Azken egunetako albisteak dira biak: Errekaldeko Etxarri II gaztetxea hustu dute eta Azkuna zentroko Lantegia espazioa STEAM gune bihurtuko dutela iragarri dute Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta La Caixa fundazioak. Herritarrek bi erabakien aurrean kontrakotasuna azaldu dute. Gaztetxearen alde manifestazioa egin zuten auzokideek huste aginduaren bezperan, eta 60 elkarte eta eragilek elkartasun manifestua sinatu zuten. Instituzioen erantzuna zuzena eta argia izan da: Ertzaintzaren zazpi furgoneta agertu ziren manifestazioaren egunean, eta herritarren aurka oldartu —baita foam pilotak jaurti ere—.
Gertakarien biharamunean, Ertzaintzak lortu zuen lokalera sartu eta hustea. Ez zen atzera-bueltarik egon. Hormak eta atea bota zituzten ertzainek, eta kanpoaldean ondo baino hobeto inguratu zuten.
Gaztetxean eta inguruetan ibili denak badaki eraikina eta alboan dituen gainerako eraikin industrialak ez direla inoiz administrazioaren interesekoak izan: ez udalaren interesekoak, ez aldundiarenak, ezta, noski, Jaurlaritzarenak ere. Oraingoan, luxuzko etxebizitzak eraiki nahi dituzte bertan. Hiriak espazio autogestionatu eta alternatibo bat galdu du; trukean, luxuzko hainbat etxebizitza irabaziko ditu auzo langile batean.
Azkuna zentroko 'Lantegia' gunea La Caixa fundazioak kudeatuko du aurrerantzean, eta Etxarri II gaztetxearen tokian luxuzko etxebizitzak eraikiko dituzte. Alkatearen hitzetan, hori da kulturaren demokratizazioa
Hiriaren erdigunean, berriz, STEAM gela bat irekiko du udalak, banketxe baten laguntzaz. Horretarako, kultur espazio baten pribatizazioa baliatu du: Azkuna zentroaren Lantegia espazioa, hain zuzen. Bilboko Udalak La Caixa fundazioaren esku utzi du gunea. Hamar milioi euroko inbertsioa egingo du erakunde pribatuak. Bertan, talentua sustatzea helburu duen «aisialdi» eremu bat sortuko dute, 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta. «Enpresek beharrezko duten talentu eta gaitasunak sustatu nahi dituzte», aipatu zuten udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Beraz, zein da helburua?
Erabakiak bi erreakzio izan zituen: Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariak dimisioa eman zuen albistea jakin eta berehala; eta, ondoren, kultura arloko 4.000 lagunek baino gehiagok proiektuaren aurkako manifestua sinatu zuten. Gunearen erabilerak baino gehiago, kudeaketa da zalantzak sortu dituena; eredua. Juan Mari Aburto alkateak, ordea, oso bestelako ikuspegia du egiten ari den jardunaz. «Hau kulturaren demokratizazioa da, ez pribatizazioa». Gelaren erabilerari besterik ez zion erreparatu nahi izan alkateak, eskuragarritasunari, eta ez, salatzaileek adierazi bezala, kudeaketari.
Azkuna zentroko Lantegia La Caixa fundazioak kudeatuko du aurrerantzean, eta Etxarri II gaztetxearen tokian luxuzko etxebizitzak eraikiko dituzte. Alkatearen hitzetan, hori da kulturaren demokratizazioa. Luxuzko etxebizitzek eta enpresa pribatuen inbertsioek eraikitzen dute Bilbo. Guggenheim dugu eredu eta ordezkari. Ikusteko daude STEAM gelak izango duen erabilera, Guggenheim Urdaibairen etorkizuna eta baita Etxarri II gaztetxea ordezkatuko duten luxuzko etxebizitzen erabilera. Demokrazia, norentzat? Kultura, nondik eta norentzat?