Kolorez jantzitako baso magikoa

Segurtasun arrazoien ondorioz, itxi egin behar izan zuten Kortezubiko Omako basoa 2018. urtean. Haren erreplika bat egin dute gertuko baso batean, eta joan den urritik zabalik dago berriro. 34 multzo ditu, eta 800 zuhaitz inguru margotu dituzte.

(ID_13298334) (Aritz Loiola/@FOKU) 2023-10-27, Kortezubi. Bizkaiko Foru Aldundiak Omako Basoa inauguratu du
Kortezubiko Omako basoan ikusgai dauden zuhaitzetako batzuk, urrian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun

Agustin Ibarrolaren obrarik ezagunena izan zen Kortezubiko Omako basoa. Artista 1980ko hamarkadan hasi zen Kortezubin zeukan baserri alboko zuhaitzak margotzen, eta 1991ra arte luzatu zuen lana. Segurtasun arrazoien eraginez, baina, basoa itxi behar izan zuten 2018. urtean: xingola marroia izeneko onddoa agertu zen, eta zuhaitz batzuk erori egin ziren. Basoa lehengoratzeko asmoz, migrazio prozesu bat abiatu zuten, eta joan den urrira arte itxita egon da eremua. 34 multzo bildu dituzte oraingoan, eta zortziehun zuhaitz inguru margotu dituzte.

Basoa mantentzeko aukerarik egokiena basoa lekualdatzea zela erabaki zuen orduan, hain zuzen, arte garaikidean eta basoko artean espezializatutako adituek osatutako batzordeak. Izan ere, lekuak baino gehiago, arteak duela garrantzia nabarmendu du Asier Madarieta Omako basoko koordinatzaileak: «Obra berrinterpretatzeko garaian, Ibarrolaren izpiritua mantentzea izan da baldintza nagusia: artistaren ideiak bere horretan lekualdatu ditugu».

Ikusgai egon diren piezez gainera, galduta zeuden multzo batzuk ere berreskuratu dituzte: Kordobako Meskita, Haritzari omenaldia eta Mehatxu nuklearra, hain zuzen ere. «Jatorriz, 47 multzo zituen Omako basoak, baina orain 34 dira. Bilduma batzuk osatu egin ditugu, eta Ibarrolaren helburuekin fidelagoa da orain», kontatu du Madarietak. Begiak, Koloretako biribilak, Erritmo inguratzaileak eta Basoko animaliak multzoei, adibidez, zenbait zuhaitz erantsi dizkiete forma originalak behar bezala irudikatzearren. Beste kasu batzuetan, berriz, galduta zeuden piezak berreskuratu dituzte: «Fernando Bazeta EHUko irakasleak gidatutako taldeak Ibarrolaren obra osoa berrinterpretatu du, eta, hala, bilduma osatuago bat ondu dugu. Hasiera-hasieran, esaterako, basoaren jabeetako batek artelanaren 127 zuhaitz ebaki zituen paper fabrika bati saltzeko, eta, ondorioz, bilduma batzuk berehala galdu ziren. Jende gutxik izan zuen horiek ikusteko aukera, eta horiek guztiak berreskuratu ditugu orain». Zuhaitz gehiago margotu dituzte denera, artistak jatorrizko basorako pentsatuta zeuzkan dimentsioak eta ezaugarriak gauzatu ahal izateko.

Margoez gain, irisgarritasuna ere hobetu dute: «Santimamiñeko aparkalekutik, oinez egin behar da bidea: 2,8 kilometro dira basora heltzeko». Madarietaren hitzetan, gainera, bisitariei «eskaintza osatuago bat» ematen diete: «Bisita erakargarriagoa eta osoagoa da». Era berean, jasangarriagoa ere bada: «Eremu berriak banakako mantentzea egiteko aukera ematen digu».

Iazko azaroan hil zen Ibarrola, 93 urte zituela.

KORTEZUBIKO OMAKO BASOA

  • Helbidea. Oma auzoa, Kortezubi. 
  • Ordutegia. Astelehenetik domekara, 09:30etik 15:00etara.
  • Bisitak. Bisita librea, doan. Bisita gidatuak zapatuean egiten dituzte: 11:00etan, gaztelaniaz; 12:30ean, euskaraz. Bisita mota guztietarako beharrezkoa da sarrerak aurrez erreserbatzea.
  • Webgunea.bizkaia.eus/eu/web/bosque-oma-basoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.