Lehenengo saneamendu sarea Bizkaian

XX. mende hasieran eraiki zuten Bilboko ur zikinak Galean itsasoratzeko azpiegitura. Getxon 'malakate' izeneko bost eraikin ipini zituzten hodiaren ibilbidean: aireztatzeko eta erregistrorako putzuak dira. Getxoko Udalak zaharberritu egingo ditu.

Maidagan parkeko malakatea, aste hasierako irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Getxoko Maidagan parkeko malakatea, aste hasierako irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2024ko maiatzaren 20a
05:00
Entzun

Getxoko auzo baten izena izateaz gain, malakate herrian bertan dauden bost eraikini ematen zaien izena ere bada. Adreiluz eta hormigoiz eginda daude. XX. mende hasieran eraiki zituzten, eta Bilboko ur zikinak hiriburutik itsasora eroateko sortu zen azpiegituraren parte ziren. Bizkaiko lehen saneamendu sarea izan zen. Berez, aireztatze eta kontrolerako putzuak dira. Hondatuta daude, eta Getxoko Udalak zaharberritu egingo ditu. Horretarako Bilboko Udalarekin akordio bat egin beharko du; izan ere, malakateak dauden lurren jabetza Bilbok Getxori eman zion arren, eraikinak Bilborenak dira.

1885ean kolera izurri batek jo zuen Bizkaia. Industria eta meatzaritza ia erabat gelditu ziren. Bilbotarrek eta inguruko herrietako biztanleek itsasadarreko ura edaten zuten. Baita hara botatzen zituzten ur zikinak ere. Beraz, ur hura ez zen edangarria. Horregatik, 1891n saneamendu sarea sortzeko lehiaketa abiatu zuen Bilboko Udalak. Recaredo Uhagon ingeniari bilbotarrak irabazi zuen Mens sana in corpore sano proiektuarekin. 5,5 milioi pezetako inbertsioa egin zuten. 

Egunean biztanleko ehun litro ur kontsumituko zituen eta 100.000 herritar zituen Bilborentzako proiektua ondu zuen. Eraikitzen hasi zirenean (1894), hiriburuan 63.900 lagun bizi ziren; lanak bukatu zirenerako (1903), 90.200 biztanle ziren. Berehala igarri zen azpiegiturak bilbotarren osasunean eragindako onura: urtean mila herritarretik 40,42 hiltzetik 28,57 hiltzera pasatu zen. 1920ko hamarkadan Bilbok 150.000 biztanle zituen, eta, beraz, azpiegiturak ez zuen balio eta berriro ur zikinak itsasadarrera botatzen hasi ziren.

Deustutik Getxora

Sareak hiru bilgune zituen: bi itsasadarren ezkerreko aldean eta bat eskumakoan. Deustuibarran, 12.000 metro kuboko edukiontzi bat zuen, Elorrietan zeuden ponpen lana erregulatzeko. Handik ur zikinak Getxora bidaltzen ziren hodi sistema batekin, Galea inguruan itsasoratzeko. Ingalaterrako James Simpson & Cia. enpresak egindako bapore makina biri esker zebiltzan Elorrietako ponpak. Baporea Babcock & Wilcox enpresak egindako hiru galderetan sortzen zen. 

Getxon 2,7 kilometro zituen hodiak. Azken 1.700 metroetan daude malakateak: Ollarretxea kalean, Maidagan parkean, Gabriel Ramos Uranga kalean, Andra Mari ikastetxearen ondoan eta Juan Vallejo kaletik gertu.

GETXOKO MALAKATEAK

  • Helbidea. Bost dira, eta Getxon daude: Ollarretxea kalean, Maidagan parkean, Gabriel Ramos Uranga kalean, Andra Mari ikastetxearen ondoan eta Juan Vallejo kaletik gertu.
  • Bisita. Kanpotik ikus daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.