Bilboren argazkirik antzinakoena ei da: Plaza Zaharra zenaren irudi bat, Martzana kaitik ateratakoa, 1856an. Bilbo da, dudarik gabe, identifikagarriak baitira San Anton eliza eta aldameneko etxeetako arkupeak; baina bestelako Bilbo baten traza ere badauka, hala ere: desagertu den Bilbo bat dirudi, hain justu garai hartako udaletxea ageri delako —aspaldi eraitsia—, eta Erriberako merkatua estalpe luze bat zelako artean, ez gaur egungo eraikin mardula.
Iñigo Lopez Simon historialariak bazuen argazki horren berri, baina Bilboko Udal Artxiboaren bitartez eskuratu du dokumentua. Bai irudi hori, baita beste mordo bat ere. Hiriaren argazki historikoekin Desagertutako Bilbo (Efados, 2024) liburua ondu du, eta ezinbestekoa izan zaio udal artxiboa, handik atera baititu lanean jasotako irudirik gehienak. Hiriko udaletxean dago artxiboa. Historialariak 2011tik du harremana harekin, Historia Garaikideko masterreko bukaerako lana egiten ari zenetik, eta bilduma horretatik elikatu dira gerora ondu dituen beste argitalpenak ere.
Kasu baterako, Lopezen Bilboko etxola batean lana (Elkar, 2021). 1960ko eta 1970eko hamarkadetako gazte delinkuentzia ikertzen ari zela, artxibategiko beharginek dokumentu berezi bat erakutsi zioten: Bilboko etxolen errolda, 1955. urtekoa. Dokumentuan zerrendatuta daude orduko hartan hirian zeuden etxola guztiak, auzoz auzo; esplikatuta dago zein materialekin zeuden eraikiak, nor bizi zen haietan, nondik etorri ziren eta zenbat urterekin, zertan egiten zuten lan, eta zehaztuta dago, orobat, ea bizilagunak kartzelan edo psikiatrikoan zeuden. «Orduan konturatu nintzen artxiboaren garrantziaz», oroitu du Lopezek. Eta hori dela-eta aurkeztu du han Desagertutako Bilbo: aitortza egiteko, nagusiki.
Artxibozainen lanari eta memoriari esker eskuratu zuen errolda hura, eta erraz imajina liteke gisa bereko beste hainbat ustekabe egongo direla gordeta artxiboan, ikerlari batek edo beste herritarren batek deskubritzeko zain. Izan ere, ibilbide historiko bat erakusten dute udal artxiboko gelek, artxibategi fisiko eta digitaletan jasota dauzkaten dokumentuei erreparatu beharrik gabe ere. Altzari hutsek iradokitzen baitute instituzioa antzinakoa eta heterogeneoa dela, eta dokumentuek berresten baitute lehen begi kolpean ateratako ondorioa. Egurrezko eskailera kiribildu batetik heltzen den balkoi antzeko eremu batean, horiztatutako aktaz lepo daude apalategiak. Eta ehun urte baino gehiagoko altzari originaletan dituzte bilduak errolden indizeak, dokumentuek arnasa har dezaten propio zulatutako atedun armairu berde ikusgarrietan.
Galdutakoaren lekukoak
Espediente, plano, erregistro, bando, kartel eta Bilboz diharduten beste dokumentu askori ematen die aterpe. Baita argazki andana bati ere. Almudena Toribio Rey artxiboko arduradunak xehatu duenez, bost iturritatik elikatzen dute bilduma fotografikoa. Udalak eginarazten dituen argazki guztiak gordetzen dituzte. Esate baterako, 1947an, udalak erabaki zuen Bilbon zeuden eskola denen dokumentu grafikoak sortzea, eta Casa Amadoko argazkilariei enkargatu zien beharra. Kasurako, bilduma horretakoa da Errekaldeberriko ikastetxearen argazkia. Eraikina desagertua dago jada.
Arbasoen errolda
Argazki zaharrek duten erakarmen indarra gorabehera, beste dokumentu mota batzuen arrastoan ere joaten dira batzuk Bilboko Udal Artxibora. Genealogistek edo arbasoren baten agiriak behar dituzten erabiltzaileek, adibidez, errolda historikoak dauzkate begiz jota. Iratxe Gimenez artxiboko beharginak esplikatu duenez, 1900. urtetik honako errolden indizeak gordetzen dituzte Bilboko artxiboan, eta Mungian jagoten dira lehenago ondutakoak, baita errolda liburu mardulak ere.
Informazio pila bat lor liteke indize eta liburu horiei esker, Gimenezen arabera. Herritarren izen-abizenak, jaiotza urtea eta helbidea daude indizeetan, eta, batzuetan, baita ogibidea ere. Eta bistakoa da dokumentuon kutsu historikoa, hala nola eskuz idatzita daudelako datuak, eta beste garai bateko terminoak ageri direlako: emakume batzuen deituren ondoan, etxekoandreak zirela dago jasota s.l. inizialekin; hau da, sus labores.
