PROPOSAMENA: ONDAREAREN EUROPAKO JARDUNALDIAK

Lurraldeko altxorrak ezagutzeko parada

Bihar hasi eta urri osoan, Ondarearen Europako Jardunaldiak egingo dituzte Bizkaiko 72 udalerritan. Berrehun ekitalditik gora antolatu dituzte: besteak beste, ibilbideak, bisitak, tailerrak eta hitzaldiak.

Bi mendizale Urkiolako Parke Naturalean, artxiboko argazki batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bi mendizale Urkiolako Parke Naturalean, artxiboko argazki batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2024ko irailaren 28a
05:00
Entzun

«Ondarearen hilabetea da urria Bizkaian». Hala adierazi du Lexuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak, eta ez zaio arrazoirik falta: bihar hasi eta urri osoan Ondarearen Europako Jardunaldiak egingo dituzte: «Klasiko bat bihurtu dira urteko kultura egitarauaren barruan». 24. aldia izango da aurtengoa, eta Bideen, sareen eta loturen ondarea leloa aukeratu dute izenburutzat.

Herritarren eta ondarearen arteko «loturak ezartzea» dute helburu Ondarearen Europako Jardunaldiek; batez ere, bisitatzeko zailak edo horren ezagunak ez diren ondareekin, Aintzane Egileor jardunaldietako koordinatzailearen hitzetan: «Lurraldeko kultur ondarea esploratuko dugu, historian zeharreko merkataritza trukeen, kultura eta arte jardunbide partekatuen, sinesmenen eta ezagutzen bitartez». 

Denera, berrehun jardueratik gora egingo dituzte Bizkaiko 72 udalerritan. «Gure historiaren eta ondarearen ezagutzan sakontzeko aukera emango diegu berriro herritarrei. Adin guztietarako kalitatezko eskaintza erakargarria eta desberdina prestatu dugu», nabarmendu du Arrizabalagak. 

«Adin guztietarako kalitatezko eskaintza erakargarria eta desberdina prestatu dugu»

LEIXURI ARRIZABALAGABizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatua

Eskaintzaren artean ibilbide gidatuak izango dira nagusi. Herri bakoitzeko ibilaldietan, baserriak, zubiak, ermitak, errotak, burdinolak eta beste ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Horiez gainera, baina, herri batetik bestera joateko hamalau zeharkaldi egingo dituzte.

Meatzaritzarekin lotuta egongo dira zeharkaldi horietako gehienak. Burdinmendi bide berdea izango da horietako bat. Garai bateko trenbide azpiegitura bat da Burdinmendi bide berdea: Enkarterriko mendietako burdin mea garraiatzen zen bide horretatik. Pobeña eta Covaron arteko venaquera ibilbidea baliatuz, berriz, meatzaritzari eta ondareari buruzko istorioak kontatuko dituzte. 

Oinez egitekoak izango dira zeharkaldi horietako gehienak, baina ibilbideetako bi itsasontziz egiteko aukera izango dute bisitariek. Bilboko Itsasmuseuma bisitatu ostean hasiko da bata, Sestaoraino joango dira bisitariak, burdin mineralaren ibilbideari jarraituz; bestalde, Getxoko Abran barrena itsasontzian paseatzeko aukera ere izango dute beste ibilaldi batean.

Askotariko jarduerak

Ibilbide gidatuez gainera, bestelako ekintza batzuk ere prestatu dituzte antolatzaileek. Hitzaldiak, aurkezpenak, tailerrak eta erakusketak, kasurako. Bilboko Foru Liburutegian, Baskonia eta bidaiak: joan-itzuliko begiradak hitzaldi zikloa egingo dute. Arrigorriagako kultur etxean, Malmasinen eta Abrisketako San Pedro ermitetan egiten ari diren indusketa lanei buruzko azken datuen berri emango dute. Getxon, irratsaio bat egingo dute zuzenean. Sestaoko Albiz Santiago Llanos egoitzan bizi diren bost pertsonen testigantzak entzuteko aukera egongo da. Gorlizen, itsas bideei eta itsas paisaiei buruzko hitzaldia eskainiko dute.

(ID_17267537278995) San Pedro Abrisketa
Arrigorriagako San Pedro Abrisketa ermitako indusketa lanak, artxiboko irudi batean. GEURIA

Musikak ere presentzia nabarmena izango du aurtengo egitarauan: kontzertu didaktikoak egingo dituzte. Diego de Amezua Organo Lagunen Bizkaiko elkarteak, kasurako, organo modernoari eta horrek euskal musikan duen eraginari buruzko hitzaldi-kontzertua antolatu du. Musikenek, berriz, Buenaventura Zapirain konpositorearen figura hartuko du hizpide Lekeition. Bestalde, ikus-entzunezkoen proiekzioak zein haurrentzako tailerrak ere eskainiko dituzte.

