina polita ere bai aldi berean: zoragarria da buruan duzun ideia benetakoa bihurtzen dela ikustea. Antzezpenetik kanpo, lan esparru asko daude obra bat gauzatzeko ezinbestekoak eta ikusezinak direnak. Horiek bertatik bertara ezagutzea oso onuragarria da.

Konpainia alde batera utzita, Erriberriko Antzerki Jaialdia (Nafarroan) ere elkarrekin antolatzen duzue. Zer moduzkoa izan da orain arteko esperientzia?

Duela lau urte antolatu genuen lehenengoz, eta oso esperientzia aberasgarria izan da orain arte. Herria eta jaialdia ezagutzeak asko laguntzen du. Gure begirada ematen saiatu gara urte askoan martxan den jaialdiari.

Hasieratik argi izan zenuten obren %50 emakumeenak izango direla beti. Industriako ohiko kopuruen isla da?

Ez. Mariak eta biok mundua ikusteko dugun modua da. Guretzat bereziki garrantzitsua zen parekidetasun hori ezartzea, eta espero dugu, jaialdia antolatzeari utzi arren, datorrenak erabaki hori lekuko bezala hartzea. Lanen %50 emakumeenak izateak ez du esan nahi lan horiek emakumeen gaiez hitz egin behar dutenik; emakumeok gai gara edozein gairi buruz hitz egiteko, eta garrantzitsua da horiei guztiei ahotsa ematea. Arte eszenikoen mundua pluralago egitea da gure nahia.

Zer beste ekarpen egin diozue jaialdiari?

Askotariko ekarpenak egiten saiatzen gara, eta apurka-apurka goaz. Erriberriko herritarrekin lan egiten duten proiektuak ekartzen ahalegintzen gara: jasangarritasunari erreparatzen diotenak, baita inklusioari, eta Nafarroako konpainiei eta dramaturgia berriei erreparatzen dietenak ere. Horrez gainera, euskarazko proposamenei eusten ahalegindu gara, eta, ahal izan dugun heinean, gehitzen. Gai sozialetan jarri dugu arreta. Era berean, antzerkiaren munduan lan egiten dutenentzat zein gazteentzat tailer gehiago eskaintzen hasi gara.

Zuk Arte Ederrak ikasi zenituen. Nondik datorkizu zaletasuna?

Ez dakit. Nire aitak betidanik pintatu izan du, eta sarritan joaten ginen [Bilboko] Arte Ederren Museora. Horrez gainera, dantza egin nuen urte askoan, eta agertokiak ere gustatzen zitzaizkidan. Oso saltseroa nintzen. Unibertsitate garaian Arkitektura ikasi nuen urtebetez, eta hor jarraitzekoa nintzen, baina ez neukan argi. Bolante kolpe bat eman, eta Arte Ederrak eta antzerkia ikasten hasi nintzen. 

Karrerako bigarren urtean zeundela, ETB1eko Goenkale telesailean hasi zinen. Nolako eskola izan zen zuretzat?

Sekulakoa; asko ikasi nuen. Astean hirutan-edo grabatzen genuen, eta jende asko ezagutzeko aukera izan nuen. Euskal aktore asko pasatu gara telesail horretatik.

(ID_17377087929875) Goenkale
'GOENKALE'. Arte Ederrak ikasten ari zen bitartean, ETB1eko 'Goenkale' telesailean aritu zen Ane Pikaza, bi urtez. Ikasketak amaitu zituenean, Florentziara (Italia) joan zen Erasmus beka batekin, eta, handik itzulitakoan, EHUren antzerki titulua atera zuen. Gerora, beste hainbat antzerki ikastaro ere egin ditu. Irudian, 'Goenkale' telesaileko hainbat aktore, 2006an, Donostiako Aquariumean. Pikaza, eskuinean. EITB
Egun, euskarazko halako ekoizpenen falta sumatzen duzue aktoreok?

Gizartea etengabe ari da aldatzen, eta, horrekin batera, telebista kontsumitzeko modua ere aldatu egin da: beste era bateko ekoizpenak daude, laburragoak. Zergetan hobariak dituztenez, hainbat ikus-entzunezko ekoizpen grabatzen ari dira; Bizkaian, esate baterako. Euskarazko fikzioa behar dugu, eta uste dut esportatzeko moduko telesailak egiteko gai garela, euskaraz sortutakoak eta kanpora begira interesgarriak izan daitezkeenak.

Hainbat antzerki ikastaro egin zenituen arren, ilustraziora itzultzea erabaki zenuen. Nolatan?

