Jauntxoen esku geratu zen babeslekua

Gotorleku gisa eraiki zuten Abadiñoko Muntsaratz dorretxea, IX. mendean. Gerora jauregi bihurtu zen, XVI. mendean, eta, egun, Hazi fundazioaren egoitza da.

MONIKA DEL VALLE / FOKU
Abadiñoko Muntsaratz dorretxea, joan den asteko asteazkeneko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko apirilaren 7a
05:05
Entzun

Izenak berak ematen du eraikinaren lehen arrastoa: Muntsaratz familiaren dorretxea da. IX. mendean eraiki zuten, gotorleku gisa, baina XVI. mendean jauregi bihurtu zuten, gotorlekuak debekatu baitziren. Bizkaiko Foru Aldundiaren jabetzakoa da, eta, gaur egun, Hazi fundazioaren egoitza dago bertan. Abadiñoko herrigunetik hiru kilometrora dago dorretxea, Muntsaratz auzoan, Zumelegi ibaiaren alboan.

Egungo egitura Errenazimentu garaikoa da. Hasieran, bandokideen arteko liskarretatik, borroketatik zein gerretatik ihes egiteko babesleku gisa erabili zuen Muntsaratz familiak. Lehenengo solairuan antzeman daiteke hori: oso itxia da, eta zaldiek arnasa hartzeko zulo estuak eta eraikinaren sarrera baino ez daude bertan. Sarreraren gainean, Muntsaratz familiaren armarria ere badago. «Izandako ospea zainduz bizi dira eta bizi ziren hauek», dio armarriak. 

XVI. mendean, gotorlekuak egitea debekatu zuten, eta, ondorioz, eraberritu, eta jauregi bihurtu zuten eraikina. Muntsaratz familiak oinordekorik ez zuenez, gisasatarren esku geratu zen dorretxea. Horien ondotik, baina, beste familia askoren jabetzakoa ere izan zen: allendetarrena, elespetarrena, zengoitiabengoatarrena eta azkaratetarrena, besteak beste.

Laukizuzen itxurako eraikinak bost solairu ditu guztira. Alabaina, azken biek ematen dute arretarik handiena: zaharberritu ondoren, arkuak jarri zituzten eraikinari edertasuna emateko, eta goialdea, berriz, adreiluz eta egurrez diseinatu zuten. 

Zehazki, 1977ra arte bizi izan zen jauregian Azkarate familia. Ordutik, eraikina eskuratzeko asmotan ibili zen Abadiñoko Udala, 1999an Bizkaiko Foru Aldundiaren esku geratu zen arte. Pedro Maria Basañez arkitektoak konponketa batzuk egin zituen, eta, hala, egungo itxura hartu zuen eraikinak.

Gaur egun, Hazi fundazioaren Bizkaiko egoitza da. Erabilera pribatua duenez, ezin daiteke barrutik bisitatu, baina merezi du Muntsaratz auzora joatea, eraikina kanpoaldetik bisitatzeko.

Mariurrakaren kondaira

Historiaz gainera, kondaira bat ere badu Muntsaratz jauregiak. Haren arabera, Pedro Ruiz dorretxeko jauntxoa Nafarroako printzesa batekin ezkondu zen 1172. urtean. Seme-alabak izan zituzten, eta Ibon seme zaharrena izango zen dorretxearen oinordekoa. Kontua da horregatik jeloskor zegoela Mariurraka alaba gazteena. 

Egun batean, Mariurrakak txango bat antolatu zuen Anboto mendira, eta, Iboni ardo ugari eman ondoren, neba zaharrenak lo hartu zuen. Hala, Mariurrakak aukera baliatu, eta menditik behera bota zuen neba. Etxera heldu zenean, alabak aitari kontatu zion Ibon nahi gabe erori zela mendian, baina haren kontzientzian eragin handia izan zuen gertakizunak. Kondairaren arabera, gau horretan bertan Ximelgorriak jeinuek Mariurrika eraman egin zuten, eta, ordutik, desagertuta dago: Anbotoko Mari jainkosa dela esaten dute.

ABADIÑOKO MUNTSARATZ DORRETXEA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.