Azkue fundazioko zuzendaria eta Bilboko Euskararen Etxearen kudeatzailea

Iurdana Akasuso: «Jende gehiagorengana eta urrutiago heldu nahi dugu»

Europako Museorik Onenaren Saria irabazi du Bilboko Euskararen Etxeak. Iurdana Akasusok uste du aitortza horrek balioko duela proiektuari ikusgaitasuna emateko.

Iurdana Akasuso Azkue fundazioko zuzendaria eta Bilboko Euskararen Etxearen kudeatzailea, artxiboko irudi batean. BILBOKO EUSKARAREN ETXEA
Iurdana Akasuso Azkue fundazioko zuzendaria eta Bilboko Euskararen Etxearen kudeatzailea, artxiboko irudi batean. BILBOKO EUSKARAREN ETXEA
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Iazko otsailean aurkeztu zuten Bilboko Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentro berritua, eta, egindako lanaren aitortza gisa, 2025eko Europako Museorik Onena izendatu du orain Europako Kontseiluak. Euskararen transmisioan egiten duten lana nabarmendu du epaimahaiak, eta Iurdana Akasuso Azkue fundazioko zuzendari eta Bilboko Euskararen Etxeko kudeatzaileak (Bilbo, 1975) uste du ikusgaitasuna lortzeko balioko diela horrek. Euskara zer den eta euskaldunentzat zer garrantzi duen deskubritzeko aukera eskaintzen zaio zentroan bisitariari, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

Europako Museorik Onenaren Saria irabazi du Bilboko Euskararen Etxeak. Nola jaso duzue albistea?

Sorpresa eta poztasun handiz. Beste 41 museo egon dira finalisten artean, eta ez genuen espero guri ematea.

Zer ekarriko dio sari horrek Euskararen Etxeari?

Egiten dugun lana aitortzeko modu bat da. Oso kontziente gara Euskal Herrian agian ez garela horren ezagunak, eta uste dugu sari hau sekulako erakusleihoa izan daitekeela zer egiten dugun erakusteko. Uste dut babesa eta ikusgaitasuna emango diola proiektuari.

Epaimahaiaren hitzetan, Euskararen Etxea «hizkuntza bat zaintzeko erronka erakusten duen museo bat» da. Euskara zaintzeko erronka duzue?

Bai. Euskararen Interpretazio Zentroa goitik behera berriztatu genuenean, asko hausnartu genuen erakusketaren inguruan, eta gure mezua zeharo aldatzea pentsatu: euskararen bizi indarra transmititu gura genuen. Hau da, euskara bizirik dagoela eta bizirik jarraituko duela, baina, egoera horretara heldu arte, zer gertatu den ere kontatzen da. Hiztunek duten rolean jartzen da azpimarra, komunitatean. Hizkuntza txiki moduan, hainbat erronka ditu euskarak, eta horiek ere aipatzen dira erakusketan. Etorkizunari buruz ere berba egiten da, eta aipatzen da nola gutako bakoitzak euskarari zerbait gehitu ahal dion, euskarak guri gehitzen digun moduan.

Euskararen Interpretazio Zentroa iaz berritu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Zer ekarpen egin dio berrikuntzak zentroari?

Mezua aldatzearekin batera, gure lan egiteko era ere aldatu da. Orain, askoz ere lotuago gaude gizarteari, komunitateari, bisitariei... Hizkuntza aniztasunaren inguruan hausnartzeko guneak sortu ditugu, eta, ariketa horri esker, beste begirada bat eman digu guri ere: mezua aldatzeak ekarpen handia egin dio gure hausnarketa propioari.

«Oso kontziente gara Euskal Herrian agian ez garela horren ezagunak, eta uste dugu sari hau sekulako erakusleihoa izan daitekeela zer egiten dugun erakusteko»

Museoko «murgiltze esperientzia» ere azpimarratu du epaimahaiak. Zer eskaintzen du Euskararen Etxeak Interpretazio Zentroaz gain?

Euskararen sustapenean lanean ari diren erakundeentzako, norbanakoentzako eta entitateentzako lantoki bat ere bada Euskararen Etxea. Topaleku bat, finean. Bilerak, ikastaroak, aurkezpenak, prentsaurrekoak... antolatzeko lekuak eskaintzen ditugu, eta doakoak dira, gainera, euskaraz eta euskararentzat egiten baldin badira. Nahiko genuke behintzat Bizkaiko euskalgintzarentzat erreferentziazko leku bat izatea: euskalgintzako eragileek buruan izatea leku bat behar izanez gero hemen ateak zabalik dituztela.

Zerbitzu horiez gainera, askotariko jarduerak antolatzen dituzue urte osoan: Gida Bira, Hizkibridoak...

Museoetan oso ohikoa izaten da erakusketez bestelako esperientzia batzuk ere eskaintzea. Euskararen bizi indarra lau haizeetara zabaltzeko asmoz antolatzen ditugu jarduera horiek. Euskara bizirik dago, eta euskal kultura oso aberatsa da. Horren erakusleiho izan gura dugu, eta, alde horretatik, ahalegintzen gara askotariko proposamen berritzaileak eskaintzen.

Duela urte batzuetatik hona, Azkue fundazioak kudeatzen du Euskararen Etxea. Zein da fundazioaren eginbeharra?

Azkue sortu zenean, euskara ingurune digitalean sustatzea zen fundazioaren helburua. Euskararen Etxean zuen egoitza, eta fundazioak hartu zuen hura kudeatzeko ardura. Edozein azpiegitura kudeatzen du fundazioak. Hemen dauden zerbitzuak eta lanerako baldintzak onenak izatea da gure lana: Euskararen Etxearen programazioa edukiz betetzea eta Interpretazio Zentroa kudeatzea.

Zure ustez, nolako eragina izango du sariak? 

Sariketara aurkezteko motibazioetako bat izan zen ikusgaitasun handiagoa lortzea. Europan hainbat hizkuntza gutxitu daude, eta guk eredu izan gura dugu hizkuntza horientzat guztientzat. Euskarak badu erreferentzialtasuna, eta izen ona, baina geuk ere ekarpena egin nahi dugu bide horretan.

Aurrera begira, zer erronka edo helburu dituzue?

Jende gehiagorengana eta urrutiago heldu nahi dugu. Euskal diaspora da gure jomuga. Munduan euskaldun asko daude, eta pausoak ematen ari gara haiengana hurbiltzeko. Gure erakusketa osoa digitalizatu dugu, eta bisita gidatuak online eskaintzeko lanean ari gara. Beraz, bi erronka nagusi ditugu: Euskal Herrian ezagunago egitea, euskaldunen bisita gehiago izateko, eta zubiak eraikitzea euskaran eta euskal kulturan interesa duten pertsonekaz eta diasporagaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.