Proposamena: 'Ardatza neurtuz' erakusketa

Industriaren inguruan hausnartzeko fabrika

Pascual Marin artistak industrializazioaren garaian egindako argazkiak oinarri hartuta, Tamara Garciak 'Ardatza neurtuz' erakusketa sortu du. Barakaldoko Orconeran dago ikusgai, ekainaren 29ra arte.

Tamara Garcia artistak prestatutako 'Ardatza neurtuz' erakusketa. Barakaldoko Orconera espazioan dago ikusgarri. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Tamara Garcia artistak prestatutako 'Ardatza neurtuz' erakusketa, Barakaldoko Orconeran. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
iraia vieira gil
2025eko apirilaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Hamabi emakume sortzaileren ikuspuntutik, industriaren eta industrian lan egindako gorputzen inguruan hausnartzeko askotariko obren multzoa da Ardatza neurtuz erakusketa». Hala esan du Tamara Garcia artista eta zinemagileak. Hain justu, duela hamar urte, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria ondareari balioa emateko proiektu bati ekin zion Eusko Jaurlaritzak, eta, hori osatzeko helburuz, industrializazioarekin lotutako erakusketa bat sortzea proposatu zion Kulturako eta Hizkuntza Politikako Sailak Garciari. Artistak argi izan zuen hasieratik zer mezu helarazi nahi zion publikoari. «Industrian lan egindako gorputzen neurrian jarri nahi nuen ardatza, eta, hortik abiatuta, ikusgaitasuna eman nahi nien zuriak eta gizonak ez ziren pertsonei». Barakaldoko Orconera gunean dago ikusgai Garciaren erakusketa; ekainaren 29ra arte egongo da zabalik. Sarrera doakoa da, baina bisitak aurretik erreserbatu behar dira. 

Erakusketari forma emateko, 1940ko hamarkadan Pascual Marin argazkilariak Euskal Herriko fabriketan ateratako irudiak izan ditu Garciak inspirazio iturri nagusi. «Industrializazioak ekarritako teknologiari eta makinei argazkiak atera zizkien Marinek. Tresneriaren konplexutasuna zehaztasunez erakutsi ahal izateko, oihal zuri bat jartzen zuen makinen atzealdean, eta fabriketako langileei eskatzen zien horri eusteko», kontatu du artistak. «Ondoren, postprodukzio fasean, pintura zuria erabiltzen zuen langileak argazkietatik ezabatzeko». Marini ez bezala, behargin horiek interesatzen zaizkio Garciari, «gorputz» horiek. «Gehienbat, instituzioek eraikitako kontakizunetatik jaso dugu industrializazioaren historia, eta industriak ekarritako teknologiaren berri eman digute, besterik ez. Garai hartan, ordea, emakumeek, haurdunek, umeek eta zaharrek ere lan egiten zuten fabriketan».

Alde horretatik, Garciak ziurtatu du industrializazio garaiko emakumeek egindako ekarpenak ondaretik ezabatu dituztela, eta horregatik erabaki du, hain zuzen, emakumeak diren beste hamabi sortzailerekin elkarlanean aritzea. «Soilik emakumeekin lan egitea erabaki kontzientea izan da. Alde batetik, garai hartako emakumeei ikusgaitasunik eman ez zietelako, eta, bestetik, industrializazioa gauzatzeko arrazoi nagusietako bat izan zirelako. Izan ere, etxeko lanak egiten zituzten, doan, familia osoa zainduz eta mantenduz, eta, ondoren, lanera joaten ziren, fabriketara», kontatu du Garciak. «Gainera, haurdunaldiek edo bestelako arrazoiek eraginda, lan egiteari utzi behar zioten, behartuta». Telefonican, esaterako, ezkondu gabe zeuden emakumeek besterik ezin zuten lan egin.

