Nire zutabetxoa otsailaren 2rako dela jakitean, buru barruan dugun bonbilla famatua piztu egin zitzaidan. Betidanik liluratu nau bonbillatxoaren metaforak. Aititek iluminazio denda zuen, eta kable, argi eta lanparen ingurukoak ohikoak genituen etxean. Euskaraz, gainera, azkarra denari argia esaten diogu. Argiak (eta ilunak) alde batera utzita, leiho hau aratusteen inguruan berba egiteko baliatu nahi nuen, gaur hasiko baitira Deustuko inauteriak.
Aurton, gainera, ehun urte beteko dira deustuarrak lehen aldiz mozorroa jantzi eta kalera atera zirela. Aitzakia ezin hobea, hortaz, kaleak hartzeko moduaz idazteko. Kontua da beste deustuar batek aurrea hartu didala: Bilboko alkateak. Kaleak maizegi hartzen ditugula esan zuen aurreko astean emandako elkarrizketa batean. Bilbon manifestazio larregi ei ditugu, eta hori onartezina omen da Aburto jaunarentzat. Protestak ugaldu direla diote datuek eta horrek arazoak sortzen ei dizkie herritarrei. Manifestazioak mugatu nahi ditu alkateak, behintzat trafikoa moztu ez dezaten. Protestarako espaloiak erabiltzea ere iradoki zuen.
Aldarrikapenetarako tresna dira manifestazioak. Giza eskubideen urraketak, lan baldintza duinak, naturaren defentsa, emakumeen borroka, aniztasuna, euskararen kontrako erasoak… badira kalera ateratzeko milaka motibo, eta normala da aldarri hori ahalik eta ozenen entzunarazi nahi izatea. Bilboko Kale Nagusian egiten dut lan, eta arrazoia du alkateak gero eta manifestazio gehiago daudela esatean. Gakoa, baina, ez da zenbat, baizik eta zergatik. Lan gatazken kasuetan, esaterako, ez dut uste langileek kalera ateratzeko erabakia arrazoirik gabe hartzen dutenik. Badakit enpresa bakoitza mundu bat dela, eta bakoitzaren egoera xehe aztertu behar dela. Baina ez al luke zentzu handiagoa izango oinarrian dagoen gatazkari heldu eta konponbidea topatzen saiatzeak protesta soilaz kexatzeak baino?
Eta sanbaz ari garela, ez ahaztu inauteriak protestarako aukera ere badirela, boteretsuen kontra eta kritika soziala egiteko.
Aburtok protestak auzitan jarri zituen aste berean, Yolanda Diaz Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak langileek enpresen erabakiguneetan parte hartzearen beharra nabarmendu zuen. Ez dakit konponbide magikoa den baina, sikiera, gatazkei heltzeko ikuspegi ezberdina da.
Bilboko alkatea ez da izan manifestazioak mugatzea proposatu duen lehen alkatea. Bere garaian Ana Botella Madrilgo alkateak manifestazioak kale nagusietatik atera eta manifestodromoak sortzea proposatu zuen, agian, bertako Plaza Mayor-en relaxing cup of café con leche hartu eta gero. Aldarriek kalea hartu nahi dute. Ez dute Rio de Janeiroko sanbodromo modukobatera joan nahi, isolatuta egoteko.
Eta sanbaz ari garela, ez ahaztu inauteriak protestarako aukera ere badirela, boteretsuen kontra eta kritika soziala egiteko. Deustualdean asko dira inauteriak aldarria egiteko aitzakiatzat baliatu izan dutenak. Bere garaian Berbaizu Euskara Elkartean lumak jantzi genituen euskara armairutik ateratzeko aldarrikatzeko. Asmoa drag queen-ez janztea zen. Argazkiak ikusita, ordea, Pirritx eta Porrotxen traza genuela esango nuke. Kaleak aldarrikapenez zipriztintzea da gakoa. Azken batean, irri egitea da hortzak erakusteko modurik onena. Isabel Pantojak ere halaxe esan omen zuen: «Hortzak, hortzak». Nik, ordea, Emma Goldmanek esandakoa nahiago: «Ezin bada dantzatu, ez da nire iraultza». Badugu ihaute-aroa, baditugu kritika eta aldarrikapenerako egunak. Kaleak hartu eta irri egin.