Azken hamarkadetako giza krisirik latzena eragin du Israelek Gazaren (Palestina) aurka egindako erasoaldiak. Joan den urriaren 7an gerra hasi zutenetik, Israel etengabe ari da Gaza bonbardatzen, eta, gutxienez, 30.000 lagun hil ditu. Kopurua, gainera, gora egiten ari da egunetik egunera. Ezbehar hori abiapuntutzat hartuta, Hautsiak erakusketa ondu du Baztan Arte-Kale kolektiboak. Bilboko Zazpikaleetako 11 erakusleihotan jarri dituzte ikusgai artelanak, eta martxoaren 22ra bitarte bisitatu ahal izango dira.
«Palestinan gertatzen ari denak hautsi egiten gaitu: Palestinako haurrek, amek, lurrek... Palestinaren minak hausten gaitu, oro har», adierazi dute Baztan Arte-Kale kolektiboko artistek. Guda hasi zenetik hona, indartu egin da Palestinaren aldeko elkartasuna Euskal Herrian: plataforma berriak sortu dituzte, eta egoera salatzeko ekitaldi andana antolatu da. Alabaina, kolektiboko kideek babesa «modu berri eta originalean» helarazteko erabili nahi izan dute artea: «Palestinak pairatzen duen egoerarekin oso hunkituta gaude, eta artea aukera ona izan daitekeela iruditu zaigu beste publiko mota batengana iristeko».
«Herritarrok erosketak egiten, tabernan, paseoan... lasai gabiltzan bitartean Israelek jendea hiltzen jarraitzen duela aldarrikatu nahi dugu. Genozidio hori une oro herritarren kontzientzietan presente egon dadin nahi dugu».
Baztan Arte-Kale kolektiboko artistak
Era kolektiboan osatu dute erakusketa osoa. «Gutako bakoitzak askotariko adierazpen artistikoak jorratzen ditu, eta guztiok izan gara elkarren osagarri», azpimarratu dute. Gehienbat, «basakeriaren biktima» izan diren haurrak irudikatu dituzte erakusketaren bitartez: «Umeak ari dira izaten genozidioaren biktima nagusiak, eta horiek islatu nahi izan ditugu erakusketan: 2 urteko Zuhair, 10 urteko Fatima, 5 urteko Youssef...». Horiez gainera, baina, badaude bestelako pieza batzuk: torturatu duten pertsona bat eta emakume bat, esate baterako. Denera, 11 pieza ondu dituzte, eta bakoitza Zazpikaleetako erakusleiho batean jarri dute.
Artelanak egiteko teknika bera erabili dute pieza guztietan: mailuarekin eta puntzoiarekin apurtutako kristal bat, hain zuzen ere. «Sionismoaren eskuek gorrotoz hausten dituzte palestinarren etxeetako kristalak; gure eskuek, berriz, maitasunez hausten dituzte kristalak palestinarren aurpegiak Bilboko kaleetara ekarri ahal izateko», kontatu dute euren webgunean. Aurpegiak soilik erakusten dira artelanetan, baina pieza bakoitza «xehetasun osoz» irudikatzea lortu dute: «Palestinarrak sufritzen ari diren beldurra, mina, sufrimendua... bere horretan transmititzen ahalegindu gara».
Artelan bakoitzaren alboan QR kode bat ere gehitu dute, eta, horren bitartez, Hautsiak.eus webgunera jo dezake bisitariak: «Erakusketaren informazio osagarria dago webgune horretan: argazkiak, bideoak, kanpo loturak, erakusketan parte hartu duten erakusleiho guztien mapa bat…».
Herritarrengan eragin nahi
Beste kontu batzuen artean, Bilboko Zazpikaleetatik igarotzen diren herritarren «kontzientziak astindu» nahi dituzte erakusketaren bitartez: «Herritarrok erosketak egiten, tabernan, paseoan... lasai gabiltzan bitartean Israelek jendea hiltzen jarraitzen duela aldarrikatu nahi dugu. Genozidio hori une oro herritarren kontzientzietan presente egon dadin nahi dugu».
Oraingoz «arrakasta itzela» izaten ari direla nabarmendu dute, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete artelanak erakusleihoetan jartzeko aukera eman dieten auzoko merkatari elkarteko kideei: «Izugarria izaten ari da; oso pozik gaude. Artea, salaketa eta elkartasuna eskutik helduta doaz gure auzoan».
Aurrera begira, berriz, erakusketa Bilbotik kanpora zabaldu daitekeela uste dute kolektiboko kideek: «Teknikoki bideragarria baldin bada, guk ez daukagu inolako arazorik».
ERAKUSLEIHOAK
Gili Gili arropa denda.
- Izarkom telekomunikazio kooperatiba.
- Adaxka kultur elkartea.
- Ekoetxea elkartea.
- Antitaurina denda.
- Maldeojo optika.
- Kabbo haurrentzako denda.
- La Sinsorga kulturgune feminista.
- La Dotline tatuaje denda.
- Sorgin artisau denda.
- Ardibeltz taberna.