Liburuak xeheagoak dira. 1924ko ale bat daukate artxiboan. Etxebizitza eraikin bakoitzean horrelako bat lagatzen zen, eta apuntatu egiten zen nor bizi zen helbide horretan —senarra, emaztea, seme-alabak eta zerbitzuko jendea, baldin bazegoen—, baita soldata ere: «Hiru pezeta euririk egiten ez duenean», adibidez, artxibozainak gogoratu duenez.
Maileguen bidez ere ailegatzen zaizkie argazkiak. Garai hartako Bilboko Udal Aurrezki Kutxak beste enkargu bat egin zuen 1930eko hamarkadan, bere gizarte ekintzaren barruan zeuden proiektu eta eraikinen irudiak lortzeko. Liburuxka maiztu batean bildu zituzten eraikin bakoitzari zegozkionak. Indautxuko txalet batean zegoen Montepio klinikako eszenetako batzuk erakutsi ditu Toribiok. Xehetasun handiz ageri dira gelak, komunak, X izpien aretoak... «Islatuta daude garai hartan egon ziren osasun garapenak», Toribioren esanetan.
Egileak edo jagoleak hil eta gero eskuratzen dituzte beste batzuk. Ricardo Bastida arkitektoak, adibidez, udal artxiboari oinordetzan eman zizkion bere planoak eta argazkiak. Hark hartutako irudietan ere ageri da Bilbo den baina era berean ez den hiri bat. Bastidarena da BBVAren Kale Nagusiko egoitzaren eraikina, inspirazio grekoko zutabe eta eskulturaz hornitutakoa. Orduko bera da fatxada. Toribioren arabera, ordea, behialako oparotasuna beharrean, gatz bako sukurtsal bat dago barruan orain. «Begira zelako luxua, zer-nolako kupulak zituen... Argazkilaritzak balio digu desagertutako Bilbo hura berreskuratzeko. Hori da argazkilaritzaren magia».
Familiak eta beste
Beste batzuetan, ez dute dokumentu originala jagoten, haren kopia digitalizatu bat baizik, egileek ez diotelako euskarri fisikoari uko egin nahi izaten. Hala gordetzen dituzte garai batean Bilboko arte eta ofizioen eskola izan zen Emilio Campuzano zentroaren argazki historikoak —Bastidak diseinatua hura ere—.
Eta beste bide bat ere badago: dokumentuak erostea. Bilboko FOAT airetik ateratako argazkien enpresaren 3.000 negatibo inguru bereganatu zituen udalak orain urte batzuk. Horiei esker ikus daiteke nolakoa zen Alondegiaren sabaia berriztatu aurretik, zer itxura zuen San Ignazio auzo eraikitzen hasi berriak 1959an, edo 1965 inguruko Txurdinagak. Karlistaldietako argazki batzuk ere bide horretatik lortu dituzte: 1874ko bat proiektatu du Toribiok, non San Nikolas jauregia ikus daitekeen, eta haren leihoak ganadu larruz estalita, kristalek eztanda egin zezaten eragozteko.
Dena den, bi norabideko harremana da. Hori aldarrikatu dute bai Toribiok, baita Iratxe Gimenez artxibozainak ere: bat datoz eduki horrek guztiak hartzaileak behar dituela nahitaez. Alde batetik, dokumentuak gizarteratzeko, baina, beste alde batetik, erabiltzaileek argazki berriak ere eramaten dizkietelako, edo beste iturri batzuen berri ematen dietelako, edo xehetasunak gehitzen dizkietelako argazkiei. Haien ekarpenak oparitzat jo ditu Gimenezek, eta ez du adibiderik falta: pertsona jakin bat txarto identifikatuta dagoela jakinarazi diete inoiz, edo ikerlari baten kontsultak lagundu die oharkabean igarotako detaileren bati erreparatzen.
Bitxikeriak ere erdietsi dituzte horrela. Sarri joaten den ikerlari batek bere osabaren argazki bat eraman zien behin: Txinan ateratakoa da, 1919an, eta Eulogio Bengoa eta Hilario Arrieta misiolariak ageri dira, Txinako arropa jantzita. Era berean, esparru pribatuko makina bat eszena eskuratu dituzte donazioen bitartez: familia argazki bat etxeko atarian, lagun kuadrilla bat mendian, anai-arreben eta lehengusu-lehengusinen ilara luze bat hondartzan, eta aspaldiko garaietako ileak, jantziak, ospakizunak... Irudien bitartez berreskuratutako Bilbo.