Egia esan, biak batera ere egin izan ditut. Antzerkia egiten hasi nintzenean, adibidez, antzezlanetako kartelak nik egiten nituen. Ilustrazioari denbora gehiago eskaintzen hasi nintzen pixkanaka, baina bi diziplinak uztartu izan ditut. Gaur egun ere hala nabil. Proiektuaren arabera, bi diziplinak uztartzen ditut.

Nondik abiatzen zara ilustrazioak sortzeko?

Proiektu bakoitzari ekiteko leku ezberdinak daude. Proiektuaren araberakoa da. Nik nahi dudalako sortzen baldin badut, zerbaitek pizten dit irudia egiteko gogoa. Kanpotik datorren zerbait bada, berriz, bestelako lanketa bat egiten dut: kontzeptutik abiatzen naiz, baina beti bilatzen ditut bestelako metafora batzuk sinpleegi izan ez dadin. 

«Aktorea edo ilustratzailea bakarrik izango banintz, ezinezkoa izango litzaidake horretaz bakarrik bizitzea; bestelako lan batzuk bilatu beharko nituzke»

Antzerkia eta ilustrazioa diziplina artistikoak badira ere, guztiz desberdina da lan egiteko modua. Zer eskaintzen dizu batak eta zer besteak?

Antzerkiak, lantalde bat: taldean pentsatzea, taldean lan egitea... Elkarrekintza hori oso aberasgarria da. Ilustrazioak, berriz, denbora malguago bat ematen dit. Oso barrurako lana da; nire barne munduan sartzen naiz.

Eta nola antolatzen zara?

Proiektuz proiektu joaten naiz. Egutegia denbora askorekin aurreikusten dut, eta badakit gutxi gorabehera nolako lan lerroak izango ditudan luzera begira. Zubi batzuk daude diziplina baten eta bestearen artean, eta, batzuetan, gurutzatu egiten ditut.

Bide horretan, amatasunak nola eragin dizu sortzaile moduan?

Denbora gutxiago dut orain. Orduan, daukadan denbora urrezkoa bilakatzen da. Beste neurri bat hartzen diozu. Hasiera batean, uste nuen ezingo nuela, baina zortea izan dut txikia nire bizimodura moldatu delako. 

Antzerkian ez ezik, zineman ere egin duzu bidea; euskarazko zenbait filmetan aritu izan zara. Nahiko zenuke zineman sakontzea edo lan gehiago egitea?

Bai, bai eta bai. Nahiko nuke, baina ez da erraza, asko garelako eta proiektu askorik ez dagoelako.

Ez da gauza bera izango telebistan, zineman edo oholtza gainean antzeztea. Non aritzen zara erosoen?

Oraingoz, antzerkian. Aspalditik arte eszenikoen munduan nago murgilduta, eta hori da nire egunerokotasuna, finean. Egunero egiten ditugun gauzekin erosoago sentitzen gara.

Diziplina artistikoaren ertz asko ezagutzen dituzu. Nola dago sektorea?

Egun arte eszenikoen esparruan nabil, eta ikusten dut beti daudela zailtasunak gauzak garatzeko. Ahalegin handia egin behar dugu. Kulturan sinesten dugunok gizartea aldatzeko tresna moduan ikusten dugu kultura, baina erantzukizun handia dago, baldintzak ez baitira oso onak. Maitasun handia jartzen dugu gure proiektu bakoitzean, eta hori ondo dago, baina bizi ere egin behar dugu. Egiten dugun lana ezin daiteke maitasunarekin bakarrik ordaindu. Lan baldintzak hobetu behar dira. 

Zuri zerk eman dizu egonkortasuna?

Lan asko egiteak. Aktorea edo ilustratzailea bakarrik izango banintz, ezinezkoa izango litzaidake horretaz bakarrik bizitzea; bestelako lan batzuk bilatu beharko nituzke. Lortu dut gustatzen zaizkidan bi lanak eginez bizi ahal izatea, baina biak behar ditut bizirik irauteko.

MOTZEAN

Aktore bat?
Kepa Errasti.

Ilustratzaile bat?
Higinia Garai.

Antzezteko oholtza bat?
[Bilboko] Arriaga antzokia.

Antzeztu nahiko zenukeen pertsonaia bat?
Oso-oso maltzurra den norbait.

Ilustrazioak egiteko leku gustukoena?
Nire etxea.

Bizitzako plazer bat?
Lagunekin egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.