Jaia ere kendu zieten

Lemoizko Udalak eskatuta, Labayru fundazioak Sarakoetxeko erromeriaren inguruko dokumental bat egin du. Duela mende erdi bat galdu zen jaia, zentral nuklearraren proiektua abiatu eta Iberduerok inguruko lurrak erosi zituenean.

Sarakoetxeko erromeria, Lemoizen, artxiboko irudi batean. ALVARO THATE
Sarakoetxeko erromeria, Lemoizen, artxiboko irudi batean. ALVARO THATE
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko otsailaren 3a
05:00
Entzun

Dena kendu zieten, baita jaia ere. Ez dakite noiztik ospatzen zen, baina bai noiz eta zergatik desagertu zen: 1970eko hamarkadan, Lemoizko zentral nuklearraren proiektua abiatu zenean. Iberduero argindar konpainiak Lemoizen Basordako kala eta inguruko lursail eta baserriak erosi zituen; tartean, irailaren 8an Sarakoetxeko erromeria ospatzen zen etxea. «Jai apala zen. Ez zen egoten egitarau indartsu bat. Beste auzo batzuetan egiten ziren erromerien antzekoa zen. Baina, bere neurrian, garrantzitsua zen», esan du Labayru fundazioko Akaitze Kamiruagak. Lemoizko Udalak eskatuta, duela 50 urte inguru desagertu zen jai haren inguruko dokumentala egin du Labayruk —Lemoizko Sarakoetxe. Lehenaren itzala gogoan—, eta Kamiruaga izan da proiektuaren arduraduna. 

Jesus Mari Arizmendi 2023tik da Lemoizko alkate, eta azaldu da «besteak beste memoria eta ondarea berreskuratzea» erabaki zutela. «Galzorian dauden gauzen artean, konturatu ginen bazegoela zentrala eraikitzen hasi aurretik inguru hartan ospatzen zen jai bat». Horregatik, dokumental bat egitea erabaki zuten. Hain zuzen, 2022an lemoiztar talde batek jaia berreskuratzeko lehen saioa egin zuen. 2023tik, udalaren babesa izan du jaiak. «Orain ez da jatorrizko lekuan egiten, handik berrehun metrora dagoen baserri bateko landan baizik. Gura genuke Eusko Jaurlaritzak betiko lekuan egiteko baimena ematea», esan du alkateak.

Batzuk Armintzatik joaten dira oinez, eta gainontzekoak, Armintza eta Bakio arteko errepideko aparkalekuan autoa utzita. 12:00etan hasi eta hiruzpalau orduko erromeria izaten da orain. Hamaiketakoa izaten dute, trikitilariak, txalapartariak, bertsolariak... «Jai polita da, eta aspaldi ikusi gabeko jendearekin egoteko eguna», esan du Arizmendik.

«Orain ez da jatorrizko lekuan egiten, handik berrehun metrora dagoen baserri bateko landan baizik. Gura genuke Eusko Jaurlaritzak betiko lekuan egiteko baimena ematea»

JESUS MARI ARIZMENDILemoizko alkatea

Dokumentalarekin helburu bi lortu nahi izan ditu Lemoizko Udalak, alkatearen arabera: memoria berreskuratu eta jai berria indartu. «Gaur egun, herriko jende nagusiak baino ez du gogoratzen garai bateko erromeria». Hain zuzen ere, haiek izan dira Kamiruagak erabili dituen iturri printzipalak.

Labayruko kide Kamiruagak adierazi duenez, horrelako lanak egiten dituztenean, metodologia antzekoa izaten da: «Beti jotzen dugu lekukoengana, baina aurretik ikerketa lana egiten dugu: zer argitaratu den, zer informazio dagoen begiratzen dugu». Oraingoan ez dute askorik topatu. Aurkitu duten iturri bakarra Labayruk berak Jataberi buruz argitaratu zuen argitalpen monografiko bat izan da: lan hura egiteko Jataben elkarrizketatutakoek aipatu zietena. Dokumental honetan, bada, testigantza guztiak edadeko jendeak emandakoak dira, erromeriaren garaian umeak edo gaztetxoak zirenenak. «Urte asko pasatu diren arren, eta orduan oso gazteak ziren arren, memorian ondo gordeta eduki dute», nabarmendu du Kamiruagak.

