Andereño ohia

Seberi Mardaras: «Ikastoletan lan handia egin dugu aurrera egiteko, baina ilusioa ez zaigu falta izan»

Bilboko eta Mungiako ikastoletako lehen andereñoetakoa izan da Seberi Mardaras. Atxilotu ere egin zuten, Euskal Herriko mapa bat izateagatik. Euskararen aldeko kontzientzia galdu dela uste du, orain ez baita erabiltzen, nahiz eta jakin.

2023-11-20, Bilbo. Severi Mardaras
ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2023ko azaroaren 27a
05:00
Entzun

Labayru fundazioak Ikastolak loran, mila koloretan proiektua aurkeztu zuen azaroaren 16an. Bilboko lehen ikastolen historia bildu dute liburu eta ikus-entzunezko banatan. Lehen andereño haietako bat izan zen Seberi Mardaras (Mungia, 1932). Gero, Mungiako Larramendi ikastolan ere ibili zen, erretiroa hartu zuen arte. Martitzenean, 91 urte bete zituen, eta Mungiako lankide izandako andereñoekin Morgan bazkalduta ospatu zuen. Bezperan, Bizkaiko Hitza-rekin egin zuen berba, Bilbon, bere etxean.

Bilboko lehen ikastola Areatzako San Nikolas elizan sortu zen. Zu geroago hasi zinen andereño, Iralabarriko frantziskotarrenean zeudenean. Zelan ailegatu zinen ikastolara?

San Nikolasen hasi zen, Maria Angeles Garai eta Agurtzane Alberdi andereñoekin. Iralabarrira etorri ziren gero, eta handituz joan zen. Andereño batek utzi zuelako hasi nintzen ni. Ez dut urtea gogoratzen. Irakasle ikasketak egin nituen, baina etxeko euskara baino ez nekien. Xabier Peñak lagundu zidan euskararekin. Tolosarra zen. Ez dut pertsona hoberik ezagutu. Behin inspektorea etorri zen. Ikusi zuen umeetako batek zuen liburuan Euskal Herriko herrialde guztiak agertzen zirela, Frantzia aldekoak ere bai. Ikastola zarratu ziguten, eta Gobernu Zibilera eroan gintuzten. Han egon ginen goizaldera arte, kriminalak bagina legez, lau andereñoak eta Sabin Zubiri. Zubiri eta andereñoetako bat, Estibaliz Lopez de Guereño, kartzelara eroan zituzten; ez ziren luzaroan egon, baina preso egon ziren.

Iralabarriko ikastola zarratutakoan, zelan moldatu zineten?

Pisuetan irakasten hasi ginen. Hainbatek utzi zizkiguten euren etxeak. Julia Berrojalbizen etxean denbora asko egin genuen, adibidez. Pepe Etxebarria Elkano garajeen ugazaba zen; etxez aldatu zirenean, aurreko etxea utzi ziguten. Han egingo genuen denbora gehien. Kontuz ibili behar izaten genuen, legez kanpo ibiltzen ginelako. Ezin genuen eskolarik eman etxe haietan. Baina oso onartuak izan ginen; jendeak asko babesten gintuen.

Zer irakasten zenuten?

Ume txikiak izaten ziren. Lehen jaunartzea egin arte egoten ziren gugaz; 7 urterekin egiten zen orduan. Gero Bilboko kolegioetara joaten ziren; batez ere, jesuitenera. Sasoi hura oso polita izan zen. Oroitzapen politak ditut. Ni ere gaztea nintzen, eta ilusioa nuen.

Legez kanpo egotea ez zen erraza izango, ezta?

Baimena bagenuen, baina katekesia emateko. Frantziskotarrenean egon ginenean, ustez, katekesia irakasten genuen, baina praktikan denetarik irakasten genuen. Mungian ere, Larrabetzuko abadea zegoen, nire senarraren herrikoa [Iñaki Zugazaga, medikua]. Abadea oso eskumakoa zen, baina nire senarrak konbentzitu zuen. Orduan ere eman ziguten baimena katekesia irakasteko zen. Ikastoletan lan handia egin dugu aurrera egiteko, baina ilusioa ez zaigu falta izan.

Bilboko lehen ikastola hark bere bidea egin zuen, baina zuk ez zenuen jarraitu. Zergatik?

