Kazetaria eta 'coach' emozionala

Iratxe Etxebarria: «Kanpora begira bizi gara, besteei ondo egin guran, norbera leher eginda egon arren»

Laneko estres handiaren eraginez, gaixotu egin zen Iratxe Etxebarria duela bi urte. Orduko gogoetak oinarri hartuta, ‘7.300 miligramo eszitalopram’ liburua kaleratu du. Buruko gaitzak sendatu daitezkeela erakutsi nahi du.

Iratxe Etxebarria kazetaria, joan den barikuan, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES/ FOKU
Iratxe Etxebarria kazetaria, joan den barikuan, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2024ko urriaren 28a
05:00
Entzun

Neke profesionalaren sindromeak jota, gaixotu egin zen 2022an Iratxe Etxebarria kazetaria (Dima, 1979). EITBko zuzendaritza taldean zegoen, eta ardura handiko postu bat zuen. Pilulei eta psikoterapiari esker sendatu da, nagusiki, baina irakurtzeak, idazteak, ibiltzeak eta musikak ere on egin dio. «Tunel beltzean» egon zen garaia oinarri hartuta, 7.300 miligramo eszitalopram liburua kaleratu du. Aitortza kronika moduko bat da, eta bere gogoetak eta lagungarri egin zaizkion formulak plazaratu ditu bertan. Egun, bere antzeko egoera batean dagoen jendeari coaching saioak ematen aritzen da.

Nolatan aukeratu zenuen kazetaritza?

Mundua ezagutzea eta gauzak kontatzea gustatu izan zait beti.

Irratian aritu izan zara, bereziki. Nola gogoratzen dituzu hasierako garai haiek?

Oso ondo. Euskadi Irratian egin nituen praktikak, eta, ordutik, irratigintzan aritu naiz, batez ere. Irratiari esker bete nituen kazetari eta korrespontsal izateko ametsak.

EITBren Bruselako berriemailea izan zinen 2006tik 2013ra arte. Hainbat kontu garrantzitsuren berri ematea egokitu zitzaizun urte haietan. 

Beti esan izan dut Bruselan lan egitea beste liga batean jokatzea dela. Zure alboan, ia itsatsita, nazioarteko hedabideetako askotariko kazetariak daude. Lagunak dira, eta prentsaurrekoetatik kanpo eurekaz egongo zara lanaldia amaitzean. Oso esperientzia ona izan zen: kazetaritza egiteko modu zoragarri bat bizi izan nuen. Euroaren krisiaren berri ematea egokitu zitzaidan. Mundua balantza batean zegoen, briefing-ak izaten genituen, eta agintariek erabakiak etorri ahala hartzen zituzten. Horrez gainera, asko bidaiatu nuen. Bruselan zegoen basea, baina mugitu egiten nintzen: Alemanian Angela Merkelek irabazi zituen hauteskundeen berri eman nuen, eta Barack Obamak Europara egindako lehenengo bidaia eta Kosovoren independentzia ere landu nituen… Gogoan dut ere ETAk 2011ko urriko su etena eman aurretik Brian Currinek emandako prentsaurrekoa, nola tratatu ninduen. Brusela herrialde erraza da kazetari batentzat.

«Apur bat kezkatia izan naiz beti, eta uste nuen normala zela hala sentitzea: lanpostu on bat nuen, soldata on bat, lan baldintza onak... Zertaz kexatu behar nuen?»

Denboraldi batez, telebistan ere aritu zinen: ETB1eko Ur Handitan Atzerrian saioko erredaktorea izan zinen 2018an.

Asko gustatzen zait jendea ezagutzea eta haien istorioak kontatzea. Saio hari esker, beste kultura batzuk ezagutu ahal izan nituen: Palestinara joan ginen, Nepalera, Balira, New Yorkera… Urtebete inguru aritu ginen atzerriko erreportajeak egiten. Oso esperientzia ona izan zen.

Eta, horren ostean, EITBko Irratietako zuzendariorde bilakatu zinen. Ardura handia zenuen?

Bai; batez ere, ordura arte nire lankideak izandakoen arduradun nintzelako. Erredakzioak eskatzen zituen gauzak aldatu nahi izan nituen. Ardura eta egingura nituen, aldi berean. 2021ean, Kiroletako zuzendariorde izan nintzen.

Postu horretan zeundela gaixotu zinen, 2022ko uztailean. Nola gertatu zen? Zer sentitzen zenuen?

