Bilboko itsasadarraren bi aldeak ibai azpitik lotzeko autobidearen kontrako aldarriek Estrasburgon (Frantzia) izan dute oihartzuna. Izan ere, Europako Parlamentuak tramiterako onartu du Getxoko Plentzia Hiria inguruko bizilagun baten eskaera: auzokideak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio proiektua berriz aztertzeko, uste baitu ez dela mugikortasunaren eta garraioaren plangintza integralik egin Bilboko metropoli eremuan. Europako Parlamentuak kontsultarako eta eskaerarekin bat egiteko epea ireki du, eta horrek beste herritar eta erakunde batzuei aukera emango die proiektuari buruzko kezkak adierazteko. Hala, Subflubialari Ez plataformak eskaerarekin bat egitera deitu ditu bizkaitarrak. Aukeretako bat da, beraz, prozesua bukatzean Getxoko Plentzia Hiria inguruko herritar hark aldundiari egindako eskaera babestea Europako Parlamentuak.
Foru gobernua proiektua onartzear dela eman du erabakiaren berri Europako Parlamentuak. Besteak beste, Getxo, Leioa, Sopela, Sestao eta Portugaleteko herritarrei obrek ingurumenean izango duten eraginari buruzko informazio gardena ematea eskatu du Plentzia Hiriko auzokideak. Izan ere, Hodei Rodriguez Subflubialari Ez plataformako kideak gogoratu duenez, aldundiak berak aitortu zuen 2048rako autoaren erabilera %33ra igoko dela, ingurumen inpaktuaren lehenengo adierazpenean. Orain, txosten horren berrikuspena egin behar izan du foru erakundeak.
«Europa mailan, trantsizio ekologikoa, berotegi efektuko gasen isurien murrizketa eta beste garraio eredu batzuk sustatzen ari dira, eta proiektu honek guztiz kontrakoa bultzatzen du; kutsadura eta ibilgailu pribatuen erabilera, alegia»
HODEI RODRIGUEZSubflubialari Ez plataformako kidea
Aitzitik, «itsasadar azpiko tunelaren bitartez ibilgailuen trafikoa handitu egingo litzateke, eta berotegi efektuko gasen emisioak eta zarata areagotu», Rodriguezek ohartarazi duenez. Azpiegiturak berak ez ezik, hori eraikitzeko lanek ere «kalte handiak» eragingo lituzkete. Tartean, Leioako Artatza-Romo institutuan eta ondoan dagoen parkean. Hezkuntza zentroari dagokionez, proiektuak aurrera egingo balu, obrek zati handi bat kenduko liokete ikastetxe horri. «Lanak amaituta, bertako ikasleek eta langileek zarata eta gas kutsagarriak jasan beharko lituzkete. Hartara, Artatza-Romo institutuaren biziraupena arriskuan jarriko luke zazpi urteko obra erraldoi honek», deitoratu du Subflubialari Ez taldeko kideak. Horretaz gain, institutuaren aurrean dagoen Getxoko Romo eskolako ikasle, irakasle eta langileek ere «kutsadura eta zarataren eragina» sufrituko lukete.
Egitasmorako 600 milioi euro inguru inbertituko dituzte, eta, horietatik, 200 milioi eurora arteko mailegua emango du Europako Inbertsio Bankuak. Hori dela eta, Subflubialari Ez taldeak «premiazkotzat» jotzen du auzia Estrasburgora iritsi izanak. «Ez dauka zentzurik diru publikoa horrelako azpiegitura suntsitzaile bat eraikitzeko erabiltzeak; ez bizkaitarren dirua, ezta europar guztiena ere. Zenbat eta erakunde gehiagotara jo, hobe», esan du Rodriguezek. Gainera, plataformako eledunak uste du azpiegitura berria ez datorrela bat Europako Batasunaren «gaur egungo» irizpideekin. Nabarmendu duenez, «Europa mailan, trantsizio ekologikoa, berotegi efektuko gasen isurien murrizketa eta beste garraio eredu batzuk sustatzen ari dira, eta proiektu honek guztiz kontrakoa bultzatzen du; kutsadura eta ibilgailu pribatuen erabilera, alegia».
Aldundiari eskaera
Europako Parlamentuak hartutako erabakia aintzat hartu eta «hausnartzeko tartea hartzeko» eskatu dio Hodei Rodriguez Subflubialari Ez plataformako kideak Bizkaiko Foru Aldundiari. «Gero eta leku gehiagotan entzuten ari dira itsasadar azpiko autobidearen kontrako ahotsak. Proiektu hau bertan behera utz dezatela eskatzen diegu, behingoz garraioaren planifikazioa egin, garraio publikoa indartu eta autoaren erabilera murrizteko neurriak har ditzaten».
Carlos Alzaga Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak ez du Estrasburgotik iritsitako berriei buruzko adierazpenik egin nahi izan. Hala ere, aldundiko iturriek Bizkaiko Hitza-ri esan diote foru erakundeak proiektu honen inguruko iritzi guztiak «errespetatzen» dituela, «alde edo kontra egon». «Oso serio hartzen ditugu ingurumen txostenak. Horren erakusle da herritarren zenbait ekarpen entzun, baloratu eta gehitu dizkiogula proiektuari».
Aldundiko iturriek hilabete hasieran ezagutzera eman zutenez, hurrengo asteetan onartu nahi dute Bilboko itsasadarraren bi aldeak ibai azpitik lotzeko autobidearen proiektua. Dena den, diputazioak orain arte egindako aurreikuspenak ez dira bete. Errepidea noiz zabalduko duten ere ez dago argi. Obrak urte amaieran hasiko lituzkete, uda aurretik lizitatu ondoren. Alzaga Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuaren arabera, «sei edo zazpi» urte beharko dira Getxotik Sestaorako tunela egiteko, hasieran bost urteren buruan eraiki nahi zuten arren.
APIRILAREN 4AN GIZA KATEA
Subflubialari Ez herri plataformak adierazitakoaren arabera, Leioako Artatza-Romo institutua izango da itsasadar azpiko errepideak eta berau egiteko lanek gehien kaltetuko duten inguruetako bat. Hori dela eta, hurrengo hilabeteetarako aurreikusitako ekimenen artean, apirilaren 4an, ostiralez, giza katea egingo dute hezkuntza zentro haren aurrean. Hitzordua 18:00etan jarri dute. Horrez gain, iazko irailaren 21ean eta 22an Leioako Artatza parkean egin zuten kanpaldiak izan zuen arrakasta ikusita, ekainaren 14an berriro egitea aurreikusi dute.