Gero Elkanon izan zuen egoitza. Ordurako nik utzia nuen. Orain, [Loiuko] Lauro ikastola da haren ondorengoa. Ezkondu nintzenean, andereño lana utzi nuen. Mungiara joan ginen, nire senarra han zebilelako mediku. Lau seme-alaba izan genituen. Gero bosgarrena ere izan genuen, seme txikiena, baina ordurako Larramendin nenbilen lanean. Nire senarra izan zen Larramendi sortu zutenetako bat. Mungiako parrokian hasi zen. Andereño bat behar zuten, eta ni hasi nintzen. Larramendi ere asko handitu zen, eta txiki geratu zen parrokiako lokala. Lursail bat erosi zuten Belako auzoan, Gernikarako bidean. Txerri haztegi bat izan zen. Horregatik ikastola ez da eraikin bakar bat; hainbat pabiloik osatzen dute. Oso leku polita da. Han ibili nintzen jubilatu nintzen arte. 7-8 urteko umeekin ibili naiz beti.

Larramendin tokatu zitzaizun ikastolen publifikazio sasoia. Kooperatiba izaten jarraitzea erabaki zenuten. Zelan bizi izan zenuen?

Oso haserre. Politika sartu zen tartean, eta politikak askotan dena zikintzen du. Ni ez naiz inoiz txarto konpondu inorregaz politika kontuengatik, baina orduko giroa ez zitzaidan gustatu. Nik ez nuen publiko egin gura; kooperatiba izaten jarraitu gura nuen. Normalean, aldaketak ez zaizkit asko gustatzen.

«Frantziskotarrenean egon ginenean, ustez, katekesia irakasten genuen, baina praktikan denetarik irakasten genuen»

Mungiako Larrauri auzoan jaioa zara. Zelan gogoratzen duzu ume zineneko sasoia?

Txikitonekoa naiz ni. Ez nuen ezagutu, baina nire aitite oso altua ei zen. Txikito ipini zioten ezizena, eta, horregatik, gu gara txikitonekoak. Ni etxean jaio nintzen. Larrauriko eskolara ibili nintzen. Maistra frankista gogorra zen. Larrauriko parrokiara bidean badago txalet bat. Harentzat hartu zuen. Uste zuen frankista zenez bera zela ugazaba. Cara al sol kantatzen genuen egunero. Beste garai batzuk ziren. Baina, hala ere, ni zoriontsua nintzen.

36ko gerra ere bizi izan zenuen etxean.

Hau guztia josita daukat [ezkerreko belarria erakutsi du]. Eta hemen ere [ukondoa] ebakiondo hau dut. Italiarrak probak egiten ibili ziren, Sollubetik agertu ziren, eta bonbardatu egin gintuzten. Auzoko batzuk hil ziren: ama eta lau seme-alaba. Igual neure buruan metraila zatiren bat egongo da, eta nik jakin ez; auzoko bati beste kontu batengatik eskaner bat egin zioten, eta metraila topatu zioten.

Larrauritik Bilbora etorri zineten bizitzera. Zergatik?

Bai, etxe honetara. Aitak erosi zuen. Itsasgizona zen. Bilbora etorri ginen, han ez genuelako ikasten jarraitzeko aukerarik. Hemen, 12 urtera arte, mesedeetako mojen eskolan ibili nintzen. Gero, Urduñara bidali ninduten, marianisten ikastetxera. Mariaren Lagundia Juana de Lestonnacek sortu zuen, haiena izan zen Espainian sortu zen neskentzako lehen ikastetxea. Lestonnecen osaba Michel de Montaigne izan zen, Entseiuak lanaren idazlea. Irakurrita dituzu? Oso demokrata zen bere garairako. Urduñako hura klausurako komentua zen, eta ikasleok ere ezin ginen handik irten. Urrian-edo joaten ginen, eta sanjoanak arte egoten ginen. Ez ginen irteten, ez Gabonetan, ez Aste Santuan. Urduñan hainbeste denbora igaro nuen, baina ez dut Urduña ezagutzen. Maistrak oso gogorrak ziren, zorrotzak. Baina zoriontsua izan nintzen han ere. Lagun onak egin nituen.

Avilara ere joan zinen, zerbitzu soziala egitera.

