Duela 25 urte sortu zen Bizkaia Bizkaialde fundazioa, Bizkaian goi mailako kirola diruz laguntzeko. Espainiako lehen bi mailetan lehiatzen diren eta profesionalak ez diren taldeen finantzaketan laguntzen du. «Tresna honek aukera eman digu beste era batera finantzatzeko gaitasunik izango ez luketen taldeei laguntzeko», nabarmendu du Carlos Sergio Atxotegi (Durango, 1968) Bizkaiko Kirol zuzendariak. 29 klubetako 34 taldek jaso zuten iaz laguntza; 548 gizon kirolarik eta 229 andrek.
Zergatik sumatu zuten duela 25 urte Bizkaia Bizkaialde fundazioa sortzeko beharra?
Garai hartan ez zegoen finantzabiderik ezarrita. Helburua zen talde kirolak laguntzea. Horregatik, garai hartan onuradunak izan ziren saskibaloia, eskubaloia... Fundazioa sortzeko arrazoi nagusietako bat Bilbo Basket izan zen, kluba sortu berria zen eta. Laguntza eskatu zuen, baina ez zegoen modurik. Beste taldeek ere laguntza behar zuten. Diputazioak zer aukera zituen aztertu zen eta begiratu zen enpresa pribatuek zer prestutasun zuten halako taldeak laguntzeko. Fundazioa sortu zen interes publikoa eta pribatua batzeko.
Bilbo Basket sortu berriaz gain, zer gehiago zegoen?
Atletismoa, eskubaloia, boleibola, waterpoloa, errugbia... Gaur egun dauden kirol taldeetako asko orduan ere bazeuden. Gehiago aldatu da fundazioko parte zer enpresa diren. Hasieran enpresa asko egon ziren, eta inplikazio maila handia zuten, baina hori aldatuz joan da. Orain, enpresek gurago dute markari eutsi, kutxa komun batean dirua jarri ordez. Nahi dute haien izena ikustea, eta, ondorioz, babesletza politikak aldatu egin dira. Garai hartan fundazioak jasotako diruaren %30 zen publikoa, eta %70, pribatua; gaur egun, %90 da publikoa. Enpresa pribatu horiek kirol talde horiek laguntzen jarraitzen dute, baina modu zuzenagoan.
«Kirol aldetik lehiatzeko gaitasuna izan arren, gerta daiteke horrek eskatzen duen gaitasun ekonomikorik ez izatea»
Taldeen eta kluben funtzionamendua ere aldatuko zen, ezta?
Aldaketa handia egon da federazioetan. [Espainiako] Estatu mailan, federazioak konturatu dira haiek finantzatzeko bide ona direla txapelketak, eta gogortu egin dituzte klubei jartzen dizkieten baldintzak —batez ere, ekonomikoak—. Askotan, kirol aldetik txapelketan lehiatzeko gaitasuna duzun arren, gerta daiteke horrek eskatzen dizun maila ekonomikorik ez izatea. Horrek presio itzela sortzen die klubei eta taldeei, eta Bizkaialde fundazioak ezinbesteko garrantzia dauka.
Zelan banatzen duzue dirua?
Diru laguntzen lehiaketa publiko bat egiten dugu urtero. Baldintza batzuk ezartzen dizkiegu klubei eta taldeei. Arestian esan bezala, maila jakin batean lehiatu behar dute laguntza eskatu ahal izateko. Horrez gain, kirolarien %20k bizkaitarrak izan behar dute, hemen jaioak edo hemen prestatuak. Kontuan hartzen da, baita ere, emakumeen presentzia, aniztasun funtzionala duten kirolariena eta euskal kirolak izatea. Gero, zenbat eta kirolari bizkaitar gehiago izan, puntu gehiago jasotzen dituzte. Errazena litzateke kanpoko jokalariekin punta-puntako taldeak sortzea. Athletic salbuespena da, baina beste kirol batzuetan zaila da tokiko kirolariekin lehiatzea. Fundazioan hori bultzatu nahi dugu. Beste kirol batzuetan ez da hain zaila, eta, berez, talde batzuetan gehiengoa dira bizkaitarrak. Beheko mailetan daudenek zera esan behar dute: «Nik kirola egingo dut, ona delako, baina, baita ere, ondo lan eginez gero, izango dudalako gorengo mailetan non jokatu».
Urteotan zer bilakaera izan du taldeen izaerak?
Hasieran, babesten ziren talde gehienak gizonenak ziren. Urteotan andre kirolariak asko ugaritu dira, eta Bizkaialdek asko lagundu du horretan. Klub batzuek andreen eta gizonen taldea dute. Hori arrakasta itzela da. Une batzuetan beharrezkoa izan da andreen klubak sortzea, andreen kirola sustatzeko, baina helburua beste bat da; kirol klub batek pertsona guztiak bildu behar lituzke: andreak, gizonak, elbarriak, hasiberriak eta beteranoak. Egokitutako kirolean ere hazkundea nabaritu dugu: Bidaideak izan zen aitzindaria, saskibaloian.