Jone Larrinaga Danobeitia
URTEKARIA: IRITZIA

Kontagailuak zerora

2024ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Urte bat 3.000 karakteretan kontatzera nator.

Urtarrilean, Itziar Ituñok Sarek Bilbon egindako euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioan parte hartzeagatik lan kontratu batzuk galdu zituen. Giza eskubideak defendatzegatik lana galdu duten dozenaka pertsonetako bat baino ez zen izan.

Otsailean, inflazioak berriz egin zuen gora; Hego Euskal Herrian; %3,3raino, zehatzak izateko. Argindarraren garestitzearen ondorioz izan omen zen. Hitz gutxitan, pobreok pobretzen jarraituko genuela abisatu ziguten.

Martxoan, goizalde batez, Korrika pasatu zen Mungiatik. Ez gara euskararen alde karraderan zihoan jende kopurua neurtzeko gai, baina asko ziren, kalea bete eta lo zeudenak esnatzeko nahikoa. Gutxi gorabehera, asteburu horretako poteoan erdaraz entzun nuen kopuru bera.

Apirilean pasatu zen gabarra Portugaletetik, Ibaizabal bazterra gizonezko zuri-gorrien garaipenarekin jendez beteta; lantokiek euren jarduna eten zuten eta zerbitzuak kirol taldearen ospakizunera egokitu ziren. Itsasadar bete, zerbitzuak herritarretara egokitu ditzaten batuko bagina, aldaketak bermatuta leudeke.

Maiatzaren Lehena jai egun bezala hartu genuen, baina Bizkaiko bostehun ikastetxe baino gehiagotako umeek ez zuten jakin zergatik ez zuten eskolarik.

Ekainean, Bizkaian, sarritan euria eta gutxitan eguzkia. Eta ostadarra? Behar baino kolorgeago eta negozio bilakatuta.

Hori delako eguzkiari emandako bira bat, zenbakitara eraman daitekeen gertakarien multzo bat, behar baino azkarrago ahazteko ohitura duguna

Uztailean, Gazako hamar biztanleko bederatzi desplazatuta zeuden, 38.200 palestinar inguru zeuden ordurako erailak eta 88.000 zaurituak. Hori, urteko beste edozein hilabetetan sartuta ere antzekoa litzateke, eta begiak itxita jarraituko genuke genozidioaren aurrean.

Abuztuan? Abuztuan prekarizazioari izkin egitea lortu dugunok oporrak, eta besteek, lana. Bizitzak aurrera jarraitu zuen, eta seguru batzuentzat lasaitasunerako tartea izan zena beste batzuentzat estres iturri izan zela.

Irailean erail zuten Yaneli Gonzales Santutxun. 31 urte zituen. Ia 2.500 emakume izan dira 2024an zehar biolentzia matxistaren biktima; batzuek 31 abisu eman dituzte atzera-bueltarik egon ez den arte.

Urrian, Valentzian jazotako tanta hotzak Uraren Euskal Agentzia arduratu zuen, Bizkaiko herri populatuenak itsasoaren eta ibaien ertzetan garatu baitira. Erreka bazterretako sasia garbitzeko planak martxan jarri orduko hasi zen ostera euria, eta padura batzuetan museo bat eraikitzeko ideiaren garapena ere bai.

Azaroan etxegabetu egin zituzten Rosa eta haren biloba Astrabuduan. Auzoak babestu zituen; herria zaintzeko ardura duenak kolpeka erantzun zuen.

Abendu osoa pasa dezaket elkarrekin mokoka dagoen zenbat jendek duen etsai bera zenbatzen; baina Gabonen erromantizismoak janda nago eta nahiago dut pentsatu aurtengo albisteek zenbat aliantza sortuko zituzten.

Hori delako eguzkiari emandako bira bat, zenbakitara eraman daitekeen gertakarien multzo bat, behar baino azkarrago ahazteko ohitura duguna. Horregatik, urtea aldatzearekin batera errotulu berriak jartzeko ardura duenari eskaria: mesedez, ez jarri kontagailurik zeroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.