Titulua eskuratzeko edo pasaportea lortzeko ezinbestekoa zen. Jose Antonio Primo de Riveraren teoriak ikasten ziren han. Castillo de la Motara joan gura izan nuen, Valladolidera, baina ez zegoen lekurik, eta Navas del Marquesera joan behar izan nuen. Hamahiru neska egon ginen: bost ginen Bilbokoak, eta besteak Madrilgoak eta Bartzelonakoak. Ondoren ere, harremana mantendu nuen Bartzelonako neskekin. Aitak hilero zortzi bat egun egiten zituen Bartzelonan itsasontziarekin, eta, aitagaz joan eta gero, haienean geratzen nintzen. Falangekoak ere han zeuden, Avilan. Primo de Riveraren arreba [Pilar] etortzen zen, enbaxadoreen emazteak... Oso ondo jaten genuen, eta beste neskekin oso ondo pasatu nuen. Errieta ere egin ziguten, bihurriak ginelako. Hiru hilabete egin genituen, neguan: zenbat elur egin zuen!

Erretiroa hartutakoan itzuli zinen Bilbora?

Ez, Mungian jarraitu genuen. Senarra jubilatu zenean etorri ginen Mungiatik bueltan.

Aldaketa handia izan zen landa ingurutik hiriburura etortzea?

Lehen ere Bilbon bizitakoa naiz. Ondo bizi naiz hemen. Joaten naiz Larraurira, Gabonetan eta. Urtean bitan, Alacantera. Eta hemen ere ez naiz etxean egotekoa. Guggenheimeko bazkide naiz; baita OLBEkoa ere. Etxean nagoenean egunkaria irakurtzen dut, gurutzegramak eta sudokuak egiten ditut, mandalak margotu... Adinagaz memoria ez galtzeko oso garrantzitsua da burua aktibo edukitzea.

2018an, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Saria eman zien, besteak beste, Bizkaiko lehen ikastoletako andereñoei, tartean, Severi Mardarasi. Irudian, ezkerretiklehena, zutik. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA.
2018an, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Saria eman zien, besteak beste, Bizkaiko lehen ikastoletako andereñoei; tartean, Seberi Mardarasi. Irudian, ezkerretik lehena, zutik. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA.
Aldea egongo zen zuek izandako maistren eta zuen artean, ezta? Zu lanean ibili zaren urteetan ere asko aldatuko zen ofizioa.

Pila bat. Gogoan dut [Gipuzkoako] Getarian jesuitek zuten eraikin handi batera joan ginela metodologia berriak ikastera. Beti ibili gara gauza berriak ikasten. Dena aldatu da. Umeak ere bai. Gaurko gazteak heziketa eta errespetu barik ikusten ditut. Bilobei esaten diet errespetua ezinbestekoa dela, eta pertsona onak izateko. Beti dabiltza sakelako telefonoarekin.

Euskararen egoera ere aldatu da. Zelan ikusten duzu?

Andereño hasi nintzenean debekatuta zegoen. Orain, ume gehienek badakite, baina ez dute erabiltzen. Antza, errazagoa egiten zaie erdaraz egitea. Orain kontzientzia falta da. Nire senarrak dena egiten zuen euskaraz; etxean erdararik entzuten bazuen, «euskaraz!» egiten zien seme-alabei agiraka. Niri ere gertatzen zait: euskaraz ez dakiten lagun asko ditut Bilbon, erdaraz egiten dugu gure artean, eta konturatzen naiz euskaraz berba egiteko erraztasuna galdu dudala.

Motzean

Liburu bat? Lehen gehiago irakurtzen nuen; azkenaldian, gutxi. Irakurri dudan azkena Toti Martinez de Lezearena izan da.

Kanta bat? Mikel Laboaren Txoria txori.

Film bat? Gone with the Wind. Matxista dela diote orain, baina niri asko gustatzen zait.

Opera lan bat? Charles Gounoden Romeo et Juliette da ikusi dudan azkena, eta ez dut inoiz entzun hainbeste txalo. Datorren astelehenean [gaur] Gaetano Donizettiren L'Elisir D'amore ikustera joango naiz. Musika asko gustatzen zait. Esaten dute ez legokeela hainbeste gerra munduan jendeak musika gehiago entzungo balu.

Bidaia bat? Lehen egindakoetako bat errepikatuko nuke, agian. Ez naiz inoiz Afrikan eta Asian egon, eta joango nintzateke.

Artelan bat? Diego Velazquezen Meninak. Emozionatzen nau. Badirudi zeu ere sartu egingo zarela. Guggenheimeko bazkide naiz, eta Yayoi Kusamaren erakusketa asko gustatu zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.