AP-8 Peajerik Ez taldeak dei egin dio Pradalesi jendaurrean bidesariez eztabaidatzeko

Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatuari ez ezik, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiari ere eskatu diote eztabaidan parte hartzeko. Bidesarien aurkako taldeak ziurtatu du herritarrak Durangoko bidesariaren aurka daudela.

Gernika-Lumo. Bizkaiko garraiolarien protesta bidesarien aurka
AP-8ko bidesariaren aurkako protesta bat, 2022an, Gernikan. MARISOL RAMIREZ/FOKU
marcos tedin
2024ko otsailaren 19a
05:00
Entzun

Beste behin ere, AP-8 Peajerik Ez taldeak hizpidera ekarri du Durangoko bidesaria kentzeko beharra. Oraingo honetan, Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua izango da EAJren lehendakarigaia Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta, horrek hedabideetan sortutako oihartzuna baliatuz, taldekideek aukera aprobetxatu nahi dute euren eskaerari agerikotasun handiagoa emateko. Ohar baten bitartez, taldeak gogorarazi dio diputatuari oraindik ere bere karguari dagozkion betebeharrak konpontzea dela bere lehentasunezko zeregina. 

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia ere deitu dute parte hartzera. Hiru sindikatukoak eta AP-68 Dohainik eta AP-8 Peajerik Ez plataformetako kideek esku hartuko dute eztabaidan. Hala ere, «interesik eza» leporatu diote oharrean: «Joan den irailaren 19an, ahaldun nagusiaren kargua hartu zuenetik kortesiazko ehun egun igarota, gai hau eztabaidatzeko eskaera egin genuen, baina protokolozko mezu elektroniko bat besterik ez genuen jaso, gure eskaerari erantzun argirik ematen ez ziona».

Juan Carlos Poderoso AP-8 Peajerik Ez taldeko bozeramaileak azaldu du bidesaria mantentzeko arrazoia herritarrei azaltzeko aukera eman nahi diotela Pradalesi. Izan ere, esan du, ikertu dutenez, herritarrak bidesaria ordaintzearen aurka daudela, eta ez dakitela zer arrazoi dauden Durangoko ordaintokia mantentzeko. Pradalesek «betiko azalpenak» emango dituelakoan daude taldekideak. Hala nola erabiltzen duenak ordaindu behar duela, errepideak defizitarioak direla, eta kutsatzen duenak ordaindu behar duela. «Behiek ere kutsatzen dute, orduan eurei ere zergak jarri beharko litzaizkieke», erantzun dio Poderosok, poluzioaren argudioari.

«Elixabete Etxanobek ahaldun nagusiaren kargua hartu zuenetik kortesiazko ehun egun igarota, gai hau eztabaidatzeko eskaera egin genuen, baina prokolozko mezu elektroniko bat besterik ez genuen jaso».JUAN CARLOS PODEROSO AP-8 Peajerik Ez taldeko bozeramailea

«Bidesaria erabaki politiko bat da», aldarrikatu du plataformak. «Eta Espainiako Gobernua egiten ari den bezala, erabaki politiko hori edonoiz aldatu ahal da». 52 urtez ordaindu izan dute herritarrek bidesaria, nahiz eta autobidea eraiki eta kudeatu zuen enpresak orain dela 21 urte dohainik itzuli zion azpiegitura Bizkaiko Foru Aldundiari. Plataformak salatu du aldundiak bidesaria betikotu nahi duela. 

«Herritarrek ez lukete ulertuko eztabaidan parte ez hartzeko inolako justifikaziorik», ziurtatu dute taldekideek, ohar baten bidez. «Politikari gisa, horrelako gai batean aurpegia ematea da bere ardura». Herritarrak konforme badaude diputatuaren azalpenekin, euren eskaera bertan behera utziko dutela hitzeman dute kideek.

24.874 sinadura

Orain dela lau urte, AP-8 Peajerik Ez taldeak sinadura bilketa jarri zuen abian, eta 24.874 bizkaitarrek AP-8ko bidesariaren aurkako mozio bat sinatzea lortu zuten. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi ohiari erakutsi nahi izan zioten, baina, salatu duenez, ez ziren heldu «ezta foru jauregiko atera ere».

Elixabete Etxanobe gaur egungo ahaldun nagusiak bestelako erantzun bat ematea espero dute, baina, orain arte, huts egin duela esan dute: «Ez dugu erabat berretsi nahi, baina, itxura denez, Etxanobek bere aurrekoak izan zuen jokabide tamalgarriarekin jarraituko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.