Aurretik ere gauza asko igartzen nituen, baina normala zela pentsatzen nuen, ardura postu batean nengoelako. Gau askotan ez nuen lorik egiten, edo laneko arduraren bategaz itzartzen nintzen gau erdian. Ez nion garrantzirik ematen. Amak askotan esan izan dit: «Ez zaitez baso bete uretan ito». Apur bat kezkatia izan naiz beti, eta uste nuen normala zela hala sentitzea: lanpostu on bat nuen, soldata on bat, lan baldintza onak... Zertaz kexatu behar nuen? Oporrak hartu nituenean, Cadizera joan nintzen egun batzuk pasatzera, baina, bidean gindoazela, zerbait arraroa igarri nuen. Beldurrekaz hasi nintzen, paranoia antzean. Gauetan, lo hartu baino lehen, irakurtzeko ohitura dut, baina gauetan ezin nuen lorik hartu, buruari bueltaka. Koaderno bat erosi nuen, eta, lo hartu aurretik, idazten hasi nintzen. Hiru egunetan egoten nintzen lorik egin gabe, eta hurrengoan lo egiten nuen leher eginda egoten nintzelako. Etxera bueltan gentozela, Madrilen geratu ginen lotan: oso aktibatuta nengoen goizaldeko orduetan, eta hor konturatu nintzen zerbait gertatzen zitzaidala. 

Nolakoa izan zen medikuarenera joateko erabakia hartzea?

Ez nengoen ondo, eta neuk erabaki nuen familiako medikuari deitzea. Leher eginda nengoen, eta, azkenean, hala egotea normalizatu banuen ere, banekien zerbait gertatzen zitzaidala.

«Hilabete luze behar izan nuen osasun zerbitzu pribatutik psikologoa eta psikiatra aurkitzeko. Esan zidaten Osakidetzan itxaron zerrenda luzea zegoela, nire egoera ez zelako muturrekoa»

7.300 miligramo eszitolopram behar izan dituzu sendatzeko. 

Kopuru hori behar izan dut tunel beltz horren azkenean argia ikusten hasteko, baita psikoterapia ere, barruan nituen korapilo denak askatzeko.

Nolakoa izan da sendatze prozesua?

Familiako medikuak esan zidan lo egin behar nuela, deskantsua behar nuela. Baja hartu nuen, eta orduan hasi nintzen tunel beltza ikusten. Hilabete luze behar izan nuen osasun zerbitzu pribatutik psikologoa eta psikiatra aurkitzeko. Esan zidaten Osakidetzan itxaron zerrenda luzea zegoela, nire egoera ez zelako muturrekoa. Norbere buruaz beste egiten ahalegindu den pertsona bat hartzen da muturreko egoera gisa. Psikiatrak pilulak agindu zizkidan, psikoterapian hasi nintzen, eta, batzuetan, apurka-apurka tunelean aurrera egiten hasi nintzen, eta, beste batzuetan, tunelean zain geratzen nintzen, aurrera egiteko adorea izan arte.

Gerora, kostatu egin zitzaizun pilulak hartzeari uztea?

Bai, asko. Pilulek eutsi egiten zaituzte, berriro zuloan ez jausteko. Nik banekien hori guztia amaituko zela, hau da, negua edo tunela iritsiko zela udaberrira edo argira, eta, horrekin batera, pilulak utzi beharko nituela. Gizarte Segurantzan alta eman zidaten hamazortzigarren hilabetean, eta, ordurako, psikiatragaz dosia jaisten hasita nengoen, baina ez nintzen lanera itzultzeko gai ikusten; eszedentzia hartu nuen. Botikak utzi nituenean, zelako adikzioa. Behera egin nuen berriro, baina ez nuen botika gehiagorik hartu.

I+I+I deitu duzun teknika erabili duzu zure gaitzari aurre egiteko. Zertan datza teknika hori?

Irakurri, ibili eta idatzi. Tunelean egon nintzenean, asko irakurri nuen. Irakurtzeak laguntzen dit gauza bakarrean kontzentratuta egotera: babesleku on bat izan da niretzat. Horrez gainera, asko ibili naiz oinez. Ibiltzean gorputza kantsatu egiten da, eta buruak ere indar urriagoa du. Otsailean utzi nion pilulak hartzeari, eta martxoa gogorra izan zen. Bidaia bat izan nuen lagunekaz, eta lagunak ere izan ziren nire botika, eutsi egin ninduten. Musikak ere asko lagundu dit. 

«Buru osasunak estigma handia du gizartean, baina sendatu egin daiteke, beste gaixotasun batzuk sendatzen diren moduan»

Lan baimena izan zenuen denbora horretan lanera itzultzeko beharra edo ardura sentitzen zenuen?

Bai, lanera itzultzeak sendatu nintzela adierazten zuelako. Psikiatrarenera lehenengoz joan nintzenean, esan zidan botikak hartu behar nituela, eta, handik hilabetera kontsultara itzuli nintzenean, esan nion: «Dosia jaisten hasiko gara?». Psikologoari ere berdin: «Has naiteke beharrean?». Beti izan dut presa osatzeko.

Kontatu izan duzu 7.300 miligramo eszitolopram liburua sendatze prozesu bat izan dela zuretzat. Nolabaiteko aitortza kronika bat da? 

