Lemoiz iluntasunetik askatzeko

Lemoizko zentral nuklearra eta haren inguruak erabilera publikoko gune bihurtzeko proiektua ondu zuen Carmen Abad arkitektoak ikasketak amaitutakoan. Orain jendeari erakutsi dio proposamena, Bilbon atondu duen erakusketa baten bidez.

Carmen Abaden proiektua azaltzen duen maketa, Arkitektoen Elkargoan, Bilbon. Zentrala dagoen plataforma eta urtegia zelan geratuko liratekeen ikus daiteke. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Carmen Abaden proiektua azaltzen duen maketa, Arkitektoen Elkargoan, Bilbon. Zentrala dagoen plataforma eta urtegia zelan geratuko liratekeen ikus daiteke. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko apirilaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako mapa turistiko bat da, 1990eko hamarkada bukaerakoa. Bizkaiko kostaldean egunpasa egiteko proposamena egiten du, baina Gorliztik Bakiora, kostaldetik jarraitu ordez, Mungiatik bidaltzen du bidaiaria. «Leku liluragarriak ikus zitezkeen itsasertzean, baina justu inguru hori ez zuten erakutsi nahi. Inor ez zen handik pasatzen, egia esan; ezin zen, Guardia Zibilaren kontrolak egoten zirelako», gogoratu du Carmen Abad Ibañez de Matauko arkitektoak. Lemoizko zentral nuklearra saihestu behar zen. «Gure gertuko historian eta gure kostaldean dagoen zulo beltz bat», Abaden esanetan.

Arkitektura ikasketak bukatuta, Lemoizko zentrala eta bere inguruak erabilera publikoko gune bihurtzeko proiektua ondu zuen hark, eta orain, erakusketa bihurtuta, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko egoitzan dago ikusgai, Bilbon. «Nire proposamena da lekua duen karga negatibo horretatik askatzea eta han jendeak gozatu ahal izango duen zerbait egitea», azaldu du Abadek. Eraikin gehienak eraitsiko lituzke, erreaktore biak ikur moduan mantenduz, aztarna gisa, tokiko memoriaren zati gisa. «Sinbolo negatibo hori sinbolo positibo bihurtuko nuke etorkizuneko belaunaldientzat».

Obrak hasi zireneko albisteak, proposamena lantzen ibili zeneko zirriborroak, maketak, ikus-entzunezkoak..., askotariko elementuak bildu ditu. Apirilaren 30era arte bisita daiteke, goizetan. Gainera, martitzen eta eguenetan bisita gidatzen du Abadek (12:00); aurrez Kultura.bizkaia@coavn.org helbidean izena eman behar da. Apirilaren 10ean, 18:30ean, mahai inguru bat gidatuko du: Daniel Calatayud arkitektoa eta Joseba Zulaika antropologoa izango dira hizlariak. 

Abaden ibilbide osoa markatu du Lemoizko zentralak. Umetan Gorlizen pasatzen zituen udak gurasoekin eta ahizparekin. 1976an, Plentzia eta Gorliz artean egin zen manifestazio jendetsuan hartu zuen parte familiarekin. 15 urte zituen. Hainbesteko zirrara sortu zion, proiektuaren inguruko informazioa biltzen hasi zela. Bi urtera, Bartzelonara joan zen, unibertsitatera. «Nire lagunek esaten didate Arkitektura ikastea erabaki nuela leku honi konponbide bat emateko». Abadek gura duena da zentrala «adiskidetzearen ikur» bihurtu. 

Hainbatek proposatu izan dute zentralarentzat konponbide egokia zera litzatekeela: euste dikea kendu eta itsasoaren indarrak irents dezala azpiegitura apurka. «Gladys del Estalen amari proiektua erakutsi nionean, esan zidan horixe nahi zuela, baina ezinezkoa da». Del Estal 1979an hil zuen Guardia Zibilak, Tuteran (Nafarroa), zentral nuklearren aurkako protesta batean. Abaden esan du egungo legediak ez duela onartzen hondakin geldoak isurtzerik, eta, gainera, itsas hondoa erabat hondatuko luketela. Hala ere, hark ere murrua kenduko luke, bisitariei itsasoaren «ikusmira paregabea» eskaintzeko. 

1980ko urteetan, azpiegitura guztia eraistea zenbat kostatuko litzatekeen kalkulatu zuen Eusko Jaurlaritzak: orduko 2.500 milioi pezeta ziren. Kopuru horren berri izan zuenean, Abadek helburu bat ipini zion bere buruari: 116 hektareako toki hau erabilera publikorako berreskuratzeko bere proiektuak beharko lukeen aurrekontua dena eraisteko beharko litzatekeen diru publikoa beste edo gutxiago izatea. Hain zuzen, 2003an kalkulatu zuen bere proiektuak zenbat kostatuko lukeen: 30 milioi euro. Jaurlaritzak beharko lukeen aurrekontua ere eguneratu zuen, eta 34 milioi euro ziren ordurako. Gaur egun, 67 milioi beharko lituzke Jaurlaritzak ingurua husteko, eta 50 milioi, Abaden proposamena gauzatzeko.

Jaurlaritzak aitortu du ez duela arrain haztegia jartzeko datarik

Oposizioko kideek egindako galderei erantzunez, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak Legebiltzarrean aitortu du Eusko Jaurlaritzak ez duela Lemoizko zentral nuklearrean arrain haztegia jartzeko ez egutegirik, ez datarik. «Espero da eremuaren garapenean aurrerapen garrantzitsua egin ahal izatea legegintzaldi honetan».

