Amaia Arenal

Kaleko auzokideen (irten)bidea

2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Eskura ditugun datuen arabera, 800 pertsonak baino gehiagok egiten dute lo Bilboko kaleetan. Hala ere, ez da beharrezkoa datuak kontrastatzea, ezta informazioa eguneratuta izatea ere: begi bistan dago gure kaleetan gero eta gehiago direla gutxieneko ongizate bat bermatua ez duten pertsonak.

Errazena da pentsatzea instituzioek, boluntariotza kudeatzen duten erakundeek edo auskalo nork, norbaitek, pertsona horiek laguntzeko beharrezkoa den lana egingo dutela. Izan ere, gure eguneroko bizitzaren erritmo azkarrak ez digu unetxorik txikiena ere eskaintzen etxetik lanerako bidean, kalean lotan edo laguntza eske aurkitzen ditugun pertsona horien aurpegiak begiratzeko eta beren istorioa zein izan daitekeen hausnartzeko. Modu berean, postaletako hiriaren lilurak alde batera utzi ditu pertsona hauek, azken bolada honetan hain ohikoak diren nazioarteko ekitaldi glamourosoen ospakizun egunetan kale nagusietatik bota egiten dituztelako.

Bilboko udal aurrekontuen zirriborroa aurkeztu berri da, eta udal gobernuak adierazi du kalean bizi diren pertsonen arretarako bi milioi euro baino gehiago bideratuko dituela, ostatua eta beste mota batzuetako beharrak asetzen dituzten bi programa aurkeztuz. Argi dago inbertsioa ezinbestekoa dela, baina, pareko adibide bat bilatzearren: motorrik azkar eta iraunkorrena duen auto hoberenarekin ere ezinezkoa da Kantauri itsasoa zeharkatzea. Hau da, kontua ez da bakarrik inbertsio handia egitea, baizik eta kalean bizi den jendeari irtenbide duina eskainiko dion ibilbidean inbertitzea. Eta, horretarako, ezinbestekoa izango da pertsona horiekin hitz egitea, euren beharrak eta errealitatea ezagutzeko eta horietara modurik onenean egokitu ahal izateko.

Norbaitentzat ibilbide bat diseinatu aurretik, beharrezkoa da nora joan nahi duen jakitea, aukerarik onenak eskaintzeko. Aurrerapausoa, kalean bizi diren pertsonentzat seguruak diren espazioak sortzea izan beharko litzateke, euren istorioa, helburuak eta beharrak planteatu ahal izateko. Espazio horietan, instituzioek, aholkua, babesa eta baliabideak eskaini beharko lituzkete, kalean lo egiten duten pertsonekin lan egitera ohituta dauden erakunde eta eragile sozialei eta, esan bezala, kalean lo egiten duten pertsona bakoitzari euren beharretara hartutako erabakiak hartzeko aukera emanez.

Kalean lo egiten duten pertsonei arreta emateko indarrean dagoen protokoloa, gure hiria eta, batez ere, bertako kaleetan lo egiten duten pertsonak erabat ezberdinak ziren garaian diseinatu zen. Pertsonekin lan egitean, protokoloak alde batera utzi eta banakako arreta indartu beharko litzateke, baina protokoloak erabiltzekotan, gutxienez, eguneratuta egon daitezela. Hala ez izatekotan, egoera zaurgarrienean dauden pertsonei, itsasotik ibiltzeko autoa eskaintzen jarraituko dute gure instituzioek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.