Enpresa ikasketak egin zituen Mikel Astelarrak (Muxika, 1958). Gerora, baina, ez du sekula horretan jardun: irrati esatari aritu da Bilboko Herri Irratian eta Bizkaia Irratian. Zorion agurrak bidaltzeko tartean gidari izan da urte luzez, eta kirol esatari moduan ere ospea lortu du. Erretiroa hartu berri du. Gernika-Lumoko zesta eskolako presidentea da egun, eta politikagintzan ere aritu izan da. Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan elkartu da Bizkaiko Hitza-rekin.
Joan den asteko eguenean hartu zenuen erretiroa Bizkaia Irratian. Zer moduz zaude?
Orain, berdin-berdin, egoera berri hau asimilatu barik. Oporretan nagoen sentsazioa dut.
Enpresa ikasketak egin zenituen berez. Nolatan hasi zinen irratian lanean?
Soldaduska amaitu berritan, euskaraz alfabetatu nahi izan nuen, eta ikastaro bat egiten hasi nintzen Labayrun. Han nengoela, iragarki bat ikusi nuen horma batean: «Bilboko Herri Irratiak esatariak behar ditu». Betidanik izan naiz irratizalea, eta, bereziki, garai hartan Herri Irratian zeuden bi irratsaio nituen gustuko. Eguzkik [Jesus Eguzkiza] egiten zuen horietako bat. Fenomeno bat zen, eta haren jarraipena egin nahian-edo joan nintzen proba egitera. Elkarrizketa bat egin zidaten, eta handik lau hilabetera deitu ninduten bekadun hasteko.
Zelan oroitzen duzu hasierako garai hura?
Oso urte onak izan ziren, oso giro ona geneukan. 07:00etatik 14:30era egiten genuen euskarazko programazioa, eta denetarik egin behar izaten genuen: prentsaurrekoetara eta kirol arloko probetara joan, magazinetan parte hartu, elkarrizketak egin… Jende jatorra ezagutu nuen, eta irakasle onak ere izan nituen tartean: Kepa Uriarte, Juan Mari Iraolagoitia, Adolfo Arejita... Horrez gainera, asko irakurri behar izan nuen irratiko adierazpena-eta lantzeko, eta hala ikasiz joan nintzen, apurka-apurka.
1990ean sortu zen Bizkaia Irratia. Nolatan?
Urte horietan entzuleria asko handitu zen, publizitatea ere handituz joan zen, eta diru laguntza on bat jaso genuen. Frekuentzia bat eman zioten Bilboko Elizbarrutiari, eta hala sortu zen Bizkaia Irratia. Oso-osorik eta 24 orduz bizkaieraz egiten zen. Tresneria guztia berria zen, eta gure eginbeharra zen Bilboko Herri Irratiko programazioa luzatzea, egun osoan emititzen hasi baikinen.
Gerora, zer bilakaera izan du irratiak?
Hasieran gogotsu hasi ginen, eta entzuleen aldetik ere erantzun oso ona jaso genuen. Datuen arabera, 25.000 eta 30.000 entzule bitarte izaten genituen egunero. Gerora, gorabeheraren bat edo beste izan dugu, baina pozik gaude jendearen harrerarekin. Urte hauetan guztietan irratigintza asko aldatu da, esparru berrietara zabaldu, eta guk geuk ere horretara egokitu behar izan dugu derrigorrez.
«Garai batean, entzuleek interesa zuten gure itxura nolakoa zen jakiteko. Nire ahotsarekin, abade zahar bat imajinatzen zuten. Urte askoan egon naiz irudi horrekin, eta, itxura hori ez apurtzeko edo, ez nintzen jendaurrean agertzen»
Bereziki, zorion agurrak bidaltzeko tartean aritu izan zara zu —Bizkaia Irratiko irratsaiorik zaharrena da egun—. Entzuleek zergatik dute horren gustuko?
Gure irratian gehien entzuten diren irratsaioetako bat izan da beti zorion agurrena. Hasieran, kostatu zitzaigun jendea deitzen hastea. Ordu erdi bateko saioa egiten genuen, baina, pixkanaka jendea animatzen hasi, eta saioa luzatu behar izan genuen. Zoriontzeko bakarrik ez, edozertarako erabiltzen du aukera jendeak: abesteko, etxeko gorabeherak kontatzeko edo adarra jotzeko. Edozertarako zabaltzen dugu mikrofonoa, entzuleak eurak dira protagonista, eta hurrekotasun bat sortzen da.
Entzule horietako gehienak ezagutuko dituzu egun. Zer-nolako harremana duzu haiekin?
Leku guztietan ditut ezagunak irratiari esker, eta anekdota asko ere bai. Garai batean, entzuleek interesa zuten gure itxura nolakoa zen jakiteko, eta Itziar Zarandonak eta biok lehiaketa bat egin genuen. Nire ahotsarekin, abade zahar bat imajinatu zuten gehienek, ilerik gabekoa, txikia eta lodia. Urte askoan egon izan naiz irudi horrekin, eta, itxura hori ez apurtzeko edo, ez nintzen jendaurrean agertzen... Hala ere, behin baino gehiago identifikatu izan naute ahotsagatik. Oroitzen naiz arrandegian nengoen batean alboko emakumea Bizkaia Irratiko sintonia abesten hasi zela nire ahotsa entzun zuenean. Oso kuriosoa izan zen. Haietako asko irratira ere etortzen ziren bisitan, beti opariren batekin. Gerora, entzuleekin bazkariak egiten hasi ginen, eta jendez gainezka egoten ziren.
Bizkaia Irratira deitzen duten gehienak adin jakin batetik gorakoak izaten dira. Kostatu egiten zaizue gazteak erakartzea?
Azken urteotan igo egin da entzuleen batez besteko adina, baina gazteak egon badaude. Egia da belaunaldi berriak ohituta daudela bestelako tresna batzuk erabiltzera, eta ez dutela irratiaren beharrizanik, baina iruditzen zait etorriko direla bueltan.
Eta, zure ustez, nola erakar daitezke gazteak irratira?
Orain arte egiten ari garen bezala. Web orria badugu, aplikazioa ere bai, sare sozialetan bagaude... Garai berrietara egokituz joan behar izan dugu, nahitaez.
Esan izan da irratia gain behera doala podcasten eta musika plataformen eraginez. Hala iruditzen zaizu zuri ere?
Bai, noski. Telebista sortzean ere gertatu zen gainbehera hori, baina lortu zen irratiak bizirik irautea. Gaur egun, teknologia berriekin-eta zartako handia hartu dugu. Irratigintzak beherakada handia izan du: kaskoak jarri, eta jendeak edozer entzun dezake, edonoiz eta edonon. Publizitatean ere igartzen da beherakada.
«Urte luzez ibili gara eskatzen zestari merezi duen lekua emateko, eta [telebistan] eskaintza oso ona egiten dute orain»
Euskaraz, bizkaiera hutsean egiten duzue lan Bizkaia Irratian. Zelako garrantzia du euskalkiak zuentzat?
Dena da guretzat. Elizbarrutiak apustu hori egin zuen, eta horretan jarraitzen dugu orain ere. Gutako bakoitzak herrian herriko euskara erabili beharrean, ahalegintzen gara bizkaiera jasoago eta landuago batean berba egiten. Entzuleengandik hurre egoten laguntzen digu, nire ustez.
Kirol esatari ere aritu izan zara urte askoan. Afizioa eta ofizioa uztartzeko zortea izan duzu.
Kirol mundua barru-barrutik ezagutu dut irratiari esker. Oso kirolzalea izan naiz betidanik, eta hori barrutik ezagutzea zoragarria izan da: futbola, txirrindularitza, herri kirolak, arrauna, pilota... Denetariko kirolen berri eman izan dut.
Gernika-Lumoko zesta eskolako presidentea zara 2017tik. Nolako garrantzia du kirol horrek Gernikan?
Itzela. Txikitan nik neuk ere zestan jokatzen nuen, eta afizio hori nire bi semeei ere transmititu diet. Aspalditik daukat hartu-emana zesta eskolarekin, eta hurbiletik erreparatu izan diot kirol horri, bai zale moduan eta bai esatari moduan. Zestak beherakada izan zuen garaian hartu nuen kargua: AEBetan pilotalekuak ixtekoak ziren, hemen ere jende gutxi zegoen izena emanda… Zorionez, eskolak ez du amore eman bolada txarretan: buelta ematea lortu zen, eta, gaur egun, arrakasta itzela du.
Aspaldiko garairik onena du orain zesta-puntak?
Bai, eta, alde horretatik, komunikabideek lan handia egin dute. Urte luzez ibili gara eskatzen zestari merezi duen lekua emateko, eta eskaintza oso ona egiten dute orain. Horri esker, ikasle askoz gehiago daude eskolan, eta kirola bera indartsu dago. Jaialdietan ere, pilotalekua jendez lepo egoten da, eta gazte ugari zaletu dira. Oso pozgarria da.
«Nor bere herriko alkatea izatea ohore handia da, baina gogor lan egin behar da»
Politikagintzan ere aritu zinen: Muxikako alkate izan zinen 1991tik 2003ra. Nolatan egin zenuen jauzia?
Gure etxean beti izan gara abertzaleak, EAJren ingurukoak. 1990ean alkate izateko proposamena egin zidaten, baina nik ez nuen neure burua politikan ikusten, eta ez nengoen oso konbentzituta. Ekin eta ekin ibili ostean, baiezkoa eman nuen, eta alkatetzan hiru agintaldi egin nituen azkenean.
Zer-nolako garaiak ziren?
Oso latzak. Oroitzapen onak eta txarrak ditut. Nor bere herriko alkatea izatea ohore handia da, baina gogor lan egin behar da. Alderdien artean giro txarra zegoen, eta, batzuetan, eztabaida gogorrak izan genituen. Baina, orokorrean, oroitzapen onak ditut gogoan.
Eta egun, nola ikusten duzu politikagintza?
Asko aldatu da, guztiz desberdina da. Dena oso zehaztua dago legeetan, eta ez baduzu zehatz-mehatz betetzen dekretuak edo legeak esaten duena, edozeinek sar dezake alegazio bat. Gure sasoian, proiektuak osoko bilkuran adostu, eta martxan jartzen ziren; orain, teknikoen informerik gabe ezin daiteke pausorik eman.
motzean
Kazetari izan ez bazina, zer izango zinatekeen?
Batek daki, baina ekonomialaria ez, hori seguru.Kirol bat?
Zesta-punta.Abesti bat?
Asko ditut, baina bat aukeratzekotan, Itoiz taldearen Lau teilatu.Liburu bat?
Euskararekiko zaletasuna liburu bati esker hartu nuen: Mikel Zarateren Ipuin antzeko alegi mingotsak. Iruñean ikasten nengoela erosi nuen, kasualitatez, gernikar batzuen liburu dendan. Bizkaieraz idatzita dago.Urteotako ibilbidean ba al duzu sekula ahaztuko ez duzun bizipenik?
Asko ditut. Pentsa, lagunak eta senideak esaten ari zaizkit liburu bat idatzi behar dudala nire anekdota guztiak biltzeko.Erretiroa hartu ostean, zein izango da zure egunerokoa? Esaten da behin erretiroa hartuta egunak ez dituela behar beste ordu nahi dugun guztia egiteko, eta halaxe nabil ni ere.