Kioskoen hilberria idazten hasita

Azken urteetan prentsa kioskoak zarratzen ari dira, egunkarien eta aldizkarien salmenta murriztearen ondorioz. Saltzaileek salatu dute beste faktore batzuek ere eragina dutela.

Juan Ramon Gomezen prentsa kioskoa, Bilboko Kale Nagusian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Juan Ramon Gomezen prentsa kioskoa, Bilboko Kale Nagusian, apirilaren 3ko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko apirilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egunotan da zarratzekoa Erandioko Altzaga auzoan dagoen kiosko bakarra, ez delako negozio errentagarria, ugazaben arabera. «Zoritxarrez, ezin dugu lehiatu teknologia eta kontsumo ohitura berriekin, eta, beraz, ez dugu beste aukerarik», adierazi dute bezeroei itxieraren berri emateko idatzi duten oharrean. Udalaren jarrera txarretsi dute ugazabek, euren lana «erraztu beharrean, itxiera azkartu duten erabakiak» hartu dituelako. Derion ere kiosko bakarra zegoen, eta martxo hasieratik dago itxita: hogei urtez egon zen zabalik, eta, jabeek azaldu dutenez, ordutik erdira jaitsi da egunkarien salmenta.

«Ikusten ari gara azken urteetan bata bestearen atzetik desagertzen ari direla», ohartarazi du Javier Carreñok. Exprensako presidentea da, Bizkaiko kioskoen elkartekoa. Bilboko Indautxu plazan dagoen kioskoa Carreñorena da. «Postua non dagoen faktore garrantzitsua da haren iraupenerako: ez da gauza bera Uretamendin edo Kale Nagusian egotea. Uretamendiko kioskoaren jabearentzat, seguruenik, ez da errentagarria izango negozio hau». Bilbon, hamahiru baino ez dira geratzen; 2018an, 37 zeuden. 

Carreñok onartu du bere kioskoa Indautxun egotea «ondo» doakiola: «Ni eta nire familia duin bizitzeko beste irabazten dut». Baina salatu du bere kioskoa ere desagertzera «kondenatuta» dagoela. Izan ere, negozio batzuk errentagarritasun faltagatik zarratzen dituzte —Erandiokoa eta Deriokoa, berbarako—. Baina, beste batzuetan, kioskoa ondo joan arren, itxi egin behar izaten dituzte, jabeak jubilatu egin direlako. «Gehienetan, gure seme-alabek ez dute negozioa hartu gura izaten, lan gogorra delako eta ordutegi txarrak ditugulako, eta guk ezin dugu ez alokatu, ez saldu».

«Kioskoek udal lizentzia bat dute. Taxiek ere bai. Baina haiek jabea aldatzeko eskubidea dute, eta guk ez. Zergatik ez?»

JAVIER CARREÑOExprensa elkarteko presidentea

Carreñok Bilboko Udala egin du horren erantzule, ez dielako baimentzen kioskoa hirugarren baten esku uztea. «Kioskoek udal lizentzia bat dute. Taxiek ere bai. Baina haiek jabea aldatzeko eskubidea dute, eta guk ez. Zergatik ez?». Exprensa elkarteko buruaren arabera, horrek bermatuko luke kioskoek zabalik jarraitu ahal izatea jabeak jubilatzen direnean. «Lizentzia publikoak direla? Beraz, atera ditzatela eurek lehiaketa publikora. Baina ez dute ezer egiten. Orain, kioskoa zarratu eta biharamunean, udal langileak joaten dira azpiegitura kentzera. Badirudi udalari enbarazu egiten diogula kalean».

Bilboko kioskoen ugazaben %80 laster jubilatuko direla esan du Juan Ramon Gomezek. Emazteak eta biek Bilboko Kale Nagusiko 36. atariaren parean dute kioskoa. 06:00etatik 19:30era izaten dute zabalik, astelehenetik domekara —domeka arratsaldean ez dute irekitzen—. Bien artean banatzen dituzte txandak. Gomezek adierazi du lanbide «sakrifikatua» dela, baina, «gogor lan egiteari esker», negozioa «ondo» doakiela. Egunero zazpiehun bat egunkari saltzen dituzte, eta banaketa zerbitzua dute Abandon, Indautxun eta Uribarrin. «Batez ere, tabernak dira bezeroak, baina baita beste mota batzuetako negozioak ere. Adibidez, jakiten dugunean ile apaindegi bat zabalduko dela, geu joaten gara banaketa eskaintzera».

