Koloneko eta ondesteko minbizia: prebentzioak bermatu du biziraupena

Baheketa programa ezinbestekoa da ahal bezain jende gutxi hiltzeko koloneko eta ondesteko minbiziak jota: garaiz detektatzen diren tumoreen %90 sendatzen dira. Hala ere, bizkaitarren %29,6k ez dute parte hartzen programa horretan.

Koloneko eta ondesteko minbizia bahetzeko probak uzteko mahaia, Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteko ordezkariekin, ikerlariekin eta Osakidetzako langileekin, Portugaleteko Repelega auzoko anbulatorioan, otsailean. MINBIZIAREN AURKAKO BIZKAIKO ELKARTEA
Koloneko eta ondesteko minbizia bahetzeko probak uzteko mahaia, Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteko ordezkariekin, ikerlariekin eta Osakidetzako langileekin, Portugaleteko Repelega auzoko anbulatorioan, otsailean. MINBIZIAREN AURKAKO BIZKAIKO ELKARTEA
amaia igartua aristondo
2025eko apirilaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaiko gizonengan eta emakumeengan intzidentziarik handiena duten minbizietan bigarrena da kolonekoa eta ondestekoa, eta, kasu guztiak kontuan hartuta, tumoreen artean eragin handiena duena. Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkartearen estimazioen arabera, iaz 1.126 kasu atzeman ziren Bizkaian guztira: 672 gizonetan eta 454 emakumeetan. Halaber, pronostiko onenetakoa duten minbizietako bat ere bada: Arantza Gonzalez elkarteko prebentzio arloko koordinatzailearen arabera, garaiz diagnostikatuz gero kasuen %90 senda daitezke. Eta badago gaixotasuna aurretiaz detektatzeko modu bat ere: gorozkietan ezkutatutako odolaren testa. Metodo hori «erosoa eta erraza» da, baina Osakidetzaren bahetze programan dauden bizkaitarren %29,6k ez dute proba egiten; guztira, 100.000 bat lagun. Minbiziaren Aurkako Elkarteak haiengan ipini du arreta Koloneko eta Ondesteko Minbizia Prebenitzeko Eguneko aurtengo kanpainan —martxoaren 31n izan zen egun hori—.

«Minutu batzuez bizitza salba dezakezu», adierazi du Gonzalezek, aurtengo kanpainaren leloa gogora ekarrita, eta berretsi du gorozkien probak «sekulako garrantzia» duela minbiziaren eraginez jende gutxiago hiltzeko. Ez dago aurretiaz ordua eskatu beharrik, ezta farmaziara joan beharrik ere probarako beharrezko tresnak eskuratzera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Osakidetzak etxera bidaltzen die kita 50 eta 74 urte arteko biztanleei, bi urtean behin. Kita jasotakoan, lagin bat hartu, gorde, eta anbulatorioan dagoen edukiontzietako batera eraman behar dute. Hori besterik ez. Proban odolik agertuz gero, kolonoskopia bat egitea izaten da hurrengo urratsa, odola nondik datorren argitzeko. «Kolonoskopian poliporik ikusten badizute, gainera, kendu egiten dizute; orduan, urte batzuen barruan libre egongo zara hesteetako arazo guztietatik».

Hain erraza izanda, beraz, zergatik egiten diote muzin probari herritarren herenek? Hainbat arrazoi daude, Gonzalezek azaldu duenez. Batetik, batzuek osasun pribatuaren bidez egiten dute proba hori, eta, hortaz, datuok ez daude jasota. Eta, bestetik, Osakidetzak eta elkarteak zailtasunak dituzte talderik zaurgarrienetara heltzeko, hala nola migratzaileengana eta gaixotasuna tabutzat daukaten kolektiboetara, hizkuntza kontuengatik ez zaielako informazioa behar bezala iristen, ez direlako osasun zentroetara joaten, edo prebentzioa ez dutelako funtsezko auzitzat jotzen. «Harremanetan gaude kolektibo horiekin lan egiten duten hainbat erakunde eta elkarterekin».

50 urtetik 74ra

Horrez gain, gaixotasunaren sendatze tasa handiak ere eragina izan dezake baheketa programan. Izan ere, minbizi mota horrekin hiltzen direnen tasa apala izateak arrisku pertzepzioa ere apaldu dezake, orobat. «Osakidetza nabarmentzen ari da segurtasun irudipen faltsua dagoela: batzuek uste dute proba behin eginda ez dutela gehiago egin behar. Baina ez: jendeak bi urtean behin egin behar du jarraipena», tematu da Gonzalez. Hain zuzen, baheketa programako parte hartzea apaldu denean inoiz, horrek zerikusia izan du, hein batean, arrisku pertzepzioarekin, haren esanetan.

