«Bazen behin sator bat hegan egin nahi zuena baina ez zuen lortzen eta bi hego egin zituen baina ez zekien maneiatzen». Charif Aomar Omarren (Iurreta, 2007) Sator hegalaria ipuinaren hasiera da. Iurretako Maiztegi herri eskolan Lehen Hezkuntzako bigarren maila ikasten ari zela, 2015eko Iurretako Literatur Lehiaketa irabazi zuen ipuin horrekin. Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak antologia (Pamiela, 2024) zarratzen duen lana da. Joseba Sarrionandia eta Xabier Boveda idazleek ondu dute, azken bost urteetan, eta domekan aurkeztu zuten Durangoko Azokan.
«Ipuin hori lan guztiaren metafora moduan hartu dugu, eta izenburuan sartu dugu», azaldu du Sarrionandiak. Umearen ipuinean satorrak suge bat, balea bat eta arrano bat topatzen ditu, hurrenez hurren, zulotik irteten denean, berak sortutako hegalekin. Hirurei galdetzen die zelan egin dezakeen hegan, baina azkenak baino ez du jakingo. Arranoak irakatsita egingo du hegan satorrak. «Mende eta erdi honetan, euskara lurperatuta egon da, erabaki politikoen ondorioz. Lurpeko hizkuntza eta kultura izan dira gureak. Hala ere, hor egon dira satorrak hegan egin nahian. Uste dugu pixka bat lurpetik ateratzeko ahalegina egin dela, eta oraindik ere hegan egin beharra dagoela», esan du Sarrionandiak.
Iurretako Ebroko zubia dagoen lekuan harri batzuk egon zirela kontatu du Bovedak. «Harri batetik bestera saltoka pasatzen zen jendea bazter batetik bestera. Bazterrak izan daitezke ahozko euskara eta idatzia, baita euskara batua eta euskara lokala ere, eta biak batzen dituen harri pauso hori izan nahi luke liburu honek».
«Ahozko euskara eta idatzia, baita euskara batua eta euskara lokala ere, eta biak batzen dituen harri pauso hori izan nahi luke liburu honek»
XABIER BOVEDA Idazlea
XIX. mendetik Iurretan sortu den literaturaren eta kulturaren hainbat adibide bildu dituzte. Pamielako editore Lander Majueloren arabera, historia literarioaren topografia bat egin dute. Majuelok nabarmendu duenez, memoria historikoak ertz asko ditu, eta horietako bat da literarioa. Ez da gutxiestekoa, haren iritziz: «Norberaren memoriarentzat eta memoria sozialarentzat garrantzia dauka norbera den tokiko idazleek idatzitakoak; ez soilik idazleek, baizik eta bertako idazleek idatzitakoak, esandakoak eta kantatutakoak».
Bovedak eta Sarrionandiak ariketa interesgarria egin dutela iruditzen zaio editoreari, eta, esan duenez, horrelako ikerketekin lortzen da toki bakoitzak ezkutatuta dituen altxorrak erakustea; kasu honetan, literarioak. Ahalegin hori beste herri batzuetan ere egiteko asmoa agertu du: «Nahi genuke ahal den guztietan ikerketa taldeak antola daitezen, horrelako emaitzak jasotzeko. Ez dakit zenbateraino izango den posiblle. Durangaldean, behintzat, herri dezentetan ari dira, eta apurka emaitzak ikusiko ditugu», iragarri du Pamielako editoreak.
Askotariko edukiak
Iurretan sortu duten bilduman, testu mota asko daude, Xabier Bovedak azaldu duenez: saiakerak, poemak, bertsoak, narrazioak, nobela zatiak, elkarrizketak eta komikiak, eta marrazki bizidunen gidoi bat ere badago. Tratamendu bat da, zehatzago esanda: gidoiaren aurretik idazten da, eta, pantailaratu aurretik lau bider berridazten da, gutxienez. Edorta Barruetabeñak egindakoa da, Yoko haur telesailaren pasarte baterako. 2014ko ekainean idatzitakoa da.
Liburua hasteko, Alberto Erraztik egindako toponimia lan bat jaso dute: Iurretako toki izen batzuk azaltzen ditu. «Interesgarria da, eztabaidatzeko gai polita», Bovedaren esanetan. Hurrengo datoz ipuin zaharrak, eta, segidan, kanta zaharrak. Berbarako, Egun on daukazula da lehenengoa, Amatzako Juanita Etxanizi Durangoko Frai Juan de Zumarraga institutuko ikasleek grabatutako erromantzea, Leixibatxua eta Goizeti jagi zara izenez ere ezaguna.
