Kamioikada bete elkartasun

Aurten, lehenengoz, Durangotik abiatuko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako trailer solidario guztiak Saharako kanpalekuetarantz. Ehun bat tona elikagai biltzea aurreikusten dute.

Durangaldeko Rio de Oro elkarteko antolatzaileak bilketako produktuak kutxatan sailkatzen, artxiboko irudi batean. ANBOTO
Durangaldeko Rio de Oro elkarteko antolatzaileak bilketako produktuak kutxatan sailkatzen, artxiboko irudi batean. ANBOTO
Olatz Enzunza Mallona.
2025eko otsailaren 10a
05:00
Entzun

Datozen egunetan, elkartasunaren hiriburu bilakatuko da Durango: estreinako aldiz, handik abiatuko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako karabana solidario guztiak Mendebaldeko Sahararantz. Durangaldean otsailaren 16ra bitartean egingo dute elikagai bilketa, eta ondoren abiatuko dira Saharara, Tindufeko kanpalekuetarantz. Irteera eguna zehaztu gabe dute oraindik.

Oinarrizko elikagaiak batuko dituzte, Sara Goiria Durangaldeko Rio de Oro elkarteko kideak esan duenez: «Lekaleak, olioa, atun eta sardina latak… Iraun dezaketen produktuak biltzen ditugu; bestela, usteldu egiten dira». Horiez gainera, oinarrizkoak diren bestelako material batzuk jasoko dituzte: higiene artikuluak, konpresak eta fardelak, besteak beste. Produktuen ordez Bizum bidezko dohaintzak ere onartzen dituztela jakinarazi du Goiriak: «Diru hori ere erosketak egiteko erabiliko dugu».

«Halako proiektuek Euskal Herriaren eta Sahararen arteko zubiak eraikitzeko balio dute, elkartzeko, kulturalki aberasteko...»

SARA GOIRIADurangaldeko Rio de Oro elkarteko kidea

Orain arte, trailer bakarra abiatzen zen Durangotik Tindufeko kanpalekuetarantz. Aurten, berriz, bost bat trailer, anbulantzia bat eta 4x4 ibilgailu bat beharko dituztela aurreikusi dute antolatzaileek. Izan ere, denera, ehun bat tona elikagai biltzeko itxaropena dute. «Durangaldean iazko kopuru bera biltzea aurreikusten dugu: 24 tona inguru», adierazi du elkarteko kideak. 2012an sortu zuten Rio de Oro elkartea, Durangaldean, eta, ordutik, sahararrak laguntzen ari dira. Lehen proiektua Izurtza herrikoa izan zen: Tindufeko errefuxiatuen kanpamentutik desgaitasunak zituzten haurrak etorri ziren.

Zubiak eraikitzeko beharra

Elikagaiak biltzeaz gainera, Goiriak nabarmendu du garrantzitsua dela Mendebaldeko Saharako haurrak udan Euskal Herrira ekartzea: «Udan 50 gradutik gorako tenperaturak izaten dira han; jasanezina da. Guk beti aldarrikatzen dugu haiek ere umeak direla eta eskubidea dutela uda disfrutatzeko». Azken hamabost urteetan, ia 4.600 haur hartzea lortu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iaz, 188 izan ziren.

Izurtza
Rio de Oro elkarteak Mendebaldeko Saharako haurrak hartzeko duen harrera kanpalekua, Izurtzan, iazko uztailaren 1ean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Uda gozatzeaz gainera, haurrek Euskal Herrian osasun arreta jasotzeko eskubidea dute, Goiriak gaineratu duenez: «Iaz ustez itsua zen neska bat ekarri genuen Durangaldera. Medikuarenera joan, eta esan ziguten betaurrekoak behar zituela, ez zela itsua. Han ez dute horretarako aukerarik».

Goiriak Euskal Herriko familiak gonbidatu ditu Oporrak Bakean programan parte hartzera: «Halako proiektuek Euskal Herriaren eta Sahararen arteko zubiak eraikitzeko balio dute, elkartzeko, kulturalki aberasteko...». Martxoaren 15era bitartean egongo da izena emateko aukera. Bizkaiko eskualde bakoitzean, elkarte jakin bat arduratzen da programa aurrera eramateaz, baina zalantzarik izanez gero, Rio de Oro elkartearen webgunera jotzeko adierazi du Goiriak: «Jendea animatzea da garrantzitsuena».

Utzikeria

Mendebaldeko Saharako herria 1976. urtetik dago bere lurraldetik kanporatuta. Ordutik, Aljeriako desertuko kanpalekuetan bizi dira errefuxiatu sahararrak.

Hamabost urteko gudaren ostean, Fronte Polisarioak eta Marokok su-etena hitzartu zuten 1994an, eta Nazio Batuen Erakundeak erreferendum bat egitea sustatu zuten. Baina Marokok ez du bete hitzartutakoa, eta baldintza gogorretan bizi dira sahararrak: urik gabe, gutxieneko azpiegiturarik gabe, harea harearen gainean pilatzen den eremuan. «Egoera oso txarra da», esan du Goiriak.

Bide horretan, Saharako herriari autodeterminazio eskubidea gauzatzen lortzen laguntzea da Rio de Oro elkartearen lehentasuna: «Guretzat garrantzitsua da euren lurretara bueltatzen laguntzea». Bitartean, argi dute «edozein eratako laguntza» bidaltzen jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.