Aldamioz estalita dago Bilboko Atxuri auzoko Garcia Rivero eskola publikoaren eraikina, azaroan fatxadaren eta teilatuaren erlaitzaren zati batzuk kalera jausi zirelako. Premiazko esku hartzea da, baina ez die behin betiko konponbiderik ekarriko ikastetxeko komunitatea aspalditik salatzen ari den arazoei. Eraikina zaharra denez eta monumentu izendapena duenez, ikasleen segurtasuna eta erosotasuna ezin dira bermatu egiturazko irtenbiderik ezean.
Eskolako familia, ikasle eta irakasleek salatu dute urteak daramatzatela Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren konpromisoaren zain. Egoeraz nekatuta, irudimen handiko protesta antolatu zuten apirilaren 11n, goizean goiz, umeak klasera sartzeko orduan: obretako kaskoak eta txalekoak jantzita agertu ziren ikasle eta gurasoak, olgetazko mailuak eskuan; plastikoz eta kartoiz atondutako kamioi bat ere sartu zuten jolastokian.
«Gutxienez, 2019tik gabiltza hobekuntzak eskatzen, baina orain arte ez da ganorazko ezer egin», esan du gurasoen elkarteko kide Gorka Urrutiak. Orain jarrita dauden aldamioak «urgentziazkoak» direla dio, baina ez dagoela «luzera begirako» planik. «Gainerako elementuak ez dituzte konponduko. Zer gertatuko da leihoekin?». 2018ko ekainean leiho bat jausi zen ikasle biren gainera; zaurituta eraman zituzten ospitalera. Areto nagusian ekitaldiak daudenean, umeak eserita eta geldirik egon behar dira, egitura makal dagoelako. «Kontuan hartu umeak direla. Normala da hala ibili behar izatea?».
Arriskutsua izateaz gain, eraikinak ez du leku nahikorik ikasleen beharrei erantzuteko, gurasoen arabera. 450 ikasle dira gaur egun. Urteotan, txosten eta proposamenak aurkeztu dizkiete udalari eta Jaurlaritzari, baina bueltan «aitzakiak eta ihesbideak» baino ez dituzte jaso. Pandemiaren ondoren, Europako Next Generation funtsekin ordaindutako 2,5 milioi euroko esku hartze integrala agindu zien udalak, baina ez zen gauzatu.
«Bilboko beste auzo batzuetan oinezkoentzat egokitu dira eskoletako inguruak; Atxurin, ez. Ez da erraza, baina, behintzat, borondatea egon dadila eskatzen dugu»
GORKA URRUTIABilboko Garcia Rivero eskolako gurasoa
Hortaz, berriro halako luzamendurik egon ez dadin, eskaera zehatzak aurkeztu dituzte familiek. Udalak birgaitze integralerako plana egin dezala nahi dute, epeak eta aurrekontuak zehaztuta, agintaldi honetan bertan konpontzeko eraikinaren egitura, fatxada, leihoak eta erreberberazioa.
Gainera, Urrutiak ohartarazi duenez, eskolaren ingurua ere ez da egokia: trafiko handiko kale batean dago, tranbia pasatzen da ondotik, eta zarata eta kutsadura daude. «Bilboko beste auzo batzuetan oinezkoentzat egokitu dira eskoletako inguruak; Atxurin, ez. Ez da erraza, baina, behintzat, borondatea egon dadila eskatzen dugu». Familiei esan diete udalbatzan aztertuko dutela gaia.
Campuzano begiz jota
Bilboko inguru horretako ikastetxeak berrantolatzeko asmoa dagoela ere zabaldu da azkenaldion, baina Garcia Rivero eskolako komunitateak hedabideen bidez baino ez du izan horren berri. Berez, Eusko Jaurlaritzarena da aldaketa horiek egiteko eskumena. Berrantolatzea aukera apropostzat dute Atxuriko eskolak dituen hainbat arazori irtenbidea aurkitzeko. Hala ere, urteetan Jaurlaritzaren «gutxiespena» baino ez dutenez jaso, «eszeptikoak» dira.
Irtenbideen artean, Atxuri kalean bertan, bereziki, Garcia Riveroren aurrez aurre dagoen Emilio Campuzano ikastetxea dute begiz joa. Lanbide Heziketako ikasleak joaten dira hara, baina Atxuriko eskolakoek uste dute badagoela lekua eurentzat ere, 2022an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian proposatu zutenez.

Campuzano eraikinaren atzealdean dagoen lekua, gainera, aproposa litzateke umeen aisialdirako, trafikotik aparte baitago eta gaur egun ez baitu erabilerarik. Aldarrikatu dute «Atxuriko eta alde zaharreko haurrentzako eremu berde zabala» izan daitekeela.
Fatxada eta teilatuetako erlaitzak konpontzeko obrak direla eta, Haur Hezkuntzako 3., 4. eta 6. mailetako taldeak Emilio Campuzano ikastetxeko gela batzuetara eroan dituzte, behin-behinean. Dena dela, jantokira joateko Garcia Riverora itzuli behar dute, eta, errepidea zeharkatu behar dutenez, arriskutsua dela azaldu du Gorka Urrutiak. Gainera, udazkenean obrak amaitzean, ikasle guztiak betiko eraikinera bueltatuko dira.
Bitartean, behin betiko irtenbiderik ezean, Atxuriko eskolako familia, ikasle eta irakasleek eskaerak zabaltzen segitzeko asmoa dute, auzoak ikastetxe «seguru eta duina» merezi duelako. Urrutiaren arabera, «umeen osasun eta hezkuntza eskubideak bermatu» behar dira.