Matxintxo gurea izeneko kantua Resurreccion Maria Azkuek grabatu zuen, Iurretan, Josefa Astarloak kantatuta, eta Cancionero popular vasco-n argitaratu. Aita San Migel Iurretako zaindariaren kantua, Durangaldeko hainbat dantzari dantzatan erabiltzen dena; Abendu koplak, Santa Ageda bezperakoak, Eguen Zurikoak, eta abuztuan Goiuriko Amari kantatzen dizkiotenak. Kantu askoren hitzak jaso dituzte, eta gura izanez gero, haietako gehienak entzun ere egin daitezke. Izan ere, hamazazpi QR kode daude kopla artean, sakelakoarekin grabaketak entzun ahal izateko. Argitalpena hainbat ilustrazio, argazki eta irudirekin osatuta dago. «Horiek ere aberastu egiten dute liburua», Bovedak nabarmendu duenez.
Sarrionandiak kontatu du iurretarrek ez zutela emaitza handirik espero Boveda eta biak bilketa egiten hasi zirenean: «Jendeak esaten zigun Iurretan inork ez zuela idatzi, gu orain berrogei urte hasi ginen arte. Ikertu ondoren, demostratu dugu mende eta erdi batez jende asko ahalegindu dela euskaraz bizitzen eta euskaraz idazten. Testu pila bat topatu ditugu. Hemen bilduma txiki bat dago; testu gehiago daude, beraz». Haren arabera, jende horren ahalegina «bazterrekoa» izan da, eta lurrarekin lotuta egon da.
Eskolakoak eta profesionalak
Ez dituzte antzinako testuak soilik batu. Euskararen eta literaturaren bilakaera horri segika, gaur egunera arte ailegatu dira. Charif Aomar Omarren 2015eko ipuina da liburua atzetik zabalduz gero topatzen den lehen lana. Baina, argitalpenak oro har ordena kronologikoa duen arren, badago oraintsuagokorik ere. Esaterako, Sarrionandiaren bisita baten aitzakian Maiztegiko 6. mailako ikasleek 2022-2023ko ikasturtean idatzitako lantxoak, Sarrionandiaren beraren Akordatzen liburuko (Txalaparta, 2004) idazketa eredu hartuta eginak.
Ia 450 orrialdeko liburua osatu dute, eta askotariko sormen lanak topa daitezke hartan. Tartean dira Eñaut Aiartzaguenaren komikiak, eta Nerea Elorriagak euskaratutako Andre baten portreta poema ere —Portrait of a Lady jatorrizkoa T. S. Eliotek argitaratu zuen, 1915ean—. 2014an Iban Gorritik Bizkaia irratiko esatari Izaskun Ellakuriagari Mugalari aldizkarirako egindako elkarrizketa ere jaso dute, beste hauetaz gain: Jon Irazabal historialariak hainbat hedabidetan argitaratutako artikuluak; Karmelo Etxenagusia Bilboko gotzain laguntzaile zenak idatzitako testu sakabanatuen bilduma bat, Labayru fundazioko zuzendari Igone Etxebarriak egindakoa; Kristina Mardaras bertsolariak euskara batua eta Iurretako euskara uztartuta Eraz aldizkarian argitaratutako lau testu; Rafa Iriondok Oromiñoko auzo eskolan bizi izandakoez egiten duen kontakizuna, eta Euzkadi egunkarian 1913tik 1939ra bitartean Iurretako kolaboratzaileek idatzitako kronikak, besteak beste.
«Ikertu ondoren, demostratu dugu mende eta erdi batez jende asko ahalegindu dela euskaraz bizitzen eta euskaraz idazten Iurretan»
JOSEBA SARRIONANDIA Idazlea
Pertsona batzuk hainbatetan agertzen dira liburuan: esaterako, Emiliano Zuazo. Haren izena 72. orrialdean aipatzen da lehenengoz. Izan ere, Pantxike Galarzak kontatutako Ahuntzek eta otsue ipuinaren ilustrazioa Zuazok egindako margolan bat da: Eskubaratz, Mugarra eta Durango Amatzako ikuspegitik. Ilustrazioaren azpian atzamar bat ageri da, 264 zenbakia erakusten. Orrialde horretan bukatzen dira Juan Bixente Gallastegi abadearen autobiografiaren aukeratutako pasarteak, Zuazoren beste koadro batekin: Garia batzen. Eta han, beste atzamar batek 217. orrialdera joatera gonbidatzen du irakurlea. Izan ere, Karmelo Cedrun Athleticeko atezain izandakoaren kontakizunen artean, kontatzen da Mirandes futbol taldean bazegoela atezain bat, inguruko mito baten arabera eskuan hamazortzi arrautza sartzen zitzaizkiona. Zuazo zen atezain hura, margolari izatez gain lanbide hori ere izan zuen eta. «Halako hari sistema bat sortu dugu liburu osoan. Istorio bitxiak daude, eta liburuko leku batetik bestera eramaten dute irakurlea», adierazi du Sarrionandiak.