Kotxea martxan jartzearekin batera piztu zait irratia, soinu banda: «Begire nago, begire…». Bizkaiko kopla zaharrak kantatzen pasatuko dut eguna, kantatzen eta berrasmatzen, entzuten dudana nirekin dantzatzen ez delakoan.
«Mari Karmen joskilea, etxe oneko alabea. Egun baten josten ditu fraka ta alkondarea». Etxe oneko alaba naiz neu ere, ez dut hori ukatzeko beharrizanik. Amamak josten zekien, hark amari lau puntada ematen irakatsi zion eta nik ez dut haria josteko makinan jartzen ere ikasi; hemen beheko barrenak beti gorantz tolestuta eramatearen arrazoirik nabarmenena.
Bizkaiko SKFNK arropa markak bilduma berria aurkeztu du, trinketean inspiratua. Sartu naiz online dendan, nolako formak aukeratu dituzten begiratzera; atera naiz, badakidalako armairua erabiltzen ez ditudan gauzaz betea dudala eta ez dudala ezer erosi behar.
Badira urteak edozein modutan ekoitzitako moda ez kontsumitzen saiatzen naizela, bertakoa erosten eta bigarren eskukoei beste aukera bat ematen. «Mari, Txaber, Jone, Lea, bertakoan dago aldea, ekoizle txikiei hartu, praka ta alkondarea».
Armairuan sobera nuen jertsea telefonoz lagunari eskainita lasaitu dut barrua. Ez da denbora asko pasatu berriz doinua buruan errepikatzen hasi naizenerako, ordea.
Hainbeste kopla barik, kontraesanekin koherente izatea delako zoriontsu izateko lehen pausoa
«Ederregia zara zu, soloan beharrerako, hartuizu kabailerua, kalian pasiorako». Familiako baserrian jateko mordoa zegoen, aitak animalien zaintza eta onddo batzea ikasi zituen, ni aurreko udan ortua jartzen saiatu eta letxuga bi batu zituena naiz.
Eredugarria da nekazaritzan edo abeltzaintzan lan egiteko hautua egiten duena. Larrabetzun bada behiaren haragia ekoizteko erabakia hartu duenik; eta ni harro, okela Jon Olalderi erosten diodala esan dezakedalako. Galdetuko nioke, dena dela, zenbat izerdi eta diru joan den lana lan deitu ahal izan duen arte. «Moldatuko ziren bapo, soloan beharrerako, soldata duina balitz, ondoren pasiorako».
Kalekume deitzen nauenak zenbaterainoko arrazoia duen onartuz atera naiz txakurrarekin pasieran. Laster gurutzatu ditut elkarrekin hitz egin gabe doan bikotea, telefonotik agiraka doana... eta berriz trikiti soinua nire burura!
«Mutil txapel gorriduna, dantzan asko dakizuna, zuk izangozu emazte, dama jake zuriduna». Egun osoa daramat zer erosten dudan eta zer ez pentsatzen, eta gutxigatik, harremanak kontsumitzen ote gabiltzan hausnartzen hasi naiz. Baina beste baterako utziko dugu... «Lagun txapa gorriduna, diskurtsoa dakizuna, gauza txikiak aldatzen, hastea da behar duzuna!».
Egunean hirugarren aldiz autoan noala pentsatu dut zeinen gasolioaren dependente naizen: auto elektriko bat erosi beharko nuke agian? Eta hala ere, erabaki kontzienteak hartzeaz pozik oheratuko naiz berriz ere. Perfektutik oso urruti, egunerokoan gustatzen ez zaidana aldatzen saiatzen naizelako (spoiler: ez dut beti lortzen!). Hainbeste kopla barik, kontraesanekin koherente izatea delako zoriontsu izateko lehen pausoa. «Dingilindango Mariñe, beti honela bagine, zoriontsu izateko, egin daigun ahalegine!».