Lehenengoa, bihar

Ondarearen Europako Jardunaldien 24. aldia Arantzazun abiatuko da, bihar eguerdian. Gorbeia, elurra abuztuan, elurtegitik garrafara lelopean, solasaldia eta erakustaldia eskainiko du Felix Mugurutzak. Elurtegiez zein elurraz mintzatuko da Mugurutza, eta garrafa bat ere prestatuko du —txakolinez egindako freskagarri moduko bat—, bisitariek dasta dezaten. 

Domekatik aurrera, «ia egunero» egongo da jardueraren bat edo beste lurraldean, doan. Ekintzetan parte hartzeko, aurrez izena emateko gomendatu dute antolatzaileek, jarduera batzuetako izen ematea mugatua baita. Hilabete osorako egitaraua osatzeko, Bizkaiko ehunka eragileren, elkarteren, kultur agenteren zein norbanakoren laguntza izan du Bizkaiko Foru Aldundiak. 

Urtero gai bat

Europako Kontseiluak 1991n antolatu zituen estreinakoz Ondarearen Europako Jardunaldiak, eta, ordutik, hainbat herrialdetan antolatzen dituzte jardunaldiak, Europako Batasunarekin lankidetzan. Bizkaia 2001. urtean batu zen ekinbide horietara, eta, urtero-urtero, gai jakin baten inguruko jardunaldiak egiten dituzte. Besteak beste, ondare immateriala, ondare iraunkorra, ondarea eta hezkuntza, ondare jasangarria, industria ondarea eta baserriko bizimodua eta tradizioa bezalako gaiak landu dituzte urteotan guztietan.

JARDUERA BATZUK

  • Urkiolako sekretuak errege bidetik (Abadiño). Urkiola mendigune bat izateaz gain, igarobide bat ere izan zen garai batean. Askotariko merkantziak, pertsonak… igarotzen ziren handik, eta, haren inguruan, ermitak, ostatuak zein santutegiak eraiki zituzten. Juanjo Hidalgo historialariaren bitartez, iraganeko garaietara bidaiatuko dute bisitariek. 
  • Meatzaldea ezagutuz, 'orientining' (Abanto-Zierbena). Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren bidez, pista joko bat egingo dute Abanto-Zierbenan. Meatzaritzaren iraganeko pasarterik esanguratsuenak ezagutuko dituzte parte hartzaileek, jolas giroan.
  • Balmaseda, jauzia Erdi Arora. Bizkaian dagoen hiribildurik antzinakoena da Balmaseda, eta historia eta ondarea ere horrelakoak ditu. Errealitate birtualeko betaurrekoei esker, Erdi Aroan Balmasedako kaleak, harresia eta gaztelua nolakoak ziren jakingo dute bisitariek.
  • Baltzola-Indusi, ibilbide magikoa (Dima). Kondairen arabera, izaki mitologiko askoren bizilekua izan zen Baltzola haitzuloen ingurua. Hamabi puntutatik igaroko da ibilbidea, eta QR baten bitartez informazioa eskura badaiteke ere, zuzeneko antzezpenak ikusteko aukera izango da jardunaldian.
  • Ereñoko marmol harrobiak: altxor gorritik arte galeriara (Ereño). 1960ko hamarkadan, marmol gorriaren ustiapena nagusitu zen Ereñoko Geranda mendiko harrobietan. Urteetan geldi egon eta gero, Rober Garaik eta Alberto Palomerak harrobiak biziberritu zituzten 2019an, bertan egindako eraldatze artistikoarekin. Eskultura multzo horiek bisitatuko dituzte.
  • Gure erromeriak (Galdakao). Sasoi batean, erromeriak ziren gizarte harremanetarako tresna bakarrenetarikoa. Oinez, bizikletaz, tranbiaz, autobusez zein autoz joaten ziren gazteak albo herrietako erromerietara eta trikitiaren eta panderoaren inguruan dantzan ibiltzen ziren. Garaiak aldatuz joan diren modu berean, ohiturak ere aldatuz joan dira, eta, egun, erromeriek ez dute lehengo besteko indarrik. Juan Manuel Etxeberriak hitzaldia eskainiko du gaiaren inguruan.
  • Ardoaren eta arrainaren ibilbidea (Ondarroa). Ardoaren eta arrainaren ibilbideak eginkizun garrantzitsua bete zuen Euskal Herriaren historian. Bi elikagai horien garraiobide ez ezik, merkataritzaren banaketarako zein gizarte harremanetarako bide bezala ere erabiltzen zen. 
  • Artzaintza naturbidea (Zeanuri). Ia bostehun kilometroko ibilbidea da GR-282a. Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Burgosko (Gaztela eta Leon, Espainia) artzain bide batzuen batura da. Horietako tarte bat Gorbeiako Parketxetik igarotzen da: bisitariek abereek markatutako bidezidorretako batzuk ezagutzeko aukera izango dute. 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.