«Bezero gehienak beti-betikoak dira; haiei esker irauten dugu. Baina gehienak adinekoak dira; horiek falta direnean...»

ANA RUIZ Bilboko Orueta Apezpikuaren kaleko kioskoaren jabea

Euskal Herriko prentsaz gain, inguruko lurraldeetako eta munduko kazeta garrantzitsuenak ere badituzte salgai Gomezek eta. Kale Nagusian turista asko dabil batera eta bestera, baina bilbotarrek ere erosten dute atzerriko prentsa. «Hizkuntzak ikasten dabiltzanak izaten dira horiek, edo hemen inguruko bulego eta banketxeetakoak, nazioarteko informazioaren berri gertutik izan nahi dutenak».

Ertzilla eta Orueta Apezpikuaren kaleek bat egiten duten ertzean du kioskoa Ana Ruizek. Lehenengoetakoak izan ziren Bilbon banaketa zerbitzua eskaintzen. «Gure aita hasi zen, duela 50 bat urte. Ez genuen kobratzen zerbitzuagatik», gogoratu du.

Prentsa kioskoa Orueta gotzainaren kalean
Ana Ruizen prentsa kioskoa, Bilboko Orueta Apezpikuaren kalean, apirilaren 3ko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ana Garcia amari hartu zion lekukoa Ruizek, hura jubilatu zenean. Sarritan elkarrekin egoten dira postuan. «32 urte nituela hasi nintzen, eta 87 ditut», azaldu du Garciak. Lehenengo, Jado plazan egoten zen, baina, hura birmoldatu zutenean, Zabalguneko plazara bidali zuten. Udala han lanean ari da orain, lurpeko aparkalekua berritzen, eta bigarrenez mugitu dute lekuz Ruizen-eta kioskoa. «Zoratuko gaituzte», esan du Garciak. «Espero dut hemen geratuko garela», gehitu du Ruizek.

Biok berbetan dabiltzala, bezero bat etorri da. Kioskora gerturatzen ikusi duenerako, Ruizek prest izan dio egunkaria, eskatu beharrik gabe. Beste bat ere etorri zaie geroxeago, eta izenez deitu du Garciak euren aurrera ailegatu baino lehen. «Bezero gehienak beti-betikoak dira; haiei esker irauten dugu. Baina gehienak adinekoak dira; horiek falta direnean...».

«Zezenketen ingurukoak, ehiza eta arrantzari buruzkoak, etxeko dekorazioaren ingurukoak, auto eta motorrenak… halakoak egoten ziren modan»

ANA GARCIA Bilboko Orueta Apezpikuaren kaleko kioskoaren jabe ohia

Ruizen arabera, batez ere egunkarien bidez lortzen dute dirua saltzaileek; aldizkariak salduta gutxi ateratzen ei dute. Garciak mila kazeta saltzen zituen domeketan; gaur egun, laurdena ere ez du saltzen alabak. Lehengo sasoiekin alderatuta, bada, orain «ozta-ozta» ateratzen dute bizimodua, Ruizen arabera. «Gazteek ez dute paperean irakurtzen; adinekoak dira egunkariak erosten dituzten gehienak», azaldu du Ruizek. Gazteek gehiago kontsumitzen dituzte aldizkariak, baina «garestiak» direla esan dute ama-alabek. Gazteei atzerriko aldizkariak gustatzen zaizkiela aipatu dute, musikari, zineari edo modari lotutakoak. «25 eta 30 euro artean balio dute, liburuek beste. Gazteek ez dute dirurik halakoak maiz erosteko», Ruizen esanetan.