«Ekoizpen kate baterako pentsatuta dago Orconera, eta horrek asko esaten digu garai hartako lanaren inguruan. Baina lanaren kontzeptua azkar aldatu da azken urteotan»

TAMARA GARCIA Artista eta zinemagilea

Sortzaileei dagokienez, Estibaliz Sadabak, Leire Muñizek, Matilde Veigasek, Mafalda Salgueirok, Eva G. Herrerok, Nuria Cubasek, Ainara Elgoibarrek, Susana Blascok, Sandra Cuestak, Ainhoa Resanok, Isabel Fernandez Reviriegok eta Bego Antonek hartu dute parte erakusketan, eta nahi izan dutena sortzeko «askatasun osoa» izan dute, Garciak dioenez. «Sortzaileetako batzuek aldez aurretik eratutako lanak erabili dituzte Ardatza neurtuz erakusketarako, eta beste batzuek, berriz, zeozer berria sortu dute». Orconera eremuko fabrika itxurarekin eta instalazio erraldoiekin bat egiten dute diseinu guztiek: «Erakusketako obra gehienak eraikinarekin bat egiten duten ikus-entzunezko lanak dira; argazkiak eta bideoak, gehienbat».

Fabrikaren handitasunean murgildu dituzte artelanak, eta espazio txukun bihurtu dute. «Halako espazio handi batean nolabaiteko intimitatea sortzen saiatu gara, eta industrian lan egin zuten gorputzen tamainaren eta garai hartan eraman behar izan zituzten kargen inguruko hausnarketa gune bat sortu nahi izan dugu». Pozik daude lortutako emaitzarekin, Garciak aitortu duenez.

Egungo lanaren irudikapen

Barakaldoko gunea pentsamendu horiek sorrarazteko toki «bikaina» da artistarentzat. «Ume batek margotuko lukeen fabrika baten itxura bera du: tximiniak, teilatua... Eta, gainera, historikoki duen esanahia ere esanguratsua da». Lutxana auzoan dago Orconera fabrika; XX. mendean industriaren epizentroa izandako auzoetako batean, zehazki. «Oso eraikin harrigarria da. Giza gorputzaren eta industriako tresneriaren arteko eskala desberdintasunak erraz antzeman daitezke bertan». Arte sortzailea dela eta, eremuaren nolakotasuna da Garciari gehien gustatu zaiona: «Ekoizpen kate baterako pentsatuta dago, eta horrek asko esaten digu garai hartako lanaren inguruan. Baina lanaren kontzeptua azkar aldatu da azken urteotan».

'Ardatza neurtuz' erakusketako obretako bat. Barakaldoko Orconera espazioan dago ikusgarri. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
'Ardatza neurtuz' erakusketako obretako bat, Barakaldoko Orconeran. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Iraganean jazotako industrializazio prozesuak era kritikoan erakusteaz gainera, gaur egungo lanaren kontzeptua ere hizpide du Garciak hautatutako obra bildumak. «Aurreko belaunaldiek lanaren inguruan zuten pertzepzioa oso desberdina zen», azpimarratu du artistak. «Gaur egun, soldatetatik haratago, lanean sortzen dugun identitateak ere garrantzi handia du. Egunero egin beharko genuke horren inguruko hausnarketa». Haren ustetan, egungo ofizioek ez dituzte langileak definitzen industrializazio garaian bezala. «Lehen, behintzat, norberaren hazkunde ekonomikoa sustatzeko esperantza zuten. Hau da, lan egin ahala, etxe bat, auto bat edo dena delakoa erosteko behar beste diru lortzekoa. Uste dut gaur egun ez dela horrela. Lana ez da kontatu ziguten hori».

Langileen eskubideak, norberaren ofizioa aukeratzeko jarraibideak, soldatak... Dena aldatu da, eta Garciak ez du zalantzarik horrek ondorio ezkorrak dituela: «Jende askok behar baino gutxiago kobratzen du orain; orduak eta orduak lan egiten dituzte batzuek, baina bizitzeko diru nahikorik ez dute lortzen; eta gutxieneko soldata jasotzen duten langile gehienek ez dute bizitza behar bezala bizitzeko irabazi nahikorik jasotzen». Eta kezka horiek, ezinbestean, eguneroko eztabaidagai bihurtu dira artistarentzat. «Egunero galdetzen diozu zeure buruari lan egitea zer demontre den, eta zenbat lan egin beharko zenukeen, ez ekonomikoki hazteko, baizik eta gutxienekoarekin bizirik irauteko». Alde horretatik, langileen eskubideetan atzerapauso handiak izan direla direla uste du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.