Irudiak lortzeko zailtasunak ere izan ditu Labayruk. Garai hartan ez zen oso ohikoa halako erromerietan argazkiak egitea. «Gutxi batzuk batu dira, eta ikusten da zelan prestatzen zuten baserriko ataria. Baina argazki gehienak kalan egindakoak dira: hara joaten zen jendea eguna pasatzera. Erromeriako pare bat argazki baino ez daude». Beraz, garai hartako argazkiak eta azken hiru urteetan egin dituzten jaien irudiak nahastuta ondu dute dokumentala, lekukotzekin batera. 25 minutuko ikus-entzunezko lana da, eta barikuan aurkeztu zuten Urizarko kultur etxean. Labayruren Youtubeko kanalean ere badago ikusgai, eta Lemoizko Udalak bere webgunean ipiniko du.

Ama Birjina eta aldarea, Lemoizko Marutxeaga baserrian, Sarakoetxeko erromeria ospatzeko, artxiboko irudian. MAITE UGARTE
Ama Birjina eta aldarea, Lemoizko Marutxeaga baserrian, Sarakoetxeko erromeria ospatzeko, artxiboko irudi batean. MAITE UGARTE

Irailaren 8an ospatzen zuten garai bateko jaia, Andra Mari egunean. Berreskuratu dutenetik, egun horretatik gertuen dagoen zapatuan egiten dute. Inguruan ez dago ermitarik aspalditik. Basordako Santa Maria Magdalena eta Zoragetxoko San Martin egon ziren, Gurutzi Arregik Ermitas de Bizkaia monografikoan (Bizkaiko ermitak) jaso zuenez, baina XVIII. mendean eraitsi zituzten biak. Zoragetxoko San Martin zentrala dagoen lekuan egon zen, Sarakoetxen. Beraz, Marutxeaga baserriko atartea apaintzen zuten mezatarako auzokoek. Ama Birjinaren irudia eroaten zuten, eta aldare bat atontzen. Kamiruagaren arabera, gaur egun galduta dauden ohitura batzuk ere egiten ziren erromeria hartan; berbarako, eskota. «Auzoko mutil gazteak joaten ziren ardo zahagiaren bila, eta modu erritualizatu batean ekartzen zuten». Idi gurdi batean ekartzen zuten zahagia, eta, lekukoek kontatu dietenez, gurdiak zarata handia egiten zuenez, inguruko baserrietako jendeak jakiten zuen bazetorrela eskota. Gero, erromeriara bildutakoen artean banatzen zuten ardoa.

Konbidadutza delakoa ere egiten zela nabarmendu du Kamiruagak. Hau da, inguruko baserrietakoek familiakoak gonbidatzen zituzten etxean bazkaltzera, eta gero eurak hurrengo batean joaten ziren familiako horien baserrietara. Basorda inguruko etxeotan bazkaltzeko gonbidapena ez zutenak kalara jaisten ziren meza ostean, itsasoan bainatzera eta harkaitzetan lapak hartzera. «Ohitura kuriosoa zuten: bertan prestatzen zituzten lapak eta bertan jaten zituzten». Gero, berriro igotzen ziren baserri ingurura, erromerian dantzatzera. Trikitilari bat edo soinulari bat izaten zituzten. Arizmendi alkatearen esanetan, sarri jo izan zuen Sarakoetxen Rufino Arrolak, lekukoek kontatzen dutenez. Garai hartako trikitilaririk ezagunetakoena zen Andrakako errementaria. Traktorean joaten ei zen Andrakatik.

Erromeria apala baina jendetsua zen, Kamiruagaren arabera; inguruko herrietatik ere joaten zen jendea: «Lemoiz, Jatabe eta Bakio arteko mugan dago Sarakoetxe, eta, garai hartan, auzoaren zati bat Mungiaren enklabea zen, zentral nuklearra eraiki zen kala izan zen bezala. Lemoiztarrak ez ezik, Jatabekoak, Bakiokoak eta Mungiakoak ere joaten ziren, astoagaz edo gurdiagaz. Kontatu digutenez, jende asko batzen zen».