Gaur egun, ingurua egokitzeko lanak etenda daude, Lemoizko Udalak martxoan ezezkoa eman ziolako euste dikea konpontzeko obra baimenari. Lizentzia eman aurretik, Basordako kalan garatuko den proiektua osorik ezagutzea eskatu du udal gobernuak, baina, Jaurlaritzako sailburuaren esanetan, «ezinezkoa da». Jauregik ohartarazi du ezinbestekoa dela dikea konpontzea, zentrala dagoen plataforma ez hondatzeko. 2022tik hona, 418.165 euroren inbertsioak egin ditu EAEko gobernuak; batez ere, Urbietako urtegian. 

Jaurlaritzak Akuikultura Ikerketa eta Ekoizpen Polo «berritzaile eta jasangarri» bat egin nahi du Basordako kalan. Alde batetik, haztegi espezializatu bat ezarri nahi du, «kalitatezko produktuak ekoitziko» lituzkeena. Bestetik, produkzio prozesuen optimizazio eta iraunkortasun eremuetan ikerkuntzara eta berrikuntzara bideratutako I+G+B zentro bat bultzatzea ere jasotzen du egitasmoak. «Proiektu hori beste batzuekin bateragarria izango litzatekeela kontuan hartuta, beste proiekturen bat hartzeko aukera aztertzen ari gara», esan du Jauregik. 

Hiru gunek osatzen zentralaren ingurua. Erdigunean zentrala bera dago, itsasoari kendutako eremu batean: itsas mailatik zortzi metrora dagoen hamabost hektareako plataforma bat da. Mendebalderako hamazazpi hektareako beste plataforma bat sortu zuten 1970eko hamarkadan. Gaur egun hutsik dago, eta Abadek han itsasoaz gozatzeko begiraleku «ikusgarri» bat jartzea proposatzen du. Han egongo litzateke aparkalekuetako bat, eta autobusentzako geralekua. Arkitektoak ezinbestekoa ikusten du Armintza eta Bakio lotuko lituzkeen autobus linea publiko bat sortzea, herrigune biak elkarri bizkarra emanda bizi direlako tartean zentrala dutenetik.

Beste aparkaleku bat eta geraleku bat zentrala dagoen plataforman leudeke. Han daude erreaktorearen eraikin erraldoi biak. Erromako Agriparen Panteoiaren alderatu ditu, tamainan, forman eta ikusgarritasunean. «Zentralaren ikurrak dira, bisitarientzat interesa luketenak». Bakoitzak bere eraikin laguntzailea eta erregai biltegia zituen, eta, horrez gain, administrazio eta kontrol eraikina eta turbinena ere bazeuden. Bigarren mailako eraikin horiek denak lurzorura arte eraitsiko lituzke, eta lurpean geratuko liratekeen solairuak mantendu.

Lemoizko zentrala erabilera publikokoko gune bihurtzeko proposamenari buruzko erakusketa, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Lemoizko zentrala erabilera publikokoko gune bihurtzeko proposamenari buruzko erakusketa, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Plataforma horretara datozen erreketako ura azaleratuko luke berriro Abadek, eta eraitsitako guneetan sortuko lituzkeen lorategi eta labirintoetatik turbinen eraikina izandakoan sortuko lukeen ur biltegi erraldoian itsasoratuko lirateke, nolabait. Lurzoruaren parean legokeen «itsaso irla bat» litzatekeela esan du arkitektoak; 165 metro luze eta 45 metro zabal. Mareen arabera gorago edo beherago egongo litzateke ura. Gainera, plataformaren ertz batean, ur gezako igerileku handi bat sortuko litzateke, «ikusgarria». 

Abaden proposamena da, labirintoen bitartez sortuko den ibilbideari esker, jendeak erreaktore biak bisitatu ahal izatea eta inguruaz gozatzea. Jorge Oteiza artistaren espiral formako labirintoan dago oinarrituta; izan ere, Oteiza zenaren hutsaren teoria izan du inspirazio Abadek. Horrez gainera, azaldu duenez, eraitsiko liratekeen eraikinetan, lurpean geratuko liratekeen solairuetan bestelako jarduerak egin daitezke. Dena den, hori ekimen pribatuaren esku utziko luke. 

Azken gunea urtegia litzateke. Arkitektoak mantentzearen aldeko hautua egin du, uste baitu aisialdirako aukera asko eskain ditzakeela; esaterako, txalupatxoak ipini. Esan du ere urtegiko hormapean dagoen hondartzarako sarbideak egokitu beharko liratekeela, jendeak hartaz seguru gozatu ahal izateko. Gaur egun surflariak joaten dira, eta soka batetik zintzilik jaisten dira. 

Inguruak duen balio ekologikoa azpimarratu du Abadek. Nabarmendu du hegazti migratzaileen babesgune izendatuta dagoela. Iruditzen zaio turismoa erakartzeko lagungarri izan daitekeela bere proposamena, eta, bide batez, balioko lukeela «bisitari gehiegi jasotzen dituzten beste leku batzuk arintzeko». Berak diseinatutakoa oinarria da bisitatzeko, gogoratzeko eta elkartzeko leku bihurtzea zentrala. Adierazi duenez, hortik abiatuta, kulturari eta aisialdiari lotutako jarduera asko garatu daitezke, betiere zentralaren historia eta memoria errespetatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.