Fantasian murgiltzen direnean, Divina Comedia eta Albina Stardust dira Danel Pascual eta Eneko Garcia (Burlata, Nafarroa, 1997) drag artistak. Elkarrengandik «oso desberdinak» direla aurreratu du Garciak, baina bakoitzak ezaugarri jakin batzuk eskainiko dizkio ikuskizunari: umorez, musikaz eta aldarrikapenez beteko dute Gernika-Lumoko Neguetxea gaur, 20:30ean.
Ikusi gehiago
Drag show-a eskainiko duzue gaur Lekuek festibalaren barruan. Zer ikusiko du bertaratzen denak?
Umorez, musikaz eta aldarrikapenez betetako drag show bat. Dantza egingo dugu, askatu egingo gara… Oso ongi pasatuko dugu. Espazio seguru bat sortzea da gure helburu nagusietako bat, eta jendea askatzea nahi dugu, pixka bat bada ere. Gaineratu nahiko nuke mundu guztiarentzako emanaldi bat izango dela, eta ez publiko konkretu bati lotutakoa. Edonor etor daiteke, alegia: haurrak, gazteak, helduak…
Zurekin batera, Divina Comedia arituko da taula gainean. Zer eskaintzen dio batak besteari?
Drag-a egiteko bi estilo desberdin lantzen ditugu: bakoitzak bere nortasuna du. Elkarren artean oso desberdinak gara, baina, era berean, oso polita da hori ikustea. Divina da biotatik dibertigarriena, publikoak barre asko egingo du harekin. Nirekin, berriz, dantza eta beste gauza batzuk egingo ditugu.
Azken urteetan drag arteak ikusgaitasuna eta indarra lortu duen arren, aurreiritziak badaude oraindik. Zein da egoera, zure ustez?
Horrela da, bai. Gizarteak aurrera egin duen modu berean, bilakaera bat izaten ari da drag artea ere: gero eta ikusgaitasun handiagoa dugu, gero eta drag artista gehiago gaude, ideia berriak garatu ditugu… Molde berriak sortu ditugu, finean. Modu batera edo bestera, guztiok ezagutzen dugu drag artea, baina oraindik ere badago jendea ulertzen ez duena edo ikusten ez duena. Jende askok uste du 'emakumez' janzten garela eta kito, baina hori baino askoz ere gehiago da drag-a, eta uste dut garrantzitsua dela ezagutzea eta horren berri izatea.
Euskaraz aritzen zarete zuek. Euskal Herrian eta euskaraz, badago dragshow nahikorik?
Nahikorik ez dela esango nuke. Beti behar da euskara gehiago, baina ez bakarrik drag munduan, leku guztietan baizik.
Beharrezkoa da euskal erreferente gehiago izatea?
Beharrezkoa da ikustea hemengoak garela, euskaldunak garela eta drag artea egiten dugula. Uste dut askotan drag-a hiri handiekin lotzen dela, baina ez du zertan hala izan: Euskal Herrian asko gara, euskaldunak gara eta euskaraz egiten dugu. Baditugu erreferente batzuk: Yogurinha Borova, esaterako. Urte asko daramatza drag-a euskaraz egiten, eta orain gero eta gehiago gara. Era berean, gauza asko aldarrikatzen ditugu, eztabaidak eta debateak ireki nahi baititugu.