Terapeutikoa izan da. Hanka bat apurtzen duzunean, badakizu non duzun mina, zer gertatzen zaizun, baina buruko gaixotasun bat duzunean, ez dakizu nola azaldu zer gertatzen zaizun. Nik idatzi egiten nuen egun bakoitzean nola sentitzen nintzen. Liburuaren lehenengo zatian, nire hausnarketa batzuk bildu ditut, eta, bigarrenean, ikasi ditudan eta aurrera egiten lagundu dizkidaten formulak bildu ditut. Nire buruan zer gertatu den ulertzeko beharrizan handia izan dut. 

Orain, zelan zaude?

Pozik eta eskertuta. Sendatu egin naizela kontatzen nabil. Buru osasunak estigma handia du gizartean, baina sendatu egin daiteke, beste gaixotasun batzuk sendatzen diren moduan. Niretzat amets bat izan da liburu bat idaztea, eta, alde horretatik, ere pozik nago: irakurleak zein komunikabideak babes handia ematen ari zarete. 

Egun, coach lanetan zabiltza. Zer egiten duzu? 

Coaching prozesuetan, helburu jakin bat jartzen da, entrenamenduetan bezala. Hortik, balio batzuk zehazten dira, norberaren marra gorriak identifikatzen dira, ohitura osasuntsuak sustatzen dira... Niretzat lagungarri izan dena beste pertsona batzuei transmititzen ahalegintzen naiz. Konpromisoa bakarrik behar da, egin gura izatea.

Bereziki, emakumeei zuzenduta daude zure coaching saioak. Zergatik?

Ez daukat daturik, baina sentitzen dut andren artean gehiago ematen dela gaitz hau. Izan daiteke gizarte mailan exijentzia handiagoa dugulako. Hala ere, ez daukat arazorik gizonekin lan egiteko.

Zer-nolako harrera ari zara izaten?

Ona, baina astiro doa. Askotan ez dugu geure buruan inbertsiorik egiten: norbere burua ordenatu eta zein norabidetan joan gura duzun pentsatu behar da. Online saioak ematen ditut, eta, oraingoz, Espainia mailako jende gehiago izan dut Euskal Herrikoak baino. 

«Normalizatu egin behar da deskantsua behar izatea, trankil egotea, lanetik deskonektatzea... Ez gara zertan muturrera heldu behar»

Baliabide edo tresna gehiago behar dira buruko gaitzak tratatzeko?

Uste dut, lehenengo eta behin, tabuak apurtu behar direla. Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, munduko herritarren %25ek izango dute buruko gaitzen bat. Normalizatu egin behar da deskantsua behar izatea, trankil egotea, lanetik deskonektatzea... Ez gara zertan muturrera heldu behar.

Oraingoz, behintzat, ez duzu kazetaritzara itzultzeko asmorik.

Ni, lehen, komunikatzailea nintzen, eta gaur egun ere bai, baina ongizatean eta osasunean. Argi dut komunikatzen jarraitu nahi dudala. Transmititzeko beharra hor dago. 

«Gaur ez naiz duela urtebeteko emakume bera eta ez dut berriro orduko emakume bera izan nahi». Bizitzari begiratzeko modua aldatu zaizu?

Bai. Aldatzen ez bazara, ez zara osatu. Adibide erraz bat jarriko dut: hegazkinean goazenean, esaten dute zerbait gertatzen bada, lehenengo eta behin guk geuk jartzeko oxigeno maskara, alboan urtebeteko haurra eraman arren. Bizitzan, baina, ez dugu horrela funtzionatzen: kanpora begira bizi gara, norbera leher eginda egon arren, besteei ondo egin guran. Ni, orain, beste puntu batean nago. Askotan, oraindik, lehengo dinamiketara itzultzen naiz, baina entrenatzen jarraitzen dut. Argiak pizten zaizkit mugara iristen ari naizenean; lehen, gastatuak nituen, erreta zeuden.

motzean

  • Abesti bat? Marc Anthonyren Vivir mi vida. Denbora honetan ikasi dut jaio eta hil egiten garela. Bitartean, zeregin bakarra dugu: bizitzea.
  • Sendatzen lagundu zaituen liburu bat? Nazareth Castellanosen El espejo del cerebro. Hor konturatu nintzen neurozientzia ikasi gura nuela.
  • Erlaxatzeko leku bat? Artxanda. Itsasoa dago alde batean, eta aireportua bestean. Nondik edo handik, beti dago ihes egiteko aukera.
  • Markatu dizun bidaia bat? Jerusalem.
  • Janari bat? Ipiñaburuko gazta (Zeanuri).
  • Buru osasuna zaintzeko gomendio bat? Gorputzak deskantsua behar du; buruak, bakea; eta bihotzak, bizipoza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.