Polinizatzaileak hirietara itzul daitezen

Bilboko hiru berdegunetan tximeleten oasiak sortu nahi dituzte Gurutze Gorriko boluntarioek, bertako bioaniztasuna berreskuratzeko. Izaki polinizatzaileak erakartzen dituzten landareak jarri, eta intsektuen biziraupenerako baldintzak zainduko dituzte.

Tximeleta bat Pagoetako parke naturalean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Tximeleta bat Pagoetako parke naturalean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
irene baranano
2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Tximeletak, erleak, burruntziak, sitsak eta beste hainbat izaki polinizatzaile erakarri nahi dituzte Bizkaiko Gurutze Gorriko boluntarioek Bilboko hainbat berdegunetara, Tximeleten Oasiak izeneko proiektuaren bidez. Oraingoz, polinizatzaileen «oasi» moduan funtzionatuko duten hiru gune ezarriko dituzte: Abusuko Ibaieder parkean, Sarrikoko salestarren lorategietan eta Iralako Eskurtze parkean. Halere, «Europako hiri askotan» eta Bizkaian horrelako hainbat leku daude jada, baina lurralde osoan gehiago sortzeko asmoa dutela adierazi du Javier Garaizarrek, EHUko Mikrobiologia irakasle eta Bilboko Gurutze Gorriko ingurumen lantaldeko arduradunak. 

Egunotan dabiltza lanean, udal lorezainekin batera, Sarrikoko oasia prestatzen. Zehazki, aipatutako tximeleten oasiak izango diren berdeguneak sortzeko, hamasei edo hogei metro koadro inguruko oasiak landuko dituzte, tximeletak eta beste izaki polinizatzaile batzuk erakartzen dituzten tokiko landare aromatikoak jarrita: ezkaia, erromeroa, erruda eta mihilua, besteak beste. Landare horiek, gainera, beldarrentzako eta tximeleta helduentzako elikagai izango dira gero.  

Horrez gain, tximeleten oasiek hegoaldera begira egon beharko dute, eta haizetik babestuta, tximeletak ugaltzeko eta babestuta egoteko modua ematen duten baldintzetan, alegia. Gurutze Gorriko boluntarioek sokatxo batez inguratuko dituzte gune horiek, babestuago egon daitezen. 

Guneen zaintza 

Bilboko Gurutze Gorriko berrogei bat boluntario arduratuko dira tximeleten oasiak zaintzeaz. Garaizarren hitzetan, taldea «askotarikoa» da, «diziplinari, kulturari eta adin tarteari begiratuta». «Taldeko boluntariorik gazteenak 20 urte ditu, eta zaharrenak, berriz, 94», zehaztu du. Oro har, hainbat motatako proiektuak bultzatzen dituzte; esate baterako, zabor bilketak eta energia kontsumoaren inguruko ikerketak. Garaizarrek iritzi dio proiektuak aukera emango diela «Bilbotik irten barik naturaz gozatzeko».

«Natura hirietatik bota dugu, eta hiriguneak antzu bihurtu, baina naturari bueltatzen utzi behar diogu»

JAVIER GARAIZAR Bilboko Gurutze Gorriko ingurumen taldeko arduraduna

Bada, hasieran, boluntarioen egitekoa izango da lurrak heze irauten duela ziurtatzea, landareek sustraiak egin ditzaten. Landatutako espezieak sustraituta daudenean, berriz, hamabost bat egunean behin agertuko dira tximeleten oasietara, intsektuak eta landareak ondo daudela ziurtatzera eta informazio panelak behar bezala dauden gainbegiratzera. 

Panel informatibo horiek irabazi-asmorik gabeko Zerynthia elkartearekin batera jarriko dituzte, tximeleten oasietan bilduko diren espezieei buruzko informazioarekin. «Paneletan azaldu nahi dugu ez direla lorategi hutsak, baizik eta bioaniztasuna nolabait leheneratzeko guneak», esan du Garaizarrek. «Natura hirietatik bota dugu, eta hiriguneak antzu bihurtu, baina naturari bueltatzen utzi behar diogu», iritzi dio.

Natura zaintzeko hirigintza 

Gasteizen bizi izan zen Garaizar urte batzuez, 2012an Europako Hiriburu Berde izandakoan, eta bertako hirigintza «erreferentziala» da, harentzat. «Natura hiri barruan txertatzen dutenak dira munduko hiririk modernoenak; adibidez, animalia basatientzako pasabideak egiten dituztenak». 

Bizkaiko Gurutze Gorriko boluntarioak tximeleten oasi bat sortzen.
Bizkaiko Gurutze Gorriko boluntarioak tximeleten oasi bat sortzen, asteazkenean, Bilbon. BIZKAIKO HITZA

Tximeleten oasiak txikiak direla aitortu du Garaizarrek, baina uste du «oso mesedegarriak» izan daitezkeela; batez ere, udan, aurre egiten baitiote hirigintzarako erabilitako materialek sortzen duten «bero itogarriari». Zementuz egindako plazetan eta kaleetan sumatzen den «bero uharteen» fenomenoa ekarri du hizpidera, eta azaldu leku horietan elementu begetalak txertatuta lor daitekeela gehiegizko berorik ez izatea. «Ingurumen osasuntsua eta jasangarria merezi dugu». 

Sentsibilizazioa da Tximeleten Oasiak proiektuaren beste helburuetako bat. Izaki polinizatzaileen garrantzia azaleratu nahi dute. Marta Tafalla filosofoak bere azken liburuan salatu duenez (Filosofía ante la crisis ecológica), enpresa batzuek polinizatzaileen populazioa murrizten dute, gero intsekturik gabeko polinizazio zerbitzuak edo horretarako berariaz sortutako makinak saltzeko. Tximeleten oasien helburua, hain zuzen ere, polinizatzaileak —eta natura, oro har— hirietara itzularaztea da. «Intsektuek beste izaki batzuk erakarriko dituzte —txoriak, adibidez—, eta ekosistemak sortuko dira horrela», azaldu du Garaizarrek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.