Koloretxek bi langile kaleratu behar izan ditu, Bilboko Udalak diru laguntza murriztu diolako

Elkarteak 55.000 euro jaso zituen iaz, eta bi langile kontratatu ahal izan zituen. Aurten, udalak 20.000 eurora jaitsi dio ekarpena. Koloretxek salatu du oraindik ez dakiela noiz jasoko duen hitzemandako laguntza.

Koloretxe elkarteko kideak, urtarrilaren 30ean, Bilboko udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean. KOLORETXE
Koloretxe elkarteko kideak, urtarrilaren 30ean, Bilboko udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean. KOLORETXE
irene baranano
Bilbo
2025eko otsailaren 22a
05:00
Entzun

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako emakumeentzako Koloretxe proiektuko andreek zerbitzua murriztu behar izan dute, Bilboko Udalak aurtengo hitzemandako 20.000 euroak noiz jasoko zain baitaude. Diru gutxiegi dela salatu dute, gainera. Iaz lortu zuten lehen aldiz udalaren finantzaketa: 55.000 euro. Diru horrekin, bi langile kontratatu zituzten lanaldi erdian aritzeko, eta tailerrak emateko beste lokal bat alokatu zuten. Aurten, finantzaketa murriztu egin diete, eta ez dakite dirua noiz jasoko duten; ondorioz, bi langileak kaleratu egin dituzte, eta tailerretarako lokala itxi.

«Urte honetarako 20.000 euro ematen badizkigute ere, ezingo diogu orain arteko zerbitzuari eutsi; gutxienez hori halako bi beharko genuke», deitoratu du Yolanda Jubeto Ruizek, Koloretxe elkarte feministako kideetako batek. Ziurgabetasuna eta eskasia ekonomikoa dela-eta Koloretxek ematen duen zerbitzua murriztu egin behar izan dutela aitortu du Jubetok.

«Iaz kontratatutako bi langileekin, lokala ia egun osoan izaten genuen irekia. Gainera, hainbat jarduera jarri genituen abian; adibidez, ostiralero euskara klaseak izaten genituen»

YOLANDA JUBETO RUIZBilboko Koloretxe elkarte feministako kidea

«Iaz kontratatutako bi langileekin, lokala ia egun osoan izaten genuen irekia», esan du Jubetok. «Gainera, hainbat jarduera jarri genituen abian; adibidez, ostiralero euskara klaseak izaten genituen». Koloretxeko kideek hainbat arlotako jarduerak baliatzen dituzte Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako emakumeak saretzeko, ahalduntzeko eta elkarren arteko laguntza sustatzeko. Iaz, esaterako, zineforumak, fanzine eta literatura tailerrak, antzezlanak, formakuntza eta sexu aholkularitza, liburu aurkezpenak, indarkeria matxistak detektatzeko sentsibilizazio tailerrak, topaketak eta autodefentsa feminista egin zituzten. 

Berdintasun Sailean aldaketa 

Joan den urteko ekintzak berriz ere egiteko asmoz, azaroan hitzarmenaren aldi luzeago bat eskatu zioten Bilboko Udalari: legealdia amaitu artekoa (2027ko udaberrira artekoa), edo, behintzat, bi urtekoa. «Ez genuen erantzunik jasotzen, eta orduan jakin genuen Berdintasun Sailean aldaketak egon zirela», adierazi du Jubetok. Hark salatu duenez, hainbatetan eskatu zuten aurtengo aurrekontuari buruzko informazioa, baina ez zieten erantzun argirik eman.

Abenduan, oraindik ez zekiten aurtengo ekitaldirako finantzaketarik izango zuten. Horiek horrela, langileen kontratuen inguruko erabaki bat hartu behar izan zuten, eta, ziurgabetasuna nagusi zenez gero, haien kontratuak etetea erabaki zuten. Era berean, tailerrak egiteko alokatu zuten lokala utzi behar izan zuten. «Nola da posible udalak erantzunik ez ematea bi lanpostu jokoan daudenean?», galdetu zuten urtarrilean egindako elkarretaratzean. Azkenik, udalak mezu elektroniko baten bidez hitzeman die aurten 20.000 euro emango dizkiela, baina Koloretxe proiektuko kideek oraindik ez dute sosik jaso.

