Ideia ez da berria: 2020an bururatu zitzaien eta hainbat erakunde publikotara jo zuten aurkeztera. Baina ikusi dute bost urte igaro direla, eta berriro proposatzea erabaki dute. Lemoizko Etzandarri mendi taldeak udalerrian dagoen zentral nuklearra eta haren inguruko 850 hektareak naturgune babestu izendatzea gura dute. Izena ere topatu diote: Lemoizko itsaslabarrak. «Erabateko utzikeria dago eremu horren inguruan, eta iruditzen zaigu konponbide bat eman behar zaiola. Zentralaren auzia agenda publikoan egotea nahi dugu», adierazi du mendi taldeko kide Josu Alberdik. Proposamena hedabideetara bidali zuten joan den astean, eta berriro erakunde publikoekin bildu gura lukete. Eusko Jaurlaritzaren Irekia atarian ere eskegi dute, herritarrek ezagutu eta bozkatu ahal izateko. Egunotan biltzekoak dira Lemoizko alkatearekin.
Ikusi gehiago
Alberdiren esanetan, jendeak uste du inguru hori «hondatuta» dagoela, baina ez da hala. «Bai, porlanezko azpiegitura erraldoi bat ipini zuten hor, baina eraikinak ez ditu hamar hektarea ere betetzen. Guztira, zentralak 180 hektarea hartzen ditu, balio ekologiko handikoak, eta Eusko Jaurlaritzarenak dira».
Lehenengo EAEko gobernuak ingurua legez babestea gura du Etzandarri mendi taldeak. «Parke natural izatera ez da helduko, agian, edo bai. Adituek esango lukete». Behin babestuta, herritarren esku geratzea nahi luke. Horretarako, inguruaz gozatzeko ibilbideak seinaleztatzea litzateke hurrengo pausoa. Etzandarrikoek ibilbide batzuk proposatu dituzte, baita harrera gune bi ezartzea ere. «Hainbat baserri daude, zentrala eraikitzeko desjabetu zirenak. Haiek erabil daitezke». Eremu horretarako dagoeneko badaude bost ibilbide Wikiloken ere jasota: Armintza-Etzandarri, Armintza, Anparrantxi-Basorda, Anparrantxi-Martxaga-Urbietalde, Urbietalde-Uredarionako ur jauzia eta Urbietalde-Usategi.
«Armintzatik Bakiorako errepidea hartuta, argi nabaritzen da Lemoiz eta Bakio arteko muga. Bakiok ondo egin ditu gauzak»
JOSU ALBERDI Lemoizko Etzandarri mendi taldeko kidea
Etzandarri taldearen proposamenak enplegua sortuko luke. Lehenengo, ingurua egokitu beharko litzateke, eta gero, kudeatu, mantendu eta harrera lekuetan bisitariak jaso. «Lemoizen garapen ekonomiko jasangarri bat sustatuko litzateke».
Bizkaiko kostalde horretan Lemoizkoa «zulo beltz bat» dela iruditzen zaio Alberdiri: «Armintzatik Bakiorako errepidea hartuta, argi nabaritzen da Lemoiz eta Bakio arteko muga. Bakiok ondo egin ditu gauzak. Baita beste aldera, Gorlizerantz jota ere». Lemoizko kostaldea eukaliptoz beteta egotea txarretsi du. Gainera, nabarmendu du ingurua panpa lezkaz eta bestelako espezie inbaditzailez beteta dagoela. Haren ustez, naturgune babestu izendatzeak hori konpontzen lagunduko luke.
Era berean, lege babesak norabide bat ezarriko lioke zentralaren azpiegiturari. «Zer egin erreaktore nuklearrarekin? Gu horretan ez gara sartu. Gauza asko egin daitezke, baina guk zera nahi dugu, esparrua naturagune babestua izatea». Alberdik salatu du erakunde publikoak «proiektu zoragarri» baten zain daudela zerbait egiten hasteko. «Baina ez da ailegatuko. Arrain haztegia, behintzat, ez da izango. Hau ez da leku ona horrelako zerbaitentzat». Ingurua bezala, zentrala ere herritarrentzat izan beharko litzatekeela esan du Etzandarriko kideak.