Jendea Lemoizko Sarakoetxeko erromeriara bidean, artxiboko irudian. IRATXE GOIKOETXEA
Jendea Lemoizko Sarakoetxeko erromeriara bidean, artxiboko irudi batean. IRATXE GOIKOETXEA

Erromeria galtzea «traumatikoa» izan zen auzokoentzat eta lemoiztar guztientzat, Labayruko kidearen eta herriko alkatearen esanetan. «Ez bakarrik jaia galdu zutelako; zentralarekin auzoa bera kendu zieten: baserriak, lursailak, bizimodua, toponimia, ohiturak... Galdetu diedanean zelan ikusten duten jaia berreskuratzea, bat baino gehiago emozionatu egin da gurasoak-eta gogoratzean», azpimarratu du Kamiruagak. Dokumentalean ez dute askorik sakondu gai horretan, baina, besteak beste, zentrala eraikitzearen ondorioz desagertu ziren baserrien izenak aipatu dituzte, ahanzturan gal ez daitezen.

Alkatearen esanetan, Sarakoetxeko jai berritua izan daiteke zentralaren testuinguruan galdutakoa berreskuratzen hasteko lehen pausoa. «Kalan oraindik zentralaren eraikina eta dikea daude. Orain, Eusko Jaurlaritzaren esku dago guztia. [2019an eman zion Iberdrolak]. Pentsatu beharko da zertarako erabil daitekeen zentrala, zer egin daitekeen inguru horrekin», adierazi du Arizmendik. Eusko Jaurlaritzak akuikulturari lotutako proiektu bat bultzatu gura du, azpiegitura aprobetxatuta.

«Traumatikoa izan zen, ez bakarrik jaia galdu zutelako; zentralarekin auzoa bera galdu zuten: baserriak, lursailak, bizimodua, toponimia, ohiturak...»

AKAITZE KAMIRUAGA Labayru fundazioko kidea

Lemoizko Udala hiri antolamenduko plan orokorra berritzeko prozesuan dabil, eta, horri lotuta, iaz hainbat gairi buruzko batzar parte hartzaileak egin zituen herritarrekin. Horietako batean, zentral nuklearraren inguruan egin zuten berba. Alkateak esan duenez, hainbat eragile gonbidatu zituzten ingururako aukerak aztertzeko. «Udalak ez du proposamenik. Gure iritzia da auzia modu integral batean aztertu behar dela: kontua ez da bakarrik zentralaren azpiegiturarekin zer egiten den. Inguru osoari buelta bat eman behar zaio, baita baserri inguruari ere».

Iazko bilera hartan aipatu zutenez, Basorda ingurua leheneratzeko ondare industriala eta memoria historikoa kontuan hartu beharko lirateke. «Erabilera industriala eman ahal zaio, bale, baina ezin da galdu Euskal Herriko historian daukan sinbologia», dio alkateak. Ingurumen aldetik leku interesgarriak daudela nabarmendu du, potentzial handia dutenak; baina beste batzuk oso degradatuta daude, eukaliptoz eta panpa lezkaz beteta. «Zentralaren inguruan egingo dena eredugarria izan behar da ingurumenarekin, klima larrialdiarekin, memoriarekin eta beste hainbat arlorekin».

Hain zuzen, Lemoizko zentralaren aurka borrokatu ziren eragileetako kideak ere bildu dira azken urteetako jaietara. 2023koan, Bengotxe baserriko seme Valentin Elortegik agiri bat irakurri zuen. Ingeniaria da Elortegi, eta azpiegitura hari buruz egin zuen tesina. Haren esanetan, berreskuratutako jaia «arbasoen oroitzapen, erreparazio, justizia, erresistentzia eta oroimen historikoko ekitaldia» da: «Honako sarbidea galdu eta ez-lurraldea inposatzean, ez-topaketak, ez-harremanak eta ez-auzotasuna ere nagusitu ziren. Protagonistak hil ahala, garai haietako oroitzapenak galduz joan ziren, oroitzapen berriak sortzeko aukerarik izan gabe, eta lurralde txiki, konplexu eta jazarri baten kontakizun historikoari jarraipena emateko aukerarik izan gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.