«20.000 euroko kopurua oso ondo dago jarduera batzuk egiteko, baina ezinezkoa da egitura bat izatea»

YOLANDA JUBETO RUIZBilboko Koloretxe elkarte feministako kidea

Hala eta guztiz ere, Koloretxeko kideek iaz martxan jarritako ekinbidearekin jarraitu nahi dute, eta orain duten lokalari eutsi. «Kontu asko egin behar ditugu horretarako», adierazi du Jubetok. Dena den, ezingo dute langilerik kontratatu. «Diru kopuru hori oso ondo dago jarduera batzuk egiteko, baina ezinezkoa da egitura bat izatea». 

Emakumeen etxe bat Bilbon 

Koloretxe proiektua Galtzagorri Bilboko talde feministaren bultzadarekin sortu zuten, 2020. urtean. Galtzagorri 1992an sortu zuten, eta 2015etik ari dira Bilbon Emakumeen Etxea eskatzen; izan ere, Hego Euskal Herriko hiriburuen artean, halakorik ez duen bakarra da. Bizkaiko hainbat herrik badute dagoeneko; Basaurik eta Ermuak, esate baterako. «Guk gure auzoetan ere emakumeen etxe bat nahi genuen; batez ere, hemen biltzen diren emakumeen aniztasunagatik eta pobreziagatik», adierazi du Jubetok. Koloretxeko kidea ez ezik, Galtzagorrikoa ere bada Jubeto. 

Emakumeen etxe bat lortzeko, negoziazio ugari izan dituzte Bilboko Udalarekin. Eskatzen hasi zirenean, bilerak izan zituzten hainbat eragilerekin; besteak beste, Bilboko Mugimendu Feministarekin eta alderdi politikoekin. Horietako gehienak ados zeuden: hiribilduak emakumeen etxe bat behar duela.

Toki bat bilatzea zuten, hortaz, eztabaidagaia. Galtzagorrik San Frantzisko auzoko Harrobi plazako udal eraikin bat proposatu zuen, baina beste proiektu batek bereganatu zuen eraikina. Haren ondotik, auzo berean dagoen Telefonicaren eraikin zaharra proposatu zuten. Auzoko Ehunka sareak ere horren alde egin zuen lan: eraikina proiektu komunitarioen esku utzi, eta Koloretxeri gune bat eman nahi zieten; lehen solairuko zortziehun metro koadro inguru.

Koloretxek iaz zuen lokala, Bilboko San Frantzisko auzoan, 2024ko urtarrilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Koloretxe elkarteak iaz zuen lokala, Bilboko San Frantzisko auzoan, 2024ko urtarrileko argazki batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bitartean, udalak iragan ekainean iragarri zuen emakumeen etxe bat irekiko zuela Atxuri auzoan, Ollerietako eskola zaharraren eraikinean. Plan horretako eztabaida mahaian Koloretxe ere bazegoen, beste hainbat elkarterekin batera, baina mahaitik altxatzea erabaki zuten. «Atxuriko lokal hori ez da batere irisgarria», esan du Jubetok: «Barrutik obra egiten badute ere, lokalera heltzeko aldapa handia dago». Urtarrilaren 30ean elkarretaratze bat egin zuten udaletxe aurrean, eta salatu udalak lau milioi euro eta erdi inbertituko dituela eraikin hori Bilboko Emakumeen Etxe bihurtzeko. «Bertan behera utzi dute Koloretxe proiektua, zeina martxan dagoen eta auzoko emakumeekin harreman zuzena lortu duen», deitoratu zuten elkarretaratzean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.