Iragana oroitzeko osterak

Lurraldeko historia eta ondarea ezagutzeko, Ibilbide Historikoak egitasmoa antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Zortzi ibilbide prestatu dituzte, eta hainbat eremutan egon ziren herrixken aztarnak eta hileta ohiturak ezagutu ahalko dituzte bisitariek.

Ereñozargo San Migel ermita eta gazteluaren aztarnak. Atzean, Urdaibaiko padurak. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ereñozarko San Migel ermita eta gazteluaren aztarnak. Atzean, Urdaibaiko padurak. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

Esaten dute etorkizuna eraikitzeko beharrezkoa dela iraganaren berri jakitea, eta, hori lortzeko bidean, Ibilbide Historikoakegitasmoa antolatu du beste urte batez Bizkaiko Foru Aldundiak. Asier Madarieta BizkaiKOA erakundeko presidentearen arabera, aukera ematen dute egunerokoan ikusgai ez dauden lekuak «bertatik bertara» ezagutzeko. Hamalaugarrenez egin dute aurten, eta lurraldeko kultura, historia eta turismoa uztartzea du helburu. 

Zortzi ibilbide antolatu dituzte denera, hiru taldetan banatuta. Ekainean abiatu zuten programa, burdinoletako bisitekin. Barbadun eta Lea ibaietako ur bazterretatik igaro zen ibilaldia, eta Madarietak nabarmendu duenez, harrena ona izan zuten bi ibilaldiek.

Uztailean eta abuztuan, berriz, ibilbide arkeologikoak egiteko aukera izango dute izena ematen duten horiek. Urdaibaiko biosferan izango dira ostera horiek guztiak. «Neolito garaian hasi, eta Erdi Arora arte bidaiatzeko aukera izango dute bisitariek: 5.000 urteko historia ezagutu ahal izango da, bost bisitari esker», adierazi du Madarietak.

Zinen bidearekin amaituko da Ibilbide Historikoak egitasmoa, irailean. «Bizkaiko jaunak foruen zina egiten zuen lekuetatik eta monumentuetatik igaroko da ibilbidea», azaldu du Madarietak. Hiru etapa izango ditu, eta bi eratara egin ahalko da: oinez hiru egunean —irailaren 13tik 15era—, edo autobusez egun bakarrean —irailaren 20an, 21ean edo 22an—. Bilbotik Larrabetzura joango dira lehendabizi, handik Gernika-Lumora igaro, eta azken etapan Bermeora iritsiko dira.

Ibilbideetan parte hartzeko Bizkaikoa.bizkaia.eus atarian eman daiteke izena: 688-85 66 89 telefono zenbakira deituta edo [email protected] helbidera idatzita. Hala ere, Madarietak azpimarratu du ez dutela masifikaziorik nahi bisitatuko diren tokietan, «zaintza eta jasangarritasuna» bermatzeko: «Ibilaldiak talde txikietan egingo dira».

Zortzi ibilbideak BizkaiKOAk kudeatzen dituen museoen laguntzekin diseinatu dira. Muskizko El Pobaleko burdinolak, Gernika-Lumoko Euskal Herria museoak eta Bilboko Arkeologia Museoak parte hartu dute.

Hauek dira uztailean eta abuztuan bisitatu ahalko diren lekuak:

1

Tribisburuko nekropolia (Bermeo)

Arbasoek K.o. I. eta III. mendeen artean erabili zuten Busturia eta Bermeo arteko Tribisburuko nekropolia, Sollube mendiaren tontorretik gertu. Hainbat hileta egiturak osatzen dute aztarnategia, eta, horietako bakoitzean, hildakoaren errautsak eta objektu pertsonalak sartzen zituzten; azken horiek ere, erraustuta. Gorpua egurrez piztutako suarekin errausten zuten, haren objektu pertsonalekin eta hurbilekoek egindako eskaintzekin batera.

(ID_17210469787675) Tribisburu
Bermeoko Tribisburuko nekropolia, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

2

Katillotxuko estazio megalitikoa (Busturia, Sukarrieta, Mundaka)

Katillotxuko estazio megalitikoan, Urdaibaiko trikuharriak eta tumuluak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Bisitaren bitartez, historiaurreko hileta ohituren eta errituen berri izateko aukera izango dute izena ematen dutenek.

