Bilboko Konpartsek Madriles buruhandia aurkeztu dute Aratusteetan. Alde zaharreko bizilaguna zena gogoratu dute horrela. Haren memoria omendu dute. Madriles Zazpikaleetan bizi izan zen 1970eko hamarkadan, eta 1983ko uholdeetan hil zen, taberna batean itota. Orduan, noski, omenaldiak ez ziren beste beharrizan premiazkoago batzuk zituzten bilbotarrek: Bilbo berreraikitzea. Alabaina, hil eta lau hamarkada pasatuta, zor zioten omenaldia egin diote azkenik, hari eskainitako buruhandi batekin eta Barrenkalen ipini duten horma irudi batekin.
Batzuek diote Iglesias abizena zuela eta Pablo Iglesiasen iloba zela. Beste bilbotar batzuek, II. Errepublikan diputatua izan zela. Madrildik etorri zela ere badiote batzuek; hortik ezizena. Kondaira ugari daude Madrilesi buruz, baina ziurra den bakarra zera da: Bilbora heldu zela 1970eko hamarkada inguruan, eta Zazpikaleetako bizilagunen sinpatia bereganatu zuela. «Inork ez zekien nondik etorri zen, ezta haren benetako izena zein zen ere», esan zuen Mikel Martinez aktoreak domekan, Txakur kaleko iturrian egin zioten aurkezpenean.
Ziurra den bakarra zera da: Madriles Bilbora heldu zela 1970eko hamarkada inguruan, eta Zazpikaleetako bizilagunen sinpatia bereganatu zuela
Handiegia zuen traje zahar bat jantzita eta bizar luzearekin ibiltzen zen alde zaharretik Madriles. Barrenkale, Artekale eta inguruko kaleetako tabernarien laguna zen, eta euren tabernetan lo egiten uzten zioten. Auzokideei tragoak ateratzen zizkien, eta tabernetako barretan filosofatzeko joera handia zuen. Ezagunek diotenez, hitzekin trebea zen, ikasia, kultura handikoa; baita gorria ere, anarkismotik gertukoa. Egun ona zuenean berritsua eta idealista zela gogoratu zuen Martinezek, askatasunaren zalea, baina egun kaskarrak ere bazituela, jenio txarrekoak.
Halere, bizirauteko, kartoiak eta zaramako trasteak biltzen zituen Erriberako merkatuan orgatxo batekin, gero saltzeko. «Etxegabea» zela, ez ordea «eskalea» nabarmendu zuen Martinezek omenaldian. Ezaguna zuen, eta hil zenean tristatu egin zela aitortu zuen: «Madriles, hil zinenean malko batzuk lapurtu zenizkigun, kabroia!».

Haren heriotza tragikoa izan zen. 1983ko abuztuaren 26ko gauean, taberna batean lo harrapatu zuen Madriles Bilbo hondatu zuen uholdeak. Hurrengo goizean, Txomin Barulloko konpartsakide batek aurkitu zuen haren gorpua, lokatz artean.
Domekako omenaldi jendetsuan, Bilboko erraldoi eta buruhandiez gain, haur, heldu eta adineko jende andanak gogoratu zuten Madriles, gaiteroen musikak girotutako Txakur kalean. Zaharrenek oraindik ere «miretsita» gogoratzen dutela kontatu zuen Ane Zabala kazetari eta aktoreak: «Mundu hobe bat posible zela esaten zenien, eta haiek gogo onez sinisten zintuzten». Madrilesen memoria ahanzturan galdu ez dadin egin dute buruhandia, hain zuzen ere, Zabalak Madriles zenari azaldu zionez: «Txikienek ere zure berri izan dezaten!».
Beira zuntzezko Madriles
Madriles Bilboko buruhandien belaunaldi berri baten lehen figura izan daiteke. Hori azaldu du haren sortzaileak, Galder Anton Martinez artisauak. Buztinarekin, igeltsuzko moldeekin eta beira zuntzarekin egin du burua. Azken hilabetean izan da lanean batez ere.
Azaroan, Bilboko buruhandien konpartsa berritzeko proposamena egin zuten Bilboko Konpartsek, Galder Anton Martinezek azaldu duenez. Atrezzo artisauaz gain, konpartsakidea ere bada. «Azken buruhandi belaunaldia Pedro Goirienak egin zuen, 1980ko hamarkadan, XIX. mendeko pertsonaiekin», zehaztu du artisauak, «Iaz, konpartsek proposatu zuten Bilboko gaur egungo pertsonaia entzutetsuekin buruhandi belaunaldi berri bat egitea». Oraindik aurrera, Bilboko buruhandien konpartsako beste bat izango da Madriles.
«Azken buruhandi belaunaldia Pedro Goirienak egin zuen, 1980ko hamarkadan, XIX. mendeko pertsonaiekin. Iaz, konpartsek proposatu zuten Bilboko gaur egungo pertsonaia entzutetsuekin buruhandi belaunaldi berri bat egitea»
GALDER ANTON MARTINEZBuruhandiaren egilea eta konpartsakidea
Buruhandia eraikitzeko prozesuan, dena dela, hainbat pertsonak hartu dute parte: besteak beste, jostunek. Madrilesen traje handia berregiteko ardura Nati Ortiz de Zarate eta Angelique Garcia jostunek hartu dute. Eta kartoiak biltzeko orgatxoa ere ezinbesteko elementua izan da. Omenaldian gogoratu zutenez, behin orgatxoa lapurtu zioten Madrilesi, eta Zazpikaleetako bizilagunek dirua bildu eta berri bat erosi zioten.
Buruhandiaz gain, horma irudi bat ere egin diote Barrenkalen, sarritan zeharkatu zuen kalean, hil zen kalean. Lauza zuri-beltz apurtuekin eta porlanarekin, Madrilesen figura berregin du fatxada batean Fernan Garcia artistak. Madrilesen argazki ezagunenetakoa oinarri hartuta, plantilla bat egin, eta lauza puskekin diseinatu dute murala. Lan luzea eta zaila izan dela aitortu du artistak, baina merezi izan duela. Barrenkaleko eraikin bateko fatxadan ipintzen hiru bat ordu igaro zituen. Artistak aitortu du ez zuela Madriles ezagutu, baina detailea ideia ona iruditu zitzaiola: «Haren istorioa ezagutu nuen, oso hunkigarria iruditu zitzaidan, eta pentsatu nuen omenaldi bat merezi zuela».