Laguntasuna elikatzeko lokal handiagoa

Sestaoko Udalak lokal bat egokitu du Las Llanas kiroldegian zailtasun ekonomikoak dituzten familiei elikagaiak banatzeko. Zerbitzua kudeatzen duten elkarteko lau boluntarioak erreleboa eskatzen ari dira.

Manu Arroyo boluntarioa, Sestaoko elikagai banaketako lokalean, pasa den ostiralean. MONIKA DEL VALLE/FOKU
Manu Arroyo boluntarioa, Sestaoko elikagai banaketako lokalean, hilaren 21ean. MONIKA DEL VALLE/FOKU
irene baranano
2025eko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Kartela horman eskegitzea baino ez zaie falta Sestaoko lokal berrian, zaharrean bezala sentitzeko: «San Vicente de Paul sozietatea, elikagai banaketa» jartzen du. 1997an hasi ziren Eliza katolikoari lotutako sozietako lau boluntario inguruko ekoizleen elikagai soberakinak biltzen eta Sestaon bizi ziren pertsona behartsuei banatzen. Ordutik gutxi aldatu da haien egitekoa. 

Lokala bai, ordea. Otsailaren hasieran lekualdatu ziren Sestaoko Udalak Las Llanas kiroldegiaren beheko pisuan utzi dien 227 metro koadroko lokalera. 127.000 euro ere inbertitu ditu udalak gune berria zerbitzuaren beharretara egokitzeko. Izan ere, lokal irisgarria behar zuten, erabiltzaileentzat eta boluntarioentzat oztopo arkitektonikorik gabekoa; erabiltzaileen pribatutasuna ere bermatu behar zuen, eta heltzen zaizkien elikagai guztiak biltzeko edukiera izan behar zuen. 

Lokal berrian, harrera gela eta itxarongela bateratua dute, mostradore eta guzti. Bulego moderno bat eta biltegian inprobisatutako beste bulegotxo bat ere badituzte. Ez da komunik falta. Espazioko tokirik garrantzitsuena elikagaiak gordetzeko biltegi handia da; bertan, kutxak eskuen altueraraino pilatzen dira, edozeinek erraz eta minik hartu gabe hartzeko. Boluntarioek gidatzen duten furgoneta ere sar dezakete biltegiraino. Pozik daude, gainera, lokal berria Sestao erdigunean dagoelako, erabiltzaile guztientzako leku aproposean.

(ID_14702980) (Monika del Valle/@FOKU) 2025-02-21, Sestao.Elikagai Bankurako lokal berria moldatu dute
Sestaoko elikagai banaketako lokalaren biltegia eta Manu Arroyo boluntarioetako bat, hilaren 21ean. MONIKA DEL VALLE/FOKU

Hirurehun familiari laguntzen diete. Lau boluntarioren artean, Bizkaiko Elikagai Bankutik heltzen zaizkien produktuak sailkatu, eta familiako kide kopuruaren araberako kutxetan sartzen dituzte, bila datozenean erraz banatzeko. «Elikagai gehiago etortzen zirenean, zazpiehun familiari ere laguntzen genien. Duela bost bat urte izan zen hori», esan du Manu Arroyo boluntarioak. 

Sestaon, 1997an hasi ziren lokal horretan elikagaiak banatzen, eta Arroyo izan zen hasierako lau boluntarioetako bat, eta haietatik bizirik dagoen bakarra da. Azken urteetan, emaztearekin eta beste bikote batekin —laurak adinekoak— kudeatzen ditu elikagaien bilketa, sailkapena eta banaketa. 

Lehengo lokalean —Hiru Kontzejuen plazan zegoen—, «sekulako ilarak» sortzen ziren; jendeak kalea blokeatzen zuen. Herritar batzuk gauerdian jartzen ziren ilaran, zain, poltsa arina jaso eta nonbaitera garaiz heltzeko. «Plazako aterpeetan zehar luzatzen zen ilara, eta, hainbeste jende bilduta, isilik egoteko ere eskatu behar izaten genuen: ‘Xiiiiii, goian jendea bizi da’», gogoratu du Arroyok. 

Oraingo lokalak, aterpe txiki bat du harrerara sartu aurretik. Arroyok bertan itxaroteko gomendatu die goiz heldu diren erabiltzaile batzuei. Igartzen zaio jendearekin tratatzea gustatzen zaiola, baita nekatuta dagoenean ere. Gainera, ilararik ez sortzeko, lokal berriarekin batera aurretiko hitzordua estreinatu dute: boluntarioek hitzordu bat ematen diete erabiltzaileei, aipatutako egun eta orduan familiako kide bat ager dadin erosketa orgatxoarekin.

«Aurreko lokala Correosen bulego bat zen, eta horretarako zegoen diseinatuta eta ez zegoen prestatuta hainbeste tona biltzeko; oraingoa, bai»

MANU ARROYOSestaoko elikagai banaketako boluntarioa

«Aurreko lokala Correosen bulego bat zen, eta horretarako zegoen diseinatuta», adierazi du Arroyok. Elikagaiz betetako kutxak sabairaino iristen ziren, eta boluntarioei gero eta zailagoa zitzaien lan egitea. «Leku hura ez zegoen prestatuta hainbeste tona biltzeko; oraingo hau bai», jakinarazi du Arroyok. «Pentsa zenbat tona janari izaten genituen, zazpiehun familia ingururi laguntzen geniela».

Elikagai gutxiago jasotzen duten arren, ahalegina egiten dute zerbitzua jasotzeko baldintzak betetzen dituzten familia guztiei laguntzeko. «Elikagai gutxiago daudenean, produktuak hobeto banatu besterik ez dugu egiten; gutxiago jasoko dute, baina guztiek jasoko dute». 

Denborarekin, zerbitzua lau boluntarioren artean kudeatzeko erraztasunak aurkituz joan dira. Adibidez, duela urte batzuetatik, erakunde publikoetako gizarte langileek aztertzen dute familiek elikagaiak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten, eta boluntarioek eskaera jaso besterik ez dute egin behar. Beste berritasun bat: produktu pisutsuenak, esnea eta olioa, jada ez dituzte bertan banatzen. Bizkaiko Elikagai Bankuak Eroski supermerkatuarekin tratu bat egin du, eta Sestaoko zentroko boluntarioek txartel bat ematen diete erabiltzaileei, elikagai horiek supermerkatuan lor ditzaten. 

Errelebo falta 

Lana errazteko lokal berria jarri eta aipatutako neurriak hartu dituzten arren, zerbitzua kudeatzen duten lau boluntarioak errelebo faltak kezkatzen ditu. «Goiz eta arratsaldez aritzen naiz hemen, asteko egun guztietan; droga baten modukoa da», esan du Arroyok, eta lan karga hori familiak ere pairatzen duela. Esaterako, emaztea, urteekin, zerbitzua kudeatzen duten beste boluntarioetako bat bihurtu da. 

Lau boluntarioak adinekoak dira, eta gero eta zailagoa egiten zaie lanean jarraitzea. Elikagaiak deskargatzen zerbitzuko erabiltzaileek eurek laguntzen dute, baina Arroyok nabarmendu du administrazioan erreleboa hartuko duen norbait falta zaiela: «Guk ez dugu kutxa bat bera ere ukitzen; erabiltzaileek kargatu eta deskargatzen dute, baina lekua kudeatuko duen norbait behar da, informatika kontuekin ondo moldatzen dena. Hori behar dugu duela 27 urte sortutako proiektuak aurrera jarrai dezan».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.