Bere garaian, Garciak beste era bateko aldizkariak saltzen zituen: «Zezenketen ingurukoak, ehiza eta arrantzari buruzkoak, etxeko dekorazioaren ingurukoak, auto eta motorrenak... halakoak egoten ziren modan». Gogoan du Espainiako Cambio 16 eta Interviú aldizkariak sortu ziren sasoia ere, harrera ona zutelako. «Astean hirurehun aletik gora saltzen nituen». Haren alabak uste du orain ez dagoela aktualitatea lantzen duen aldizkaririk. «Oraingoek, hutsalkeriez hitz egiten dute, txutxu-mutxu hutsa dira».

Aldizkariak, Bilboko Kale Nagusiko kioskoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Aldizkariak, Bilboko Kale Nagusiko kioskoan, apirilaren 3ko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gomezek eta emazteak Kale Nagusian duten kioskoak badu berezitasun bat: nazioarteko aldizkariak dira hango espezialitatea. Arkitektura, zientzia, moda... gai asko topa daitezke salgai dituzten aldizkarietan. Aurreko ugazabak hartu zuen bide hori, eta handik jarraitzea erabaki zuten. «Erosten dituztenak friki hutsak dira, berbaren zentzurik onenean esanda».

Andre bat azaldu da Kale Nagusiko kioskora, banaketa enpresa batek bertan utzi dion paketearen bila. Bide batez, txikle pakete bat erosi du. «Ikusi duzu? Pertsona hori paketearen bila etorri izan ez balitz, nik ez nuke txikle pakete hori salduko», ohartarazi du Gomezek. Horregatik, negozioa dibertsifikatu beharra dagoela azpimarratu du. Paketeak jasotzeko gune izateaz gain, bestelako zerbitzu batzuk ere baditu: tabakoa saltzen du, kafe makina dauka, loreak ditu salgai eta baita Athleticen bufanda ofizialak ere. «Jendea zelan erakarri pentsatu behar da».

Zerbitzu eskaintza

Iritzi berekoa da Carreño, Bizkaiko kioskoen elkarteko burua. Bilboko Udalari bestelako zerbitzu batzuk eskaintzeko laguntza eskatu dio: «Prestakuntza eta babes apur bat jasota, turismo eta informazio gune izan gaitezke, kirol, kultura eta aisialdi jardueretako sarrerak saltzeko leku ona ere badirelako kioskoak». Gogoratu du garai batean Bizkaiko garraio publikoan ordaintzeko erabiltzen zen Creditrans txartelak saltzen zituztela, eta gero Barik txartelak kargatzeko zerbitzua ere eskaintzen zutela. Orain, ez.

Carreñok egunkariak argitaratzen dituzten enpresentzat ere badu kritikarik. «Ez gaituzte babesten, elkar behar dugula esaten diguten arren». Harpidetzak kudeatzeko ereduan ikusi du arazoa: harpidedunari egunkaria etxeko atarira eroatea txarretsi du. Haren ustez, auzoko kioskoetan utzi beharko lirateke, harpidedunek han har ditzaten.

«Pertsona hori banatzaileak kioskoan utzitako paketearen bila etorri izan ez balitz, nik ez nuke txikle pakete hori salduko»

JUAN RAMON GOMEZ Bilboko Kale Nagusiko 36. atari pareko kioskoaren jabea

Supermerkatu eta bestelako dendetan egunkariak saltzeak ere kalte egiten diela esan du Exprensako presidenteak. Haren kioskotik gertu kafetegi eta okindegi frankizia bat zabaldu berri dute, Indautxun, eta egunkariak saltzen dituzte han ere.

Gero eta gutxiago, baina oraindik ere kaleetako paisaiaren parte dira prentsa kioskoak. Bilbon, 1990eko urteetatik berdeak dira, denak itxura berekoak. Ordutik antzekoak dira autobus geltokietako aterpeak eta ONCEko postuak; horiek, ostera, diseinua aldatu dute azken urteetan. Ruiz eta Garcia beldur dira prentsa kioskoak ere aldatu beharko dituzten «estetikaren izenean». «Geuk ordaindu ditugu, eta, aldatu beharko bagenitu, berriak geuk ordaindu beharko genituzke», esan du Garciak. Iruditzen zaie udalak ez dituela aintzatesten. «Dena itxita dagoenean, domeka arratsaldean kaleak hutsik daudenean, gu hemen egoten gara, hiriari bizitza apur bat ematen», nabarmendu du Ruizek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.