Maria Ortega Zubiate

Laga umeak bakean

2024ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun

Ezer esaten hasi aurretik, eta baten batek usteko balu idazten duen hau ez naizela ni, baizik eta behin izandako umea, jakin oker zaudetela. Ez naiz neuretik berbetan ari. Baina neuretik berbetan ez egoteagatik ere, badaude kontu batzuk erresonantzia kaxa baten gisan funtzionatzen dutenak. Badirudi eztabaida hau aspaldikoa dela, garai batean pil-pilean egon zela baina gaur egun oso modaz kanpo dagoela honen inguruan zalantzak izatea: da, pixka bat, feminismoaren moduan, garai batean beren alde eta kontra adierazpen publikoak zeudela, baina gaur egun inor gutxik esango duela, publikoki, aurka dagoenik. Baina, ez esanagatik ere, jarrerak hor dirau, tinko. Gaur egun inor gutxik defendatuko du umeen irudiak telebistan, sare sozialetan eta edonon libreki kapitalizatzea: baina egin egiten da, eta txalotu ere bai.

Kontu nahasiak dira hauek, irizpide argi eta zehatzekin ia erregulatu ezinezkoak. Ikusi ditut umeak Instagramen, egin dizkiete kontuak ume horiei eta bihurtu dira influencer. Ikusi ditut umeak Mihiluze-n elkarrekin lehiatzen; bideo zaharren bildumen programetan, nork esaldi barregarriagoa botako. Ikusi dut jendea, neroni zenbaitetan, «panpina apurtuak», «traumak» eta beste aipatzen, programa horien aurka aritzeko. Ze, horiek ikustean pentsa dezakedan bakarra da esaldi horrek, argazki horrek, programa horrek, zelako lorratza lagako duen ume hori jada ume ez denean, «umeak dira, ez da ezer pasatzen; ondo pasatzera etortzen dira» esaldiak zentzua galdu eta bere kontrara bueltatzen denean. Ume hori ume ez denean, eta behin egindako hori gogoratu nahi ez duenean.

Guztiok izan dugu aldatzeko eskubidea, eboluzionatzekoa, 10 urterekin egin genituenak ez gogoratzekoa.

Ahanzturarako eskubideaz nahi baino gehiago berbetan ari diren honetan, nahi nuke mahai gainean jarri, hain zuzen ere, ume horiek, sarri askotan, ez dutela txikitan egindakotik irteteko aukerarik. Zutabe honen izenburuarekin eta ahanzturarako eskubidearen kontu honekin, egon liteke norbait autobus laranja ultrakontserbadoreak gogoratuko dituenik, baina ez egin ideia okerrik.

Nago, aipatutako erresonantzia kaxa horren haritik, ez dugula ezer ikasi. Ikusi ditugula panpina apurtuak, ikusi ditugula muturreko ondorioak izan dituztenak. Baina ez hori bakarrik. Katastrofiko jarri barik ere, eta ahanzturarako eskubideari helduta, bereziki horri helduta, jakin badakigula gure 10 urteko ni-a ez dela gure gaurkoa. Guztiok izan dugula aldatzeko eskubidea, eboluzionatzekoa, 10 urterekin egin genituenak ez gogoratzekoa. Izan dugu aukera, neurri batean betiere, gure bidea eratzen joatekoa. Baina bide hori ukatzen diegu askori, behin izan ziren hori etengabe seinalatuz.

Nago ez dugula ezer ikasi, eta ez dugula ezer aldatuko. Ze bai, mingarria, kaltegarria eta -garri txar horiek guztiak izan daiteke norbere irudi distortsionatu bat haizatu eta fokupean jartzea. Baina, ze xalatuak umeak telebistan eta Instagramen, ezta?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.