Joan den otsailean, ehun bat traktorek Bilbo hartu zuten lehen sektorearen egoera salatzeko asmoarekin. Mobilizazioek harrabotsa sortu zuten gizarte osoan, eta Bizkaiko Foru Aldundiarengan ere izan zuen eragina: ENBA eta EHNE nekazaritzako sindikatuekin, Lorra kudeaketa zentroarekin zein sektoreko ehunka eragilerekin batzen hasi zen aldundia. Elkarlan horren ondorioz, Suspertze Plana aurkeztu dute orain: lurraldeko 12.000 ustiategiak laguntzea du helburu. Aldundiak lehen sektorerako urtean denera 4,9 milioi euro jarriko ditu.
4,9 milioi horietatik bi milioi nekazariei laguntzeko erabiliko dituzte, eta, gainerakoa, «kostuak murrizteko eta bideragarritasuna bermatzeko», Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak aurreratu duenez. «Ustiategien errentagarritasuna hobetzeko, hobariak aplikatuko dira ur tarifetan: uraren fakturan %50 aurreztuko da hobariari esker, eta forfait fiskala %70ean finkatuko da». Forfait esaten zaio jardueraren diru sarreren eta amortizazioen, narriaduraren ondoriozko galeren eta justifikatzen zail diren gastuen arteko diferentziari aplikatu ahal zaion murrizketa orokorrari. Pandemiaren ondorioz, %35etik %70era igo zuten, eta maila horretan mantentzea erabaki dute aurrerantzean.
«Bizkaiak nekazariak eta abeltzainak behar ditu, funtsezkoak baitira landa eremuak mantentzeko, jarduera ekonomikoa bermatzeko zein lurralde kohesioa izateko»
ELIXABETE ETXENOBEBizkaiko ahaldun nagusia
Lehen sektorearen krisiari erantzutea da Suspertze Planaren helburu nagusietako bat, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak azpimarratu duenez: «Bizkaiak nekazariak eta abeltzainak behar ditu, funtsezkoak baitira landa eremuak mantentzeko, jarduera ekonomikoa bermatzeko zein lurralde kohesioa izateko. Egun, ez da erraza lehen sektoretik bizitzea, gizarte osoaren babesa behar dute». Bileretan lehen sektoreko askotariko eragileek hartu dute parte. Lankidetza azpimarratu eta eskertu du Etxanobek: «Elkarlanean aritu gara. Baserritarren beharrak, kezkak eta ekarpenak bildu ditugu, eta horietan oinarrituta osatu dugu plana».
Hamalau neurri zehatz
Hamalau neurri espezifiko biltzen ditu Suspertze Planak, bost lan ildo nagusitan banatuta. Belaunaldien arteko erreleboa sustatzea da ardatzetako bat. Egun, 49 urtekoa da nekazarien batez besteko adina lurraldean, eta, hori aldatzeko, bitartekaritza zerbitzu bat sortu nahi dute. «Belaunaldien arteko erreleboa eta nekazaritzako ekintzailetza sustatuko dituen ekosistema baten diagnostikoa eta diseinua ere egin nahi dugu», esan du Atutxak.
Emakumezkoen bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere aplikatuko dituzte: 22 egunetik hamasei astera luzatuko dute amatasun baimena. Horrez gainera, oporraldiak luzatzeko asmoa dute. «Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak hobetu nahi ditugu».
Animalien osasuna bermatzeko konpromisoa ere handitu nahi dute, besteak beste, eta ehizarako guneak kudeatuko dituzte. Era berean, albaitarien figura hobetu nahi dute, «ezinbestekoak» baitira animalien ongizatea bermatzeko.
Planean ezarri dituzten lehentasunen artean daude, esate baterako, lurralde oinarria hobetzea, lurzoruak gehiago aprobetxatzeko; onura publikoko mendien kudeaketa jasangarria sustatzea; basoen abandonua murriztea; suteak prebenitzeko plan bat ezartzea; edota inbertsiorako laguntzei buruzko dekretu berria prestatzea.