3

Foruko herrixka erromatarra

Foruko bisitan erakutsiko da nola bizi ziren erromatarrak Busturialdean Kristo ondorengo I. mendetik V.era. 2012ra arte egindako indusketek agerian utzi dute hamalau eraikin izan zirela guztira; askotarikoak bai motari eta bai erabilerari dagokienez. Etxolez eta etxeez gain, jarduera ekonomikoaren erakusgarri diren bestelako elementuak ere aurkitu zituzten: burdina urtzeko labe metalurgiko asko, eta hainbat burdinola. Lanabesak, armak eta metalezko barrak lantzeko erabiltzen zituzten horiek guztiak. Bisitariek erromatarren garaiko Foruko herrixkaren irudi «oso erreal» bat jasoko dute, tableta baten bidez eta errealitate birtualaren laguntzaz, eta, horrez gainera, Tourseko San Martin eliza bisitatzeko aukera ere izango dute. Elizaren azpian, erromatarren garaiko nekropolien aztarnak daude, besteak beste.

FORUKO HERRIXKA ERROMATARRA
Foruko herrixka erromatarraren aztarnak, artxiboko argazki batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

4

Ereñozarko gaztelua

Bisitariek Ereñozarko San Migel eremita dagoen gailurra bisitatuko dute. Erdi Arokotik gaur egun arteko sekuentzia historikoa gordetzen du inguru horrek: XI. mendearen hasieratik XIII.era arte, gaztelu bat egon zen tontorrean, baina XIV. mendean ereñarrek euren eliza nagusia eraiki zuten leku hartan, eta hildakoak ere han ehortzi zituzten, harik eta XVI.ean Elizaldeko San Migel parrokia eraiki zuten arte. Gaur egungo San Migel ermita XIX. mendean eraiki zuten. 1980ko hamarkadan berritu zuten azkenekoz, 1978an leherketa batek eraikina suntsitu ondoren.

5

Arrolako 'oppidum'-a (Arratzu, Nabarniz, Mendata)

Arrolako oppidum-a 534 metroko garaieran dago, eta Arrola mendiaren gain osoa hartzen du. Bigarren Burdin Aroko herrixka gotortu bat da. K.a. IV. mendetik —erromatarrak iritsi baino hainbat mende lehenago— K.o. I. mendera arte okupatuta egon zen. Zortzi hektareako gunea babesten duen hesi handi batek inguratzen zuen gotortutako herrixka. Bestalde, kanpoaldean, babeserako beste bost hektareako esparru bat ere bazuen. Bisita birtualaren bitartez irudikatuko dute bisitariek orduko herrixka.

(ID_14079100) ARROLAKO OPPIDUMA
Arrolako oppidum-a, artxiboko irudi batean. LEA-ARTIBAI ETA BUSTURIALDEKO HITZA

Bertan izan zen bizimoduari buruzko ezagutza osatzeko, Arrolagune interpretazio zentroa ere bisitatuko dute izena ematen dutenek: herrixkaren historia eta kulturaren alderik aipagarrienak azalduko dizkiete bertan. Garai hartako etxolak zer-nolakoak ziren ikusiko dute bisitariek, eta, horrekin batera, eguneroko lanabesak ere bai: zeramikak eta bestelako tresnak.

BISITAK EGUNEZ EGUN

Tribisburuko nekropolia. Uztailaren 21ean eta 25ean, eta abuztuaren 2an, 4an, 9an, 16an, 23an, 25ean eta 29an. Tren turistikoan izango dira bisitak, Bermeoko Cannon jatetxetik abiatuta, 10:30ean eta 16:30ean.

Katillotxuko estazio megalitikoa. Uztailaren 20an eta 27an, eta abuztuaren 8an eta 19an. Sukarrietako San Andres elizatik abiatuko dira bisitak, goizeko bederatzietan, oinez.

Foruko herrixka erromatarra. Uztailaren 24an, 26an eta 31n, eta abuztuaren 7an, 11n, 14an, 21ean, 24an, 26an eta 28an. Foruko udaletxean hasiko dira ibilaldiak, 10:30ean eta 16:30ean, oinez.

Ereñozarko gaztelua. Uztailaren 27an eta abuztuaren 1ean, 10ean, 15ean, 18an, 22an eta 30ean. Tren turistikoan egingo dituzte bisitak, Ereñoko plazatik hasita, 10:30ean eta 16:30ean.

Arrolako 'oppidum'-a. Uztailaren 19an, 21ean, 22an, 28an eta 29an, eta abuztuaren 3an, 5ean, 8an, 12an, 17an, 19an, 25ean eta 31n. Nabarnizko frontoian abiatuko dira ibilaldiak, 10:30ean eta 16:30ean, eta oinez zein tren turistikoan egin ahalko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.