Kolonoskopiak eta gorozkietan ezkutatutako odolaren probak balio bera dute minbizia diagnostikatzeko

Euskal Herrian, Galizian, Herrialde Katalanetan eta Espainian hamar urtez egindako ikerketa batek ondorioztatu du gorozkietan ezkutatutako odolaren proba kolonoskopia bezain eraginkorra dela koloneko eta ondesteko minbizia atzemateko eta gaitz horrek jota jende gutxiago hiltzeko. EHUko talde bat dago ikerlarien artean. Emaitzak The Lancet aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte.

50 eta 69 urte bitarteko 57.000 gizon-emakumek parte hartu dute ikerketan. Bi taldetan banatu zituzten: batzuei kolonoskopia egitea proposatu zieten, eta besteei, gorozkietako testa egitea, bi urtean behin. Hamar urteren ondoren, parte hartzea handiagoa izan da testaren taldean —%40koa; kolonoskopiaren taldean, %32koa—, tumoreen intzidentzia antzekoa izan da, baita tumoreak eragindako heriotzen ehunekoa ere —%0,22 kolonoskopiaren taldean, eta %0,24 testarenean—. 

Ikerlarien arabera, emaitzok erakusten dute gorozkien testa kolonoskopiaren «alternatiba bideragarria» izan daitekeela koloneko eta ondesteko minbizia bahetzeko. «Baliteke horrela baheketa programetako parte hartzea handitzea, gorozkietako testa erosoagoa baita, eta ez hain inbaditzailea».

Jarraipen hori luzaroagokoa izatea da, hain justu, elkartearen helburua; hau da, baheketa programan parte hartuko dutenen adin tartea zabaltzea. Orain arte, 50 urtetik 69ra bitarteko gizon-emakumeei bidaltzen zieten kita, baina, aurten, Osakidetzak 74 urtera artekoak sartu ditu. Hain justu, zenbat eta zaharragoa izan orduan eta aukera gehiago daudelako edozein minbizi garatzeko, baita kolonekoa eta ondestekoa ere. Elkartearen eskakizun bat izan da, Gonzalezek esplikatu duenez. «Kontuan hartuta gaur egun zer bizi itxaropen dugun, zentzua zuen proba horren adin tartea ere zabaltzeak, jende asko kanpoan geratzen zen eta. Eta idealena litzateke gehiago zabaltzea, sistemak bere gain har badezake».

Gorantz zabalduko luke tartea, nahiz eta azken hamarkadetan gazteen artean ere igotzen ari den minbizi ororen intzidentzia. «Baheketak adierazi baino ez du egiten. Norbaitek sintomatologia jakin bat badauka, nahiz eta gazteagoa izan, proba hori egiteko aginduko dio medikuak, edo, zuzenean, kolonoskopia bat egiteko». Eta zein dira sintoma kezkagarri horiek? Askotan, sintomatologia «ez da zehatza», Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteko kideak ohartarazi duenez. Minbizia dagoenean, gorotzetan odola agertzea da sintomarik ohikoenetako bat. Horrez gain, komeni da hesteen erritmoari ere erreparatzea, eta medikuarenera joatea hura luzaz ezohikoa bada —idorreria iraunkorra badu joera hori eduki ez duen norbaitek, esaterako, edo kontrakoa gertatzen bada—.

Arrisku faktoreak

Luzeagoa da sintoma posibleen zerrenda. «Guztiz libratu ez duzun sentsazioa edukitzea da beste bat. Halaber, gorotzak ohi baino estuagoak badira, baliteke irtetea oztopatzen dien anomaliaren bat egotea». Minbiziak sabeleko mina ere eragin dezake, baita muturreko nekea ere, eta arrazoirik gabe pisua galtzea. Dena den, sintomok iraunkorrak izan behar dute kezkagarriak bihurtzeko, Gonzalezek nabarmendu duenez.

«Kontuan hartuta gaur egun zer bizi itxaropen dugun, zentzua zuen baheketa probaren adin tartea ere zabaltzeak, jende asko kanpoan geratzen zen eta»

ARANTZA GONZALEZMinbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteko prebentzio arloko koordinatzailea

Adinean gora egitea saihetsezina da. Baina beste arrisku faktoreetako batzuk aldakorrak dira, eta horiek kontrolatzea ere bada prebentziorako gakoa. Oinarrian daude gainpisua eta obesitatea, sedentarismoa, eta elikadura okerra, batik bat gantzetan eta okela gorrian oparoak diren dietak, eta fruta, barazki, lekale eta zuntz iturri diren elikagai gutxikoak. Toxikoen kontsumoa ere neurtu beharrekoa da: tabakoak eta alkoholak lotura dute tumoreak agertzearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.