Leialtasuna ospatzeko denboraldia

Gaur abiatuko du Bilboko Udal Musika Bandak 2024-2025eko denboraldia, Azkuna zentroan. Hamasei kontzertu emango ditu 130. urteurrena ospatzeko.

Bilboko Udal Musika Banda, Areatzako kioskoan, iazko Aste Nagusian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko Udal Musika Banda, Bilboko Areatzako kioskoan, iazko Aste Nagusian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbao
2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun

«Etimologikoki, norbaiten leialtasuna eskertzeko egiten dena esan nahi du omenaldia berbak. Horregatik, aproposa iruditu zitzaigun ziklo honi Omenaldiak leloa jartzea», esan du Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari Jose Rafael Pascual-Vilaplanak. Izenburu horrekin abiatuko da 2024-2025eko denboraldia, gaur. «Musika banda honek beti Bilboren eta bilbotarren fideltasuna eta konplizitatea jaso ditu». Eta zuzendariak «beti» esan duenean, denbora luzez esan nahi izan du, datorren urtean 130 urte beteko baititu bandak. Horregatik, bandak hiriari eskaini nahi dion urteurren omenaldia izango da denboraldi berria. Baina baita hiriak bere bandari egingo dion aitortza ere, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziaren esanetan: «Bilbo ezin da ulertu musikarik eta musikagilerik gabe. Izaera horretan gure bandak duen meritu eta erantzukizuna ezingo dugu inoiz behar bezala neurtu, baina gure esku dago lan itzel hori eskertzea». Hamasei kontzertu egingo ditu 130. urteurrena ospatzeko.

Gaur

'Oroimenak eta jolasak'

Azkuna zentroko Kulturen Atarian abiatuko du gaur denboraldia Bilboko Udal Musika Bandak. 19:00etan hasiko da Oroimenak eta jolasak emanaldia. Berrogei musikari baino gehiago igoko dira oholtzara, eta askotariko lanak eskainiko dituzte: Ruper Lekueren Amaiur 1522, Joaquin Rodrigoren Homenaje a la Tempranica, Sin Ithciro Yokohamaren Ouverture et Matsuri, Gilles Arcensen Rêves, rires et jeux d’enfants eta Carlos Surinachen Memories of an old Zarzuela. «Euskal sortzaileen musika, klasikoena eta gaur egungoena nahastuko ditugu», esan du Pascual-Vilaplana zuzendariak.

Irailak 20

'Lasaitasuna eta irrikak'

Azkuna zentroan izango du musika bandak bigarren emanaldia ere. Pascual-Vilaplanaren ordez, Borja Romero arituko da zuzendari: Bilbo Musika 2024 Nazioarteko Zuzendaritza Sariaren irabazlea da. Johan de Mij, Ola Gjeilo, Satoshi Yagisawa, Joaquin Turina eta Franco Cesarini konpositoreen lanak joko dituzte musikariek. Gustav Holsten mendeurrena ere gogoan izango dute.

Urriak 6

'Begiradak'

Euskalduna jauregian, Paco Varoch pifano jotzailea Pascual-Vilaplanaren gidaritzapean arituko da. Zuzendariak esan duenez, askatasunaren eta irudimenaren berpizkundea suspertuko dute soinuen bidez. Varochek sortutako bi lan eskainiko dituzte.

Urriak 20

'Emozio uneak'

Virginia Martinez zuzendariaren aginduetara arituko da musika banda, Euskalduna jauregian. Nazioarteko orkestrak gidatu ditu. Besteak beste, Murtziako Orkestra Sinfonikoaren (Espainia) zuzendaria izan da hainbat urtez, eta Europako orkestra gehienak gidatu izan ditu. Lehenengoz egongo da Bilbon. Ottorino Respighiren eta James Barnesen obrak interpretatuko dituzte.

Azaroak 8

'Hurbileko omenaldiak'

Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan arituko da musika banda, Iñaki Urkizu zuzendariordearen aginduetara. Miguel eta Jose Maria Gonzalez Bastida anaien Mendia eta itsasoa, Ezpata-dantza, Lorea, Remember eta Hondarribi eskainiko dituzte. «Bide berriak jorratzerakoan, ez da galdu behar hurbileko ikuspegia», azpimarratu du zuzendariak.

Azaroak 24

'Spanish Brass & Ernesto Aurignac'

Spanish Brass haize boskotea ganbera talde dinamiko eta sendoa da. Ernesto Aurignac Malagako (Espainia) saxofoi jotzaile eta konpositorearen hiru obra interpretatuko dituzte Euskalduna jauregian, Bilboko bandak lagunduta. Horietako bi erabateko estreinaldiak izango dira. Pascual-Vilaplanaren esanetan, «musikak adiskidetasun loturak ezartzeko duen gaitasuna goraipatuko» dute.

Abenduak 1

'Gora musika!'

Euskalduna jauregian etxeko txikienentzako kontzertu berezia eskainiko du Bilboko Udal Musika Bandak, Iñaki Urkizu zuzendariordearen aginduetara. Pascual-Vilaplanaren esanetan, kontzertu garrantzitsua da bandarentzat, etorkizuneko entzuleak izango direnak egongo baitira egun horretan publikoan.

Abenduak 22

'Bakearen aldeko oihu bat'

Gabonetako kontzertua izango da, eta Euskaldunan eskainiko dute. Pascual-Vilaplanak berak gidatuta, show bat eskainiko du bandak. Carmen Climent, Marina Penas, Jose Manuel Diaz, Pedro Pomares eta Sergi Albert arituko dira kantuan, eta baita Bilboko Koral Elkartea ere. Balansiyyà musikalaren aukeraketa bat interpretatuko dute. Musikal hori Pascual-Vilaplanak Madrilgo Gran Via antzokian estreinatu zuen, 2006an. 

Urtarrilak 26

'Musikaren atzean'

Noe Rodrigo Gisbert perkusio jotzailearekin itzuliko da banda Euskaldunara. Espainian, Frantzian, Herbehereetan, Erresuma Batuan, Suitzan, Alemanian eta AEBetan eman ditu kontzertuak Gispertek. Bilbon, Shostakovich, Hidgon eta Fayos Jordanen lanak interpretatuko ditu.

Otsailak 16

'Argia eta sua'

Ivan Meylemans zuzendari belgikarrak gidatuta arituko da banda Euskaldunan. Saio dinamikoa izango da. Stravinski, Graham, Janssen eta Maslankaren lanak interpretatuko dituzte, denak suari buruzkoak.

Otsailak 23

'Haizeak omenaldian'

Arriaga antzokian eskainiko duten emanaldi bakarra izango da. Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean eta Jordi Ripoll Corella fagotistak lagunduta arituko dira musikariak. Rossini eta Blanquerren lanak joko dituzte.

Martxoak 2

'Haize ertzak'

Carlos Cano eta Juan Jesus Silguero flauta jotzaileek lagunduta, kontzertua emango du bandak Euskaldunan. Carlos Canok sortutako Paisajes para dos flautas obra joko dute, eta Galiziako musikari gazte batek sortutako lana ere estreinatuko dute: Asmad du izena. Pascual-Vilaplanak esan du beti saiatzen direla sortzaile berrien obrei lekuak egiten.

Apirilak 4

'Udaberriaren omenez'

Kontserbatorioko bigarren eta azken kontzertua izango da. Alfreg Reed, Aaron Copland, Oscar Navarro eta David Maslankaren lanak joko dituzte, Iker Sanchezek gidatuta; Bilbao Sinfoniettako zuzendari artistikoa da.

Apirilak 13

'Betiko argia'

Aste Santuaren atarian zarratuko dute denboraldia, Euskaldunan. Lorena Ferreriro sopranoa eta Basilio Astulezek gidatutako Leioako San Juan Bautista abesbatza izango dituzte lagun. Rutterren Requiem ospetsuarekin hasiko dute emanaldia. Horrez gain, Musikeneko Konposizio Sailak osatutako obra bat estreinatuko dute: Musika argi-iturria da